Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak hirigintzako diagnostikoak egiteko laguntzak deituko ditu, pertsonen eguneroko beharrizanak aintzat hartuko dituen hirigintza lortzeko

2011.eko azaroak 11

Hirigintza Barneratzailea mintegia. Kaleek badute generoa.

"Hirigintzari erreparatzeko modu berri bat da honako hau, parte-hartzaileagoa eta pertsona guztien eguneroko beharrizanak barne hartuko dituena".

Eusko Jaurlaritzako Lurzoru eta Hirigintzako zuzendari Rafa Fariasek gaur jakinarazi du herri mailan emakumezkoen eta gizonezkoen egoerari buruzko hirigintzako edo plangintzako diagnostikoak egiteko laguntzak deituko dituztela, eta 200.000 euroko zenbatekoa bideratuko dutela horretarako. Horrez gain, laguntzen xedea plan orokorrak, arau subsidiarioak eta udal antolakuntzako gainerako agiriak berdintasunari dagokionez ebaluatzea eta egokitzea ere badela azaldu du.

Gasteizen egun hauetan egiten ari diren Hirigintza Barneratzailea mintegiaren testuinguruan jakinarazi du berria Fariasek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak antolatutakoa.

Laguntza hauetarako deialdia egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak txosten bat osatzeko agindu du, udalerrietako hirigintza gaietan berdintasun politikek duten ezarpen maila jakiteko. Txosten horren arabera, 3000 biztanle baino gehiagoko 88 udalerrietatik 41etan agiriren bat egin dute, esaterako hiri debekatuaren mapa (beldurraren mapa, puntu beltzen mapa edo pertsonak, bereziki emakumeak, seguru sentitzen ez diren tokien mapa ere deitzen zaio), segurtasuneko toki ikuskaritza, udalerriko espazio publikoaren egoeraren hirigintza diagnostikoa pertsonen beharrizanei dagokienez, edota hirigintza azterketaren mapa, generoaren eta egunerokotasunaren ikuspegitik.

Puntu beltzen mapek, segurtasuneko toki ikuskaritzek (segurtasunarekin lotutakoak), eta hirigintzako diagnostikoek eta azterketek (pertsonen egunerokotasunaren beharrizanei erantzuten ez dieten espazioak antzemateko egindakoak) agerian utzi dute gaur egun kaleak eta herritarrek erabiltzeko espazioak nola dauden; horrez gain, aurretik dagoena konpontzeko moduez ere informatzen dute, eguneroko beharrizanak ase ditzaten. Hala ere, txosten horietako gehienak berdintasun teknikariek egin dituzte, eta, Fariasen iritziz, udalerria eratzerakoan eragin praktiko txikia izan dute, hobetzeko esku hartze batzuk salbu (kasu batzuetan begi bistako hobekuntzak ziren).

“Aintzat hartu behar da gaur egun emakumeek aldarrikatzen dituztela beraien beharrizanak, baina horrez gain, zaintzen dituzten pertsonenak ere azaltzen dituzte, esaterako haurrenak, pertsona nagusienak, eta oro har, aldi baterako mendetasuna edo mendetasun iraunkorra duten pertsonena ere. Hortaz, txosten horiek pertsona guztien beharrizanak aztertzen dituzte; hirigintza tradizionalak, aldiz, ez ditu orain arte beharrizan horiek aintzat hartu. Izan ere, hirigintzari erreparatzeko modu berri bat da honako hau, parte-hartzaileagoa eta pertsona guztien eguneroko beharrizanak barne hartuko dituena, bereziki zaurkorrenen beharrizanak, mendetasuna duten pertsonen ardura dutelako (haurrak edo pertsona nagusiak) edo bizi duten egoera dela medio” azaldu du Lurzoru eta Hirigintzako zuzendariak.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du hiria modu integratzaileagoan diseinatzea eta osatzea, pertsona guztiek erabil dezaten, baita lortutako emaitzak planetan, proiektuetan eta lan zehatzetan gauzatzeko neurriak hartzea ere. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako laguntzek genero berdintasunaren eta egunerokotasunaren beharrizanak udalerrietako plangintzan eta hirigintzan benetan integratu nahi dituzte.

Bere hitzaldian, Fariasek gogoratu du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako V. Planak – IX. Legegintzaldirako Zuzentarauak dokumentuak honako hauek jasotzen dituela hirigintzan genero ikuspegia sartzearekin lotuta dauden bere helburu estrategiko eta operatiboen artean: Hirigintza plangintza eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen plangintza aldatzea, bateratze erantzukidea errazteko; hirigintza plangintzako eta garraio diseinuko irizpideak identifikatu eta aplikatzea, pertsonen autonomia eta bateratze erantzukidea ahalbidetzeko; indarkeriazko jarreren prebentzioa hobetzea; emakumeak segurtasunik gabe sentitzen diren lekuak identifikatzen dituzten eta horiek neutralizatzeko neurriak ezartzen dituzten udalerrien kopurua handitzea, eta emakumeak segurtasunik gabe sentituko diren leku berririk ez sortzeko irizpideak ezartzea.

Diru-laguntzen Agindua

2012rako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektuan, Eusko Jaurlaritzak udaletarako laguntzen deialdia egiteko aurreikuspena jaso du, udal hirigintzan genero ikuspegia sartzera bideratuta. Hirigintza araudian generoa modu eraginkorrean integratuko duten proiektuak sarituko dira.

Horrela, lehentasuna izango dute aurretiaz eginiko agiriek Arau Subsidiarioetan, Plan Orokorretan eta udal antolamenduko gainerako figuretan daukaten eragina aztertuko duten udalek. Era berean, hauek baloratuko dira: azterketaren xede esparrua udalerriko hiri eremu osoa izatea; udalerriek, kuadrillek edo mankomunitateek lehenengo aldiz egitea mota horretako agiria; aurkitutako gabeziak zuzentzeko beharrezko neurri zuzentzaileen zerrenda xehatua sartzeko konpromisoa, edo neurri zuzentzaileak gauzatzeko hirigintza araudian egin beharreko aldaketak zehaztuko dituen txostena. Beste hauek ere baloratuko dira: agiria Plan Orokorraren, Arau Subsidiarioen edo udal antolamenduko beste edozein figuraren egokitzapena eta ebaluazioa izatea; proiektuaren argitasuna eta bideragarritasuna, eta proposamenaren kalitatea.

Halaber, antzeman da Udal Plangintzako Aholku Batzordeetan batzorde horietako kideen % 34,3 soilik direla emakumeak (155 emakume eta 297 gizon); horrez gain, bost udalek bakarrik eztabaidatu dute euren Aholku Batzordeetan hirigintzari buruz, genero ikuspegia oinarri hartuta.

Hutsune hori zuzentzeko, erakunde eskatzaileek Berdintasun Legea bete beharko dute. Lege horren arabera, kide anitzeko administrazio organoetan ordezkaritza orekatua egon behar da, sexu bakoitzerako gutxienez % 40ko ordezkaritza, hain zuzen ere.

Agindu honen bidez, batetik, dagoeneko egiten ari diren agiriak diruz lagunduko dira, bai eta hirigintza antolamenduan berdintasuna sartzeko beste edozein dokumentu ere, hala nola: Plan Orokorrak, Arau Subsidiarioek edo antolamendu xehatuko beste edozein agirik generoan daukaten eraginaren aurretiazko ebaluazioa; genero ikuspegian oinarritutako hirigintza azterketa, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aurrerapenaren diagnostikoaren gizarte eta hirigintza azterketan sartzeko; genero ikuspegia sartzeko gaur egun idazten ari diren antolamendu agiriak berrikustea, etab.

Horrez gain, diruz lagunduko dira aurretiaz eginiko mapen edo diagnostikoen bidez hartutako ezagutzak aplikatu eta garatzeko helburua daukaten agiriak, hala nola, antzemandako hutsuneak zuzentzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileei buruzko azterketak, neurri zuzentzaile horien aplikazioak hirigintza araudian daukaten eraginari buruzko txostenak, etab.


Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)