
Euskadiko eta Nafarroako espeleologia taldeek erreskate-simulakro bat antolatu dute Aralar mendian
- Ekitaldiak agerian uzten du Euskadik eta Nafarroak hainbat jarduera-eremutan sinatutako lankidetza-hitzarmenaren garrantzia; besteak beste, larrialdiei eta babes zibilari buruzkoan.
- Simulakroa datorren larunbateko 07:00etan hasiko da, eta igande goizaldean amaituko da. Ariketan 75 bat pertsonak parte hartuko dute, horien artean Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko espezialistek
Euskal Espeleo Laguntza eta Nafarroako Espeleo Laguntza taldeek erreskate-simulakro bat antolatu dute Aralar mendiaren Nafarroako aldean, eta ariketan espeleologiako 75 bat espezialistak parte hartuko dute. Maniobra datorren larunbatean, urriaren 15ean, 07:00etatik igande goizaldera bitartean egingo da. Ariketa honek bi erkidegoek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren garrantzia nabarmentzen laguntzen du, hainbat jarduera-eremutan, hala nola larrialdiei eta babes zibilari buruzkoan.
Larretxiki II eta Hormazarreta II zuloetan egingo den ariketan Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako espeleologia-adituek, GRTk (Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldea), Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko espezialistek eta Nafarroako Gurutze Gorriko baliabideek ere parte hartuko dute.
Larretxiki II eta Hormazarreta II zuloak Aralar mendiaren Nafarroako aldean daude, eta bi zuloen ahoak elkarrengandik 500 metroko distantziara daude.
Ariketa kobazuloetan eta leizeetan mugitzeko trebatuta dauden espezialistentzat da, eta zaurituta dauden bi pertsona erreskatatu eta aterako dituzte (bat kobazulotik). Horretarako, parte-hartzaileek zailtasun tekniko batzuk gainditu beharko dituzte 180 bat metroko sakoneran.
Simulakroan espeleosorosleek komunikazio-sistemaren eraginkortasuna neurtuko dute, ezinbestekoa baita era honetako jardueretan. Kontrol gunea Nafarroako Lekunberri herrian kokatuko da.
Euskal Espeleo Laguntza Euskal Espeleologoen Elkargoa – Unión de Espeleólogos Vascos elkarteari atxikitako taldea da, eta hau Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako boluntario taldeetako bat da.
-
2022-10-14
Comentario de Twitter:
Asteburu honetan, #speleo erreskate Simulakro Orokorra Aralarren. https://t.co/x5HAb32oBW