Lehendakariak Bilboko Guggenheim Museoa irekitasunaren, elkartasunaren eta tolerantziaren ikurra dela nabarmendu du
- Iñigo Urkullu euskal pinakotekaren 25. urteurrenaren ospakizuna itxi duen afarira joan da
- Bertaratutakoek isiltasunean gogorarazi dituzte intolerantziaren biktimak eta, bereziki, Txema Agirre ertzaina, inaugurazioa baino egun batzuk lehenago hil baitzuten
Lehendakariak azpimarratu du Guggenheim Museoak irekitasunaren, elkartasunaren eta tolerantziaren sinbolo gisa betetzen duen zeregina, inoiz baino beharrezkoagoak dira-eta bizitzea tokatzen zaigun munduan. Iñigo Urkullu Bilboko Guggenheim Museoaren XXV. urteurrena ospatzeko ekitaldiei amaiera eman dien afarira joan da, eta bertan izan da, besteak beste, Frank Ghery arkitektoa, eraikinaren egilea.
Lehendakariak, bere hitzaldian, Bilboko Guggenheim-ak urte hauetan izan duen ibilbidea eta izan duen eragina nabarmendu ditu. Esan duenez, Bilboko Guggenheim‑ak mundu erdiko bisitariak erakartzen ditu, museoaren arkitekturak eta erakusketa bikainek izaera ikonikoa dutelako. "25 urtetan, atzerrian oso erreferentzia positibo gutxi dituen herrialdea izatetik, gure burua munduaren aurrean gizarte ireki, erakargarri eta moderno gisa aurkeztera pasa gara” –esan du.
Azkenik, Iñigo Urkulluk Txema Agirre ertzaina gogoratzeko baliatu du ospakizun ekitaldia −izan ere, inaugurazioa baino egun batzuk lehenago hil baitzuten eraikin berria zaintzen ari zela−, eta bertaratutako pertsona guztiak gonbidatu ditu intolerantziaren biktimak gogora ditzaten zutik eta isilik, eta adieraz dezaten apustua egin dugula bizikidetza demokratikoaren, giza eskubideen errespetuaren eta gizon eta emakume guztientzako bakearen eta ongizatearen etorkizunaren alde hemen eta mundu osoan.