Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak Txema Aguirre Larraona, ETAk 1997an hil zuen agentea, omendu du

2022-10-13
  • Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren omenaldi-ekitaldien barruan egin da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren urtero banaka egingo ziotela aitorpen, oroimen eta omenaldi ekitaldia ETAk hildako ertzain bakoitzari
  • Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatuko dute

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak, Ertzaintzaren Burutzako kideekin eta Txema Aguirre Larraona agentearen lankideekin batera, omenaldi hunkigarria egin diote gaur agenteari, ETAk hil zueneko 25. urteurrena betetzen denean. Lore-eskaintza agentearen omenez Bilboko Guggenheim Museoko plazan (Txema Aguirre ertzainaren plaza) dagoen plakaren ondoan egin da, eta bertan izan dira omenaldi-ekitaldia Ertzaintzarekin batera antolatu duten senitarteko eta ahaideak ere.

Txema Aguirre 1997an hil zuen ETAk, Bilboko Guggenheim Museoaren ingurua zaintzen ari zenean, museoaren inaugurazioa baino hainbat egun lehenago. Agenteak furgoneta susmagarri bat ikusi zuen, eta ibilgailurantz zihoanean, atentatua egiteko lehergailuak ezkutatzeko jardinerak jartzen ari zen talde terroristako kide batek tiro egin zion.

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura” arautzea.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin ziren agenteei Ertzaintzak proposatu die minutu bateko isilaldia egitea euren lanpostuetan. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatuko dute gaurtik aurrera; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)