Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

“Gizarte-babeseko sistemak, laguntzak ez ezik, aukerak ere eman behar ditu"

2011.eko azaroak 11

 

  • Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gizarte‑prestazioak enpleguarekin lotzeak ekarriko duen "iraultza" babestu du
  • "Administraziook ez dugu paternalismoa eskaini behar, babesa baizik: enplegua lan egin dezaketenei, eta segurtasuna ezin dutenei"
  • "Gaur Europa zaharrak eskubiderik gabeko langileak dituzten herrialdeekin lehiatu behar du merkatuan. Lehiatu ahal izateko eta geure eskubideei eusteko inoiz baino beharrezkoagoa da iraganeko inertziak eta diskurtsoak apurtzea"

 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gizarte-prestazioen eta enpleguaren arteko lotura babestu du gaur goizean Bilbon, Europa Forumean emandako hitzaldian. "Gizarte-babeseko sistemaren barruan dauden herritarrek, prestazioak ez ezik, aukerak jaso behar dituzte batez ere", azpimarratu du. Sailburuaren ardurapeko sailaren mende dagoen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) kudeatuko du datorren urtetik aurrera, haren hartzaileak lanerako aktibatzeko, eta laguntza-sistemaren hartzaile kroniko bihur daitezen saihesteko.

Arlo politiko, sozial eta laboraleko berrehun ordezkari baino gehiagoren aurrean Zabaletak azpimarratu duenez, "enplegutik urrun dauden eta etorkizun bakarra langabe kroniko bihurtzea duten pertsonak enplegurako aktibatzea da esku artean dugun iraultza handiena". Puntu horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, zeina Jesús Eguiguren Euskadiko sozialisten presidenteak aurkeztu baitu, gogorarazi du enpleguan -eta ez subsidioan- oinarritutako gizarte-babeseko politika eratzea "izan litekeen erronkarik ederrena" dela haientzat. Enplegua da funtsezko gizarte-politika".

Gaur egun, 55.000 pertsonak jasotzen dute Euskadin Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Horietatik heren bat inguru laneratzearen aldeko apustu honetatik kanpo geratuko dira, erretiratuak eta gizarte-bazterkeria larrian dauden pertsonak direlako.

"Euskadi aitzindaria izan da, berriro ere, enpleguko gizarte-politika aktiboen arloan, guztiak batera kudeatuko baititu, Estatu osoan beste inon egin ez den bezala, eta hori guztia gizarte-zerbitzuen bitartez enplegua hartuta helburu komun gisa". Aldi berean, gizarte-babesean erakundeek duten egitekoa babestu du Zabaletak. "Administraziook ez dugu paternalismoa eskaini behar, babesa baizik: enplegua lan egin dezaketenei, eta segurtasuna ezin dutenei"

Datorren urtetik aurrera Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria kudeatuko ditu, 400 milioi euro inguruko gastuarekin. "Autogobernuaren historian egin den elkartasun-ahalegin handiena izango da. 1993. urtean, % 25eko langabeziarekin, 62 milioi gastatu ziren gizarte-prestazioetan. 2011. urtean, % 11ko langabezia-tasarekin, ia 400 milioi izango dira. Ia sei aldiz gehiago", azpimarratu du.

Estatu osoan gutxieneko errentetan egiten den gastuaren % 40 Euskadiko babes sisteman egiten da. "Euskadiko herritarrok Estatukoek baino zortzi aldiz ekarpen handiagoa egiten dugu gure fiskalitatearen bidez. Sistema horrek, beraz, gardena, zuzena eta solidarioa izan behar du", adierazi du. "Eta horregatik, enplegurako aktibazioan oinarritu behar da, eta irtenbide bat eskaini behar du, iraunkorra izango bada. Helburua sorospen-sistema batetik enpleguan oinarritutako sistemara igarotzea da".

Haren hitzaldian, enpleguaren erronkari aurre egiteko "kultur aldaketa" baten alde mintzatu da Zabaleta "Badago garai bat ikasteko eta beste bat lan egiteko; eta badago bizi osoko ikasketa bat", baieztatu du; eta, aldi berean Lanbideren oinarriak azaldu ditu: orientazio pertsonalizatua eta bizi osoko prestakuntza. "Langabezia-tasa handienak dituzten eskualdeak eta, batez ere, gazteak hartu nahi ditugu jomugan; izan ere, gazteentzako aukerarik ez duen herrialde batek ez du etorkizunik".

Langabeziaren arazoari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak dei bat egin die gizarte-eragileei, udalei eta aldundiei. "Geure ahaleginak bateratzera dei egiten diet, eta Euskadiko enpresei geure gazteen enpleguarekin konprometitzeko eskatuko diet, modu horretan Euskadirekin konprometituko baitira".

"Euskadin badakigu krisia zer den, eta badakigu hortik ateratzen. Segidako hamasei urtetan baino gehiagotan 150.000 langabe baino gehiago izan genituen etenik gabe. Geure langabeak eta geure krisia zen. Eta guztion laguntzaz egin genuen aurrera", gogorarazi du. "Inor ez da kanpotik etorriko gure ekonomia salbatzera. Ez dago miraririk, lan egitea da bidea".

I+G+b gizarte-politiketan

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren buru gisa egiten ari den kudeaketaren beste oinarri bat ere aztertu du Zabaletak; zahartze aktiboa. "Zahartzea berri zoragarria da, baina duintasunez eta eskubideekin zahartu behar dugu".

Une hauetan Euskadiko 417.000 herritarrek dituzte 65 urte baino gehiago; biztanleriaren % 19. "Datorren hamarkadan % 25era iritsiko gara. Beraz, adinekoak zaintzeko eredu berria behar dugu; izan ere, ez dugu ahaztu behar nahiago dutela etxean zaintzea", adierazi du.

"Gobernu batek, legeak egiteaz gain, ahal den neurrian etorkizuna aurreikusi behar du, eta etorkizun horrek ekarriko dizkigun gorabeherei aurrea hartzeko behar diren neurriak hartu". Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak abian jarri dituen neurrien artean, zahartze aktiboa lortzeko I+G+b delakoa sustatzea aipatu du Zabaletak, eta kontzeptu hori Eusko Jaurlaritzaren Zientzia eta Teknologia Planaren barruan sartu du, Berrikuntza Soziosanitariorako Euskal Fundazioa eratuz eta ikerketaren arloan erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza indartuz. Ikerketa-proiektu horien barruan aipagarria da Etxean Ondo programa, non mendeko pertsonak dituzten 500 familiek ahaide horiek etxean zaintzeari buruzko esperientzia bizitzen ari diren.

"Euskadi erreferentzia bihurtu daiteke zahartzearen berrikuntzan, eta hala egin behar du, bai alderdi klinikoan bai soziosanitarioan", azpimarratu du Zabaletak, sektore horretan enplegua sortzeko aukera aipatzeaz gainera.

Lan-harremanetarako eredu berria

Bere hitzaldiaren hirugarren zutabea lan-harreman berriei buruzkoa izan da. "Gaur Europa zaharreko herrialdeek eskubiderik gabeko langileak dituzten herrialdeekin lehiatu behar dute merkatuan. Horregatik, lehiatu ahal izateko eta geure eskubideei eusteko, inoiz baino beharrezkoagoa da iraganeko inertziak eta diskurtsoak etetea", aldarrikatu du.

"Krisia eta ekonomiaren aldaketak hain dira sakonak, babes- eta enplegu‑politikak egokitu behar ditugu, enplegua galtzeko beldur direnei edo lan bila denbora luzeegia daramatelako haserre daudenei segurtasuna emateko. Eta horregatik da garrantzitsua Euskadiko malgusegurtasunerako eragile eraginkorra izateko gauza den enplegu-zerbitzua edukitzea".

 Horren ildotik, "inoiz baino garrantzitsuagoa da elkarrizketa soziala". Horregatik, Confebask, CCOO eta UGT eragile sozialen apustua eskertzen dut; izan ere, "ez da beti errentagarria beraientzat, baina konpromiso bat da Euskadirekin".

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak egun batzuk lehenago bizi izandako pasadizoa kontatu du. "Orain dela egun batzuk, jendaurreko hitzaldi batean, sindikatuen eta enpresaburuen arteko elkarrizketa eskatu nuen, kausa komun bateko alderdiak diren aldetik, eta Euskadin ordezkaritza handiena duen sindikatuak erantzun zidan sindikatuen ontzia ez dela enpresaburuena. Gure eskualdeetako batzuen industria-paisaia ikusi besterik ez dago. Erortzeko zorian, abandonatuta dauden industria-pabiloiz beteta daude; izan ere, hango enpresaburuek pentsatu baitzuten beraien ontzia ez zela langileena, eta langileek beraien borroka ez zela enpresaburuena", nabarmendu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)