Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Nazioarteko 30 adituk baino gehiagok egoera geopolitikoaren eragina industrian eta energia alorrean aztertuko dute

2011.eko azaroak 10

Barakaldoko BECen izango den mintegian 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren eta 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren nondik norakoak jorratuko dira.

  • EEEk eta Orkestrak antolatutako hitzaldi ugariz betetako bi egunez, 30 txosten aurkeztuko dira, 8 saio monografikotan banatuta.
  • Electric Research Institute, Energiaren Nazioarteko Agentzia, Chinese Wind Power Associationeko adituek eta ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste.
  • Energia aurrezteari begira, azken hamar urte hauetan euskal industriak hartutako erabaki eta neurriei esker, 650.000 tep (tona petrolio baliokide) murriztu du energia kontsumoa, urtebetean Euskadiko etxebizitzetan eskatzen den energia kantitate bera dena

Bilbo, 2011ko azaroaren 10a - Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidente Ignacio Mª Echeberriak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren idazkari nagusia Juan Tomás Hernanik inauguratu dute gaur goizean energia eta industriari buruzko nazioarteko mintegia. Bi egunez, Ameriketako Estatu Batuetako eta goraka ari diren India eta Txina herrialdeetako adituek egoera geopolitiko berria eta bere eragina energian eta industrian aztertuko dituzte.

EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak) eta Orkestrak (Lehiakortasunerako Euskal Institutua), lankidetzan antolatutako mintegian energiaren eta industriaren arteko erlazioa izango da aztergai nagusia gaur eta bihar. Energia eta industria: berrikuntza eta garapen teknologikoa energia eszenatoki berrian izenburupean antolatu den mintegian, AEBen energia estrategia eta perspektibak entzutearekin batera, goraka ari diren Txina eta India herrialdeen iritzia ere jakiteko aukera izango da. Horretaz gain, Europako eta Afrika iparraldeko herrialde batzuen ideiak eta proiektuak azalduko dira mintegian.

Nazioarteko mintegi edo foro horrek industriaren egungo egoera aztertu nahi du, zenbait eragile geopolitikoren ikuspegi edo iritzi trukaketaren bidez, industriaren jardueran funtsezko faktorea den energiari lotutako gaiak jorratuz. Izan ere, munduko herrialde nagusien jarrera geopolitikoa, ekoizleak diren herrialdeen egoera, eta gero eta energia gehiago eskatzen duten herrialdeen goranzko ekonomia ari dira aldatzen munduan energiaren egoera eta, hein handian, eragin nabarmena dute industriaren eta munduko ekonomiaren nondik norakoan.

Egoera soziopolitikoaren inguruko azterketaren ondoren, hitzaldien bigarren jardunaldian saio paraleloak izango dira, energia iturri berriztagarri batzuen energia ustiapen edo aprobetxamenduan emandako aurrerapausoak aztertuko dira saio horietan. Era berean, zerbitzu bera emateko energia kontsumoa murrizten duten eraginkortasun handiko teknologien aplikazioaz arituko dira. Horretaz gain, energia biltegiratu edo metatzeko teknologiak ere izango da hizpide saio horietan, garrantzi handiko gaia dena, energia berriztagarriak erabat garatzeko eta zabaltzeko; izan ere, energia metatzeak ahalbidetuko du energiaren eskuragarritasuna eta eskari handienen orduak aldi berean izatea.

Gai horiek guztiak jorratzeko eta ideiak eta ikuspuntuak zabaltzeko, mintegiaren lehen jardunaldian ospe handiko adituak izango dira; esate baterako, Hank Courtright, Electric Research Instituteko presidenteordea; Dan Dorner, Energiaren Nazioarteko Agentziako analista; Qin Haiyan, Chinese Wind Power Associationeko idazkari nagusia eta Sami Andoura, Research Fellow de Notre Europeko ordezkaria.

Horiekin batera, jardunaldien bigarren egunean, José Ignacio Hormaechek, EEEko idazkari nagusiak, 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren barruan dagoen Estrategia Energibasque, garapen teknologikoa eta industriala azaltzen dituena, eta Eusko jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana aurkeztuko ditu. Horretaz gain, George H. Yatesek ere parte hartuko du, AEBetako Heyco Energy enpresako presidenteak, gas natural ez konbentzionala ustiatzen espezializatutako enpresa.

Guztira, nazioartean ospe handia duten 30 aditu arituko dira hizlari eta moderatzaile, 8 saiotan banatuko diren 28 aurkezpenetan.

Euskadiko industriaren esperientzia

Mintegiaren harira, Eusko Jaurlaritzak 2020ko Euskadiko Energia Estrategiaren nondik norakoa azalduko du. Halaber, 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ardatz nagusiak azalduko dizkie bertaratuei. Hain zuzen ere, estrategia eta plan horietan oinarrituta, kalitateko energia horniketa eta errentagarria bermatu ahal izango zaizkie euskal enpresa eta industriei eta, aldi berean, teknologia berrien bidez, gure herrira ezagutza, balio erantsia eta aberastasuna ekartzeko aukera emango dute.

Nabarmendu behar da euskal industriak egindako ahalegina eraginkortasun handiko teknologiak ezartzen, lehiakortasun handiagoa izatea eta energiaren aprobetxamendu hobea edukitzea ahalbidetu duena. Izan ere, eraginkortasun handiko teknologien sarrerak, esaterako, baterako sorkuntza, kontsumo handia duten ekoizpen prozesuetan neurri zuzentzaileak hartu izanak eta energia iturri garbiago eta lehiakorragoen erabilerak, gas naturala, kasu, hobekuntza nabarmena ekarri diote euskal industriari, energia kontsumoari dagokionez.

Alde horretatik, aipatzekoa da euskal industriak hartutako erabaki eta neurriak energia aurrezteko. Hala, azken 10 urte hauetan, Euskadin izan den energiaren aurrezpenaren %70 industriari dagokio. Hain zuzen ere, aurreko energia estrategietan ezarri ziren helburuak gainditu ditu, eta %10 hobetu ditu aurreikuspenak. Orotara, aurrezpena 650.000 tep (tona petrolio baliokide) izan da, 2000. urtean izandako kontsumoaren aldean. Aurreztutako kantitate horren garrantziaz ohartzeko, 2010ean, bizitegi alorrean kontsumitutako energia guztiaren baliokidea dela nabarmendu behar da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda, Ignacio Mª Echeberria, Juan Tomás Hernani