Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Tapiak ekonomia zirkularra bultzatzeko ekodiseinuari buruzko araudi berria defendatu du EBko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan

2022-10-24
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak astelehen honetan Luxenburgon aurkeztu du Autonomia Erkidegoek produktu jasangarriei aplikatu beharreko diseinu ekologikoko esparru berri baten inguruan duten jarrera bateratua
  • Produktu batek bere bizi-ziklo osoan zehar izango dituen ingurumen-inpaktuen %80 diseinu-fasean finkatuta geratzen dira.

Astelehen honetan, Arantxa Tapia sailburuak Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan parte hartu du Luxenburgon, autonomia-erkidegoen izenean, Europako Araudiaren proposamenaren aurrean duten jarrerari buruz hitz egiteko. Araudi horren helburua, produktu jasangarriei aplikatu beharreko ingurumen-diseinuko baldintzak ezartzea da.

Europar Batasunak Europako egungo arauek ekoizpen eta kontsumo jasangarriari ez dietela behar bezala heltzen onartzen du, eta, horren ondorioz, estatu kideek gero eta arau dibergenteagoak dituzte produktuen jasangarritasunari buruz. Horrez gain, gaur egun produktuen diseinuak ez ditu kontuan hartzen bizi-zikloan zehar ematen diren ingurumen-inpaktuak, bereziki zirkulartasunarekin lotutako alderdiak. Hori dela eta, produktuak maiz ordezten eta deuseztatzen dira, eta horrek ekoizpenari, banaketari eta deuseztatzeari lotutako baliabide material eta energetiko asko kontsumitzea dakar.

Araudi berri honen proposamenaren helburua produktuek ingurumenaren gain eta gizartearen gain dituzten eragin negatiboak murriztea da, eta barne-merkatuaren funtzionamendua hobetzea ere. Besteak beste, hauek dira esparru berri honen helburuak:

  • Produktuen jasangarritasuna hobetzea;
  • Hornikuntza-katean, jasangarritasunari buruzko informazioa eskuratzeko aukera hobetzea;
  • Produktu eta negozio-eredu jasangarriagoak sustatzea;
  • Produktu jasangarrietarako lege-esparruaren aplikazioa hobetzea.

Araudi berriak, beraz, Europako eredu ekonomikoa ekonomia zirkularreko eredu bihurtu nahi du. Baina Europako barne-merkatuaren bateratzea eta funtzionamendu egokia bermatzeko, beharrezkoa da guztiena den arau multzo bat ezartzea, produktuei aplikatuko zaizkien betekizunak biltzen dituena, bai azken produktuetarako, bai osagaietarako eta tarteko produktuetarako, eta baita azken erabiltzaileei informazio fidagarria emateko betebeharra ere.

Esparru berriak biltzen dituen betekizunen helburua produktuen zirkulartasunarekin lotutako alderdiak hobetzea da. Horretarako, alderdi hauek estaliko dira: iraunkortasuna, berrerabilera, konpongarritasuna, mantentzeko eta berregokitzeko aukera, substantzia kezkagarrien presentzia, baliabideen erabileraren eraginkortasuna, eduki birziklatua, berriz fabrikatzeko eta birziklatzeko aukera edo aurreikusitako hondakinen sorrera.

"Produktu batek bere bizi-ziklo osoan zehar izango dituen ingurumen-inpaktuen %80 diseinu-fasean, konposizioan, konpongarritasunean eta iraunkortasunean finkatuta geratzen dira. Horregatik da garrantzitsua diseinuaren hasierako etapetatik jardutea, haren bizitza erabilgarria eta birziklapena luzatzeko”, azpimarratu du Tapia sailburuak hitzaldian.

Produktuaren pasaporte digitala

Ezinbestekoa da kontsumoa jasangarriagoa egitea, eta horretan funtsezkoa da informatzeko eta etiketatzeko nahitaezko betekizunak ezartzea, produktuaren pasaporte digital berriaren bidez. Produktuaren pasaporte digitala, bizi-ziklo osoan zeharko produktuaren jasangarritasunari buruzko informazioa eskuratzeko tresna nagusia da. Produktu baten errendimenduari eta substantzia kezkagarrien presentziari buruzko informazioa bilduko du, eta baita produktu bat instalatzeko edo erabiltzeko moduari eta ingurumen-inpaktuari buruzko kontsumitzaileentzako informazioa.

Europako Ingurumen Aztarnarena bezalako metodoek edo produktuaren ingurumen-errendimendu klaseak ezartzeak (adibidez, etiketetan Atik Gra mailakatzeak) produktuen arteko ingurumen-konparaketa egiten lagunduko diete kontsumitzaileei.

Tapiak Europar Batasuneko Kontseiluan aurkeztu duen autonomia erkidegoen jarrera bateratuak, besteak beste, honako hauen beharra nabarmentzen du:

  • Europako barne-merkatuaren bateratzea eta funtzionamendu egokia bermatzea, bidezkoak diren lehiakortasun-baldintzak ezarriz;
  • azken erabiltzaileei informazio fidagarria emateko betebeharra;
  • ingurumen-errendimendu okerrena duten produktuak merkatutik pixkanaka kenduz joatea, eta horrek hainbat onura ekarriko ditu, hala nola produktuen iraunkortasuna, fidagarritasuna eta konpongarritasuna hobetzea;
  • informazioa balio-kate osoko eragileen eskura jartzea, produktuaren pasaporte digitalaren bidez;
  • Araudian ezarritako betekizunak betetzen direla ziurtatzea, merkatua zainduz.

“Prozesu osoan funtsezkoa izango da enpresa-sare osoari laguntzea, bereziki enpresa txiki eta ertainei, guztiek aurre egin ahal izan diezaieten proposatutako betekizun berriek eskatuko dituzten aldaketei. Ekoizpen jasangarriagoa erabiltzen duten enpresek EBko merkatu-kuota handiagoa lortuko dute eta haien lehiakortasuna handituko dute”, nabarmendu du Tapiak bere hitzaldian.

Sailburuak erosketa eta kontratazio publikoari buruz ere hitz egin du: “administrazio publikoak garen aldetik, eredugarriak izan behar dugu kontratazio publiko ekologikoaren esparruan. Eta horretarako, jarraibide komunak izatea beharrezkoa da”.

Hain zuzen ere, Europatik datozen zuzentarau berriak eta ekonomia zirkularrean Euskadik egindako aurrerapenak izango dira Basque Zirkular Summit-en ardatz nagusietako bat. Europako hegoaldeko ekonomia zirkularrari eta ekodiseinuari buruzko hitzordurik garrantzitsuena da hau, eta Ficobako erakustazokan 500 aditu baino gehiago biltzea aurreikusten du, azaroaren 23tik 25era. Informazio gehiago: https://basquecircularsummit.eus/.

 

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2022-10-24

    adibide soilean norbaitek piezak botatzen ditu, baita azkoinak eta zirrindolak ere, eta dendan erostera doanak ez du bere burua askaturik saltzen, dagokion hondakinaren arabera.

  • Argazkia Xaver
    2022-10-24

    en el simple ejemplo alguien desecha piezas, incluso tuercas y arandelas y haya quien vaya a comprar a tienda no se vendieran sueltas para un pequeño arreglo con el desperdicio correspondiente

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)