EAE-ko egoitzek covid-19-aren aurrean izan zuten erreakzio azkarrak eta eraginkorrak heriotza-tasaren inpaktua geldiarazi zuen adinekoen zentroetan

2022-10-19
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Legebiltzarreko Batzordean, EAEko egoitzetako heriotza-tasen berri eman du
  • Sailak haren Estatistika Erakundeari ‘Covid-19ko heriotza-tasa adineko egoitzetan, 2020-2021’ azterlana egiteko eskatu zion, egoeraren ebaluazio zuzena izateko
  • Ondorio nagusiak dira afekzioa, hasieran handia, azkar kontrolatu zela, eta ez zela bereizketarik egon zentro publikoen eta pribatuen artean
  • Gainerako lurraldeekin erkatuta, EAE Europako batezbestekoa baino 32 puntu baxuago egon zen

Vitoria-Gasteiz, 2022/10/19

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politiketako eta Gazteriako Batzordean, Covid-19ak EAEko egoitzetan izan dituen ondorioen berri eman du. Artolazabalek agerraldia egin du Nerea Kortajarena EH Bildukoak hala eskatuta.

Artolazabalek azaldu du zergatik eskatu zion bere Sailak haren Estatistika Erakundeari ‘Covid-19ko heriotza-tasa adineko egoitzetan, 2020-2021’ azterlana egiteko. Gogorarazi duenez, haren Sailak ”ez du eskumenik mendeko pertsonentzako egoitza-baliabideen osasun-arloan eta kudeaketan”, eta foru-aldundiei dagokie hura. Baina, esan duenez, "bada gure eskumenekoa haietako plangintza eta gizarte-zerbitzuak arautzen dituen araudia garatzea”.

Hori horrela, azaldu duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak txosten hori eskatu zuen, Covid-19aren ondorioen ebaluazio zuzena izateko, bai eta etorkizunean antzeko egoeretan garatu beharreko politikak balioesteko ere.

Sailburuak Batzordearen aurrean azaldu duen ondorio nagusietako bat izan da honako hau onartzea: “kutsaduren lehen olatuak eragin handia izan zuen egoitzetako populazioarengan”, eta ez da bereizketarik egon pribatuen eta publikoen artean. Era berean, honako hau esan du: “afekzioaren ondorioz, adinekoen egoitzek azkar esku hartu behar izan zuten, Covid-19aren kutsaduretatik eta ondorioetatik babesteko neurriak hartzeko”. Artolazabalek zenbait datu eman ditu, besteak beste, % 46koa izan dela pandemiaren lehen olatuan egoitza-zentroetako 65 urtetik gorako erabiltzaileen arteko kutsadura berrien tasa. Ehuneko hori, esan duenez, % 15,2koa izan zen 2020ko uztaileko bigarren olatuan eta, ondoren, % 6,1era jaitsi zen, “adinekoei txertoak eman ondoren”. Ondoren, egoera egonkortu egin zen 2021ean, eta “egoitzetako mendeko pertsonen heriotza-tasa ohiko heriotza-tasaren esparruaren berezko tartean izan zen”.

Txostenak ez du alderik ikusten zentro pribatuen eta publikoen artean: “Datuek erakusten dute zentro pribatuetan ez dela bereizgarri izan Covid-19aren ondoriozko gehiegizko heriotza-tasaren maila altuagoak eduki izana sektoreko gainerako zentroek baino".

Atal horren ondorio gisa, sailburuak honako hau esan du: “hasiera batean gehien sufritu zuten zentroak ondoen egokitzen jakin zutenak izan ziren”. Bere iritziz, “bilakaera horrek agerian jartzen du EAEn adinekoentzako egoitzek egoeretara egokitzeko egin duten ahalegina, haiek izan baitute arriskurik handiena pandemia-fasean”.

Artolazabalek beste alderdi bat ere nabarmendu du: egoitzetan bizi diren adinekoen eta haien etxeetan bizi direnen arteko desberdintasunak. “Esan beharra dago, nahiz eta 2020an pandemiak eragin handiena adinekoen egoitzetan ekarri zuen, egoerara egokitzeko gaitasuna ere askoz ere azkarragoa izan zela haien etxeetan bizi zen mendeko populazioarena baino”. Eta, amaitzeko, honako hau irakurri du: “Esan dezakegu pandemia lehenago iritsi zela egoitzetara mendeko pertsonak dituzten etxeetara baino, baina Covid-19aren aurkako erreakzioa azkarragoa eta eraginkorragoa izan zela egoitzetan etxeetan baino.

Azkenik, Covid-19ko heriotza-tasa adinekoen egoitzetan, 2020-2021 txostenaren hirugarren ondorioak EAE Estatuko koiuntura globalean jartzen du. Hala, Beatriz Artolazabalek Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE)  datuetan oinarrituta azaldu duenez, 2020ko martxoan eta apirilean, % 85,6 areagotu zen populazio orokorrean hildako pertsonen kopurua, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Horrek eragin berezia izan zuen 65 urtetik gorakoetan; kolektibo horretan, txosteneko datuen arabera, Estatuan, % 93,5 areagotu da heriotza-tasa.

“EAEren kasuan, heriotza-tasen gorakada ez zen hain handia izan Estatuko gainerako erkidegoen aldean", esan du sailburuak, eta esan du aldi horretan heriotzen ehunekoa % 61,2koa izan zela, alegia, batez besteko orokorra baino 32 puntu baxuagoa.

“Zenbakien berri ematen ari gara, baina badakit zenbaki horien atzean sufrimendu handia dagoela; familien eta lagunen dolu traumatikoa. Errespetu osoa adierazi nahi diegu biktimei eta errespetu osoa, era berean, haien hurbileneko zirkuluen minagatik”, esan du Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak