Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osasun eta Kontsumo Sailak drogamendekotasunen arloko arriskuak prebenitzeko programa selektiboak sustatuko ditu

2011.eko azaroak 10

Atzo hasi zen "Drogamendekotasunen prebentzioa gaur egungo testuinguruan" izeneko jardunaldia. Deustuko Unibertsitateko Drogramenpetasunen Institutuak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saileko Droga Gaietako Zuzendaritzak antolatu dute, Drogen Plan Nazionalerako Gobernu Ordezkaritzarekin batera.

Jesús María Fernández Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuordeak eman zion hasiera jardunaldiari. Hasiera-ekitaldian nabarmendu du oso aldakorra den gizarte batean bizi garela, non gizarte-determinatzaile jakin batzuek asko eragiten duten. Ildo horretan, gogorarazi du VI. Mendekotasunen Planean jaso dela droga anitz kontsumitzera ari dela jotzen gizarte-talde oso desberdinetan, eta horrenbestez, errealitate bakoitzera egokitutako estrategiak pentsatu behar direla.

Orain arte, ahalegin gehienek prebentzio-programa unibertsaletan jarri dute arreta, baina Mendekotasunen Plan berriarekin, arrisku-taldeei zuzendutako prebentzio-programa selektiboen edo adierazien alde egingo da. Izan ere, Osasun eta Kontsumo Sailaren aurrekontuetan % 10 egin du gora drogamendekotasunen arloko prebentzio-planak sustatzen dituzten toki-erakunde eta -elkarteei diru-laguntzak emateko kontu-sailak.

Euskadi eta Drogak 2010 txosteneko datuen arabera, jaisten ari da gazteen artean droga legal eta ilegalen kontsumoa azken urteetan; esate baterako, 2004an asteburuetako alkoholaren arriskuko kontsumoa % 34 izatetik % 17 izatera jaitsi da 2010ean. Nahiz eta inkestak adierazten digun kontsumitzaile gazteen eta helduen arteko diferentzia geroz eta txikiagoa dela, ezinbestekoa da prebentzio planen bidez geroz eta adin gazteagoetan eragitea.

Bide horretan ari da Drogak eta Eskola VIII. Inkesta lantzen. Azterketa horren bidez kontsumo-jarraibideen eboluzioa nolakoa den analizatuko da, kontsumo horretan eragiten duten faktoreak identifikatzeko: adina, generoa, familia-inguruaren, eskola-inguruaren , bizi-estiloen eta balioen eragina. Azterketak egiteko unibertso hau hartuko da: DBH, Batxilergo, Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa-ziklo, Lanbide Heziketako Goi Mailako Ziklo eta Lanbide Hastapeneko zentroetan ikasten ari diren EAEko ikasleak. 220 ikasgelak, eta 4.400 bat ikaslek osatuko dute lagina.

Gaur, osteguna, adingabeen kontsumo-arriskuei buruz jardungo dute, adin-talde horretan alkohol-kontsumoa prebenitzeko. Hala, eskola-eremuan zer arrisku-faktoreren gainean jardun beharko litzatekeen eztabaidatuko da, bai eta prebentzio selektiboak zer erronka izan behar dituen ere. Horretaz gain, Drogen Plan Nazionalaren Gobernu ordezkariak erakunde, elkarte eta edari-ekoizleekin sinatutako Edari Alkoholdunen Kontsumoaren Aurkako Adierazpenaren nondik norakoak azalduko ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)