Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Errioxako Gobernuak Arabako Errioxako eta Nafarroako pazienteei arreta espezializatua ez emateko hartutako erabakiak kinka larrian jartzen du Osasun Sistema Nazionala

2011.eko azaroak 11

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak ez du diru-ordainik ordaindu nahi, Euskadik ere eskaintzen baitie osasun-arreta modu desinteresatuan Kantabriako, Burgoseko, Nafarroako eta Errioxako 14.000 bizilaguni.

Historikoki eta gertutasun geografikoagatik, Arabako Errioxako herritarren parte bati Errioxako osasun-profesionalek ematen die arreta espezializatua, zehazki eta duela hainbat urtetatik, Logroñoko San Pedro Ospitalean. INSALUDen garaitik, eremu horretako udalerrietako jendea Logroñoko espezialisten kupoetara atxikita zegoen ofizialki, eta hala jarraitu du autonomia-erkidegoei osasun-transferentziak egin eta gero ere.

Irail honetan, ordea, Errioxako Gobernuak, Euskadiko osasun-arloko agintariei, pazienteei eta eremu horretako profesionalei aurretik ezer esan gabe, gerarazi egin zituen Arabako Errioxako lehen mailako arretako medikuek eskatutako arreta espezializaturako hitzorduak. Gertaera horren berri urriaren erdialdera izan genuen, pazienteen eta medikuen beren eskutik.

Urrian, Errioxako Gobernuak hartutako alde bateko erabakiaren berri izan zenetik, bilera bat baino gehiago egin dute Errioxako zein Euskadiko arduradunek, baina ez da akordio batera iristeko aurrerapenik egin; izan ere, Errioxako Gobernuak ez du abiaburuko egoerara itzuli nahi, hau da, ez du orain ukatzen dituen euskal pazienteak artatzen jarraitu nahi, eta baldintza hori jarri du Osasun eta Kontsumo Sailak negoziazioekin jarraitu ahal izateko. Horretaz gain, Euskadiko osasun-agintariak ez daude prest Arabako Errioxako biztanleei eskaintzen dien osasun-arretagatik Errioxako Gobernuak eskatutako ordain ekonomikoa emateko.


1. Errioxako Gobernuak alde bateko erabakia eta aldez aurretik jakinarazi gabekoa hartu du. Irizpide politikoak dituen erabakia da eta hauteskunde-kutsu handikoa. Arrazoia ez da inolaz ere ekonomikoa izan, eta are gutxiago, sanitarioa.

2. Erabakia hartzeko moduek eta egoera bideratu nahi ez izateak erakusten dute Errioxako Gobernua ez dela batere kezkatzen arreta espezializatua ukatu dien haien osasunaz, eta, jakina, horiek dira Euskal Osasun Administrazioak ezer ez zekiela hartutako erabakiak bereziki kaltetu dituenak.

3. Era honetako erabaki batek, eta Nafarroari eragiten dion antzeko beste batek (Nafarroako osasun-arloko arduradunek ere eskatu diote Errioxako Gobernuari artatzeko foru erkidego horretako pazienteak, orain gutxi arte egin duten bezala) arrisku bizian jartzen du Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa.

4. Izan ere, beste autonomia erkidego batzuek Errioxako Gobernuaren bidea hartuko balute, eta aldameneko erkidegoetako bizilagunak artatzeagatik ordain ekonomikoak eskatuko balituzte, osasun-arloko merkatu bat sortuko litzateke, orain ez dagoena. Autonomia erkidegoen artean pazienteak artatzeagatiko osasun-arretaren transakzioak egiteak nabarmen garestituko luke kudeaketa, sistema burokratizatu egingo luke pixkanaka, eta asistentziaren ikuspuntutik ez luke balio erantsirik ekarriko.

5. Gaur egun, Euskadin Kantabriako, Nafarroako, Gaztela eta Leongo (Burgos) eta baita Errioxako 14.000 paziente baino gehiagori eskaintzen zaie arreta espezializatua. Eta nabarmentzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoak autonomia erkidego horrekin duen harreman berezia; izan ere, betidanik eskaintzen zaie osasun-arreta giltzurrunetako gaitzak dituztenei; hala, azken 10 urteetan 225 giltzurruneko transplante egin zaizkie Errioxako pazienteei, batere ordain ekonomikorik eskatu gabe.

6. Azken aste hauetan, Errioxako Gobernuak erakutsi du ez duela elkarrizketarako batere asmorik. Alderdi ekonomikoari soilik begiratu dio, eta bat ere ez hartutako erabakiak izan ditzakeen ondorio klinikoei eta asistentziazkoei. Uko egin dio irailaren 9aren aurretiko egoerara itzultzeari, kontuan harturik hori dela Errioxak eta Euskadik etorkizunean hartu dezaketen erabakiaren oinarri.

7. Errioxako Gobernuak hartutako erabakiak sortu duen krisia hain da garrantzitsua, ezen gai hau Osasun Ministerioaren Osasun arloko Lurralde arteko Batzordearen esku uztea dela onena dirudien, hor baitaude ordezkatuta autonomia erkidego guztiak, eta horri baitagokio egoki iritzitako erabakiak hartzea, eta erabakiak hartzeko Eusko Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela abiaburuko egoerara itzultzea, eta, egoera horretatik hastea aurrera egiten, erkidego batetik besterako pazienteen zirkulazioari modu orokorrean heltzeko.

8. Osakidetza ari da jada Errioxako Gobernuak arreta espezializatua ukatu dien Arabako Errioxako pazienteak artatzen, eta espero du, era batera edo bestera eta ahalik eta eperik laburrenean, berriz ere egoera bere onera etorriko dela, eta paziente horiek berriz ere Logroñoko San Pedro Ospitalean artatuko dituztela.

Iruzkin bat
  • @CantaEnAyunas
    2011.eko azaroak 11

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno de La Rioja deja de atención especializada a pacientes de Rioja Alavesa y Navarra http://t.co/7q2GZ9tr @irekia_news @riojasalud

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan