Berriak Osasuna

Osakidetzak bronkiolitisaren aurkako prebentzio-jarraibideak gogorarazi ditu, Covid-19aren ondorioz bi urte baztertuta igaro ondoren itzuli den birusa baita

2022-10-17

Eskuen higienea, leku itxiak saihestea edo haurtxoak arnas-sintomak dituzten pertsonekin kontaktuan egon ez daitezen saiatzea funtsezkoak dira gaixotasunaren transmisioa prebenitzeko

 

 

Osakidetzak bronkiolitis akutua prebenitzeko jarraibideak gogorarazten dizkie herritarrei. Bi urtetik beherako haurrei eragiten dien arnas-infekzioa da. Hasieran katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, eta egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, hala nola arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, esne-hartzean eragina duena.

 

 Epidemia moduan eman ohi da urria eta martxoa bitartean, eta intzidentzia maximoa azaroa eta abendua bitartean izaten du. Hala ere, azken bi urteetan, COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako neurrien ondorioz, bronkiolitis akutuaren kasuak gutxitu egin dira, eta, gainera, gaixotasunaren ohiko hilabeteetatik kanpo agertu dira.  Negua amaitu berri den hego hemisferiotik datozen datuak kontuan hartuta, aurtengo bronkiolitis-epidemia ohiko urtaroan gertatuko da, pandemiaren aurreko urteetako antzeko intentsitate eta inpaktuarekin. Horregatik, Osakidetzak bronkiolitisari buruz informatzeko, hura prebenitzeko eta behar bezala tratatzeko kanpainaren hasieraren berri eman du.  

 

Gauzak horrela, Osakidetzak kutsatzeak prebenitzeko neurriak zorrozten jarraitzea gomendatzen du. Neurri horiek COVID-19a bezalako beste arnas-birus batzuen transmisioa saihesteko erabiltzen diren berberak dira. Bronkiolitisa larriagoa da 6 hilabete baino gutxiagoko haurretan, eta kutsatze-iturri nagusia haur helduagoak dira, askotan anai-arrebak. Hori dela eta, eskuak maiz garbitzea, leku itxi jendetsuak partekatzen saihestea, barrualdeak aireztatzea, haurra gaixo dagoenean haurtzaindegira edo eskolara ez eramatea, edo arnas-sintomatologia (katarroak, eztula edo sudurreko mukositatea) duten pertsonek jaioberriak bisitatzen saihestea garrantzitsuak dira kutsatzeak ekiditeko.

 

Bronkiolitisaren ohiko epidemia batean, Euskadin, epidemiak irauten duen hilabete bakoitzeko 2 urtetik beherako mila umetik 25ek gaixotasun hori izaten dute. Kopuru horiek mediku-kontsulten arabera aztertuta, epidemia bakoitzean bronkiolitisaren ondoriozko 4.500 kontsulta artatzen dira Euskadin Lehen Mailako Arretan, eta larrialdiko 2.500 kasu ospitale-larrialdietan, 450 ospitaleratzerekin.

 

Gaur egun ez dago medikazio eraginkorrik gaixotasun hori tratatzeko, baina eskuragarri daude praktika klinikoko gidak, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendio uniformeekin. Ildo horretan, Osakidetzako zentro guztiek, bai Lehen Mailako Arretakoek, bai ospitaleek, bronkiolitisa duen adingabe batekin egin beharreko jarduketak biltzen dituen asistentzia-ibilbide bat dute finkatuta, hasiera-hasieratik asistentzia homogeneoa bermatzeko. Gainera, Osakidetzak gaixotasunari eta honi aurre egiteko moduari buruzko informazioa ematen die senideei, idatzizko eta ikus-entzunezko materialaren bidez.

 

Asistentzia-ibilbide horren garapenari esker, bronkiolitisa tratatzeko beharrezkoak ez diren farmakoen erabilera % 75 baino gehiago murriztu ahal izan da, farmakoen erabileraren inguruan zifra oso baxuak mantenduz (% 10etik behera), eta familiek gaixotasunari eta honen tratamenduari buruz duten ezagutza areagotu da.

 

Argibide gehiago nahi izanez gero:

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan