Berriak Segurtasuna

Euskadin delitu informatikoek % 80 egin dute gora azken 4 urte hauetan

2022-10-14
  • Euskadin salatzen diren delitu guztien % 20 dira jada
  • Horietako gehienak, % 90, iruzurrak dira, eta gutxi batzuk, % 5,3, baino ez dira pertsonen aurkako delituak: mehatxuak, koakzioak, jazarpenak edo sexu-askatasunaren aurkako delituak
  • Eusko Jaurlaritzak datorren urtearen hasieran jarriko du abian “Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia”, mehatxu global horren aurka modu integralean borroka egiteko
  • Erakunde publikoa, integratzailea eta zeharkakoa izango da, eta gizarteari segurtasuna eta egonkortasuna emango dizkio Internet eta IKTak erabiltzearen ondorio diren mehatxuen aurrean

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Gasteizen egindako Kontroleko Osoko Bilkurako legebiltzar-galdera bati erantzunez, Eusko Legebiltzarrari jakitera eman dio Euskadin delitu informatikoek % 24 egin dutela gora aurtengo lehenengo seihilekoan, 2021eko aldi berarekin alderatuta. Ertzaintzak 9.824 ziberdelitu erregistratu ditu, eta iazko seihileko berean 7.962 erregistratu zituen. Ertzaintzak denbora horretan ikertutako delitu guztiei dagokienez (48.139 guztira), delitu informatikoak gaur egun delitu guztien % 20 baino gehiago dira (9.824).

Delitu informatikoen tipologiari dagokionez, 2022ko lehenengo seihilekoan:

  1. Gehienak, % 90, ondarearen aurkako delituak dira. Horietako ia guztiak (% 99,8) iruzurrak dira (8.816), eta delitu-mota horrek % 25,3 egin du gora (7.032) 2021eko lehenengo seihilekoari dagokionez.
  1. Ziberdelitu guztien % 5,3 baino ez dira pertsonen aurkako delituak.
  • Era horretako delitu gehienak (% 76,9) informazio-teknologien bidez egindako mehatxuak, koakzioak eta jazarpenak Delitu horiek 2021eko lehenengo seihilekoko 262 kasuetatik 2022ko seihileko bereko 400 kasuetara igo dira.
  • Delituen % 4 baino ez dira sexu-askatasunaren eta -kalteberatasunaren aurkakoak. Delitu-mota horrek -% 22 egin du behera 2021arekin alderatuta. Hala ere, Ertzaintzak ohartarazi du horietako bat, Grooming deiturikoa (16 urtetik beherako adingabeekin kontaktua helburu sexualekin), pixkanaka gorantz egiten ari dela, 2021eko lehenengo seihilekoarekin alderatuta bikoiztu egin baita (15 kasu).
  1. Gainerakoak, % 4,6, gehienak (% 94,5), egoera zibila edo identitatea usurpatzearen delituak dira, hau da, datu pertsonalak biktimaren baimenik gabe bidegabe eta legez kanpo erabiltzea. Arau-hauste penal horiek % 16 egin dute gora (427) 2022ko urtarriletik ekainera bitartean, eta 2021eko aldi berean era horretako 368 delitu erregistratu ziren.

2017-2021eko ziberdelituen bilakaera       

2017tik 2021era delitu informatikoek gora egin dute pixkanaka. Lau urte horien konparazioaren arabera, igoera % 79,1ekoa izan da. 2017 osoan 8.989 ziberdelitu erregistratu ziren, eta iaz, 2021ean, 16.103.

Lau urteko konparatiba horretan, Internet bidez egindako ondarearen aurkako ziberdelituak, eta, horien barruan, iruzurrak, izan dira beti gehienak.

Delitu Informatikoak

2017

2018

2019

2020

2021

Ondarearen aurkakoak (iruzurrak)

8.290

11.869

13.377

15.778

14.411

Guztira

8.989

12.785

14.311

16.935

16.103

Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia 2023

Ertzaintzak orain dela hainbat urtetatik du ziberdelinkuentziaren aurka borroka egiteko ekintza-plan bat eta talde espezializatu bat (Ikerketa Kriminalaren Atalaren mende dagoen Informazioren Teknologietako Delituen Atal Nagusia), eta talde hori alderdi juridiko eta teknikoetan formakuntza espezifikoa duten eta ikerketa kriminalaren arloan esperientzia zabala duten agenteek osatzen dute. Horien eginkizun nagusia Internetekin eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin zerikusia duten delituak ikertzea da. Laguntza teknikoa eta estaldura ere ematen diete Ertzaintzak arlo horietan egiten dituen jarduketei.

Gainera, datorren urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak “Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia” sortuko du, zibererasoen aurrean Euskadiri babes integrala emateko. Zifrek adierazten dutenez, gure harremanak pixkanaka digitalizatzen joan ahala areagotu egin dira ingurune digitalaren bidez egiten diren delituak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ezarri du, lehentasun estrategikoa duen ekintza-lerro gisa, herritarrak, ekoizpen-sarea eta administrazio publikoak babestea gure harreman pertsonal eta ekonomikoak eta lan-harremanak etengabe aldatzen ari den ingurune hiperkonektatu batean garatzeak dakartzan arriskuetatik.

Agentzia hori erakunde integratzailea eta zeharkakoa izateko sortuko da, eta euskal sektore publikoko zibersegurtasuna sustatu eta koordinatuko du. Gizarteari segurtasuna eta egonkortasuna emango dizkio Internet eta IKTak erabiltzearen ondorio diren mehatxuen aurrean. Gainera, Euskadiren garapen digital segurua eta gaikuntza sustatuko ditu, eta zibersegurtasunaren kulturaren heldutasun-etapa berri honetan, zibersegurtasunaren kultura Euskadiko gizartearen esparru guztietara hedatzeko etapa berri honetan (enpresa-munduko Basque Security Centreren lan arrakastatsuarekin hasitakoa) lan egingo du, modu horretara Euskadi indartzeko eta zibersegurtasunaren esparruan eta horrekin erlazionatutako I+G+b jarduera-arloan nazioarteko intereseko eskualde gisa posizionatzeko.

2 iruzkin
  • 2022-10-14

    teknologia desberdinen erabileran arrakala dagoen heinean, abusua ere badago ingeniaritza sozialarekin edo ez.

  • 2022-10-14

    en cuanto hay brecha uso distintas tecnologías también hay abuso con ingeniería social o no.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak