BECeko planta fotovoltaikoak bat egin du Euskadiko instalazio berriztagarri handiekin

2022-10-17
  • Sortutako energia, 1 MWh baino gehiago, erakusketa-zentroak berak baliatuko du
  • Proiektua erakundeak Euskadiri zero kilometroko energia garbiak emateko egiten ari diren ahaleginaren barruan kokatzen da

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak eta Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak gaur aurkeztu dute erakustoki-zentroaren estalkian dagoen planta fotovoltaikoa handitzeko proiektua.

BEC Solar proiektua duela 22 urte jarri zen martxan, eta gaur egun 88.5 kWh. ekoizten ditu. Handitzearekin batera, azken belaunaldiko panelak erabiliko dira, eta sortutako energia-kopurua MWh (1.025 kWh) baino gehiagokoa izango da, hau da, 345 etxetako kontsumoaren baliokidea. Sortutako energia guztia BECen bertan kontsumituko da, eta zentroko guztizko kontsumoaren % 10 baino pixka bat gehiago izango da.

Trantsizio energetiko-klimatikoaren erronkaren aurrean, eta larrialdi energetikoko egoeran, Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako 2021-2024 Plana onartu zuen, emisioak murrizteko eta energia berriztagarriak indartzeko helburuak lortzeko eta lurraldea klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko. Zehazki, Planaren helburua da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea eta energia berriztagarrien kuota 2024rako energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea. Proiektu hori, beraz, erakundeak Euskadiri zero kilometroko energia garbiak emateko egiten ari diren ahaleginaren barruan kokatzen da.

BEC Solar, gainera, elektrizitate berriztagarria sortzeko proiektu nagusietako bat da, Eusko Jaurlaritzak egindako Kontingentzia Energetikoaren Planean jasotakoa. Plan hori epe laburrean abiaraztea espero da, eta sustatzaileen artean Energiaren Euskal Erakundea dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Basañez, BECeko zuzendari nagusia