Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 20.363 etxebizitza birgaitzeko laguntzak eman ditu 2009. Urtean

2010.eko urtarrilak 18

2009ko ekainaren hasieran, Jaurlaritzak -Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburu Iñaki Arriola jaunak proposatuta, eta ekonomia suspertzeko neurrien barnean- Ezohiko Plan bat onartu zuen etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzetarako.


Planak 22 milioi inguruko aurrekontua zeukan, hau da, ordura arte zeuden 12 milioiak baino hamar milioi gehiago.


2009. urtea amaitutakoan, eta ixte-datuak izanik, birgaitzeko programaren aurrekontua gauzatzeko ehunekoa % 100 da.


Are gehiago, beste laguntza-ildo batzuetan aurrekontu-saldoak daudela aprobetxatuz, beste 288.044 euro gehiago bideratu ahal izan dira gastuetarako; hortaz, birgaitzeko diru-laguntzei dagokienez 2009. urtean gauzatu den gastu erreala 22.288.044 euro izan da, eta 20.363 etxebizitza birgaitzen lagundu da.


Araban, 3.297.110 euroko diru-laguntzak eman dira, eta 3.120 etxebizitza birgaitu dira; Bizkaian, eman diren diru-laguntzen zenbatekoa 10.357.369 euro izan da eta 10.651 etxebizitza birgaitu dira; Gipuzkoan, aldiz, eman diren diru-laguntzen zenbatekoa 8.633.565 euro izan da, eta 6.592 etxebizitza birgaitu dira.


Birgaitzeari dagokionez, 2009an gauzatu diren eta diru-laguntza horiek lagundu dituzten inbertsioen zenbatekoa 380,1 milioi euro izan da Euskal Autonomia Erkidegoan.


Diru-laguntza horiei lotutako birgaitzeetarako inbertsioen aurrekontua ia 49,4 milioi izan da Araban; Bizkaian, birgaitzeko inbertsioen zenbatekoa 184,8 milioi euro inguru izan da; eta Gipuzkoan, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko egin diren inbertsioen kopurua 145,9 milioi euro inguru izan da.


Sail honen helburua honako hau zen: 2009. urterako hasiera batean aurreikusita zeuden diruz lagundutako 13.000 jardunetatik 20.000 jardun ingurura igarotzea, eta helburu hori soberan bete da. Horrela, etxebizitzak birgaitzeko 6.000 obra berri sortu dira. Hortaz, oso ekimen arrakastatsua izan da, helburuak soberan gainditu baitira.


Etxebizitza Sailak, udalen laguntzarekin, birgaitze-politika sustatu nahi du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gremioen ekonomia-jarduera bultzatzeko, baita higiezin zaharkituak eta hiri-ingurune andeatuak berreskuratzeko ere, Hiriber Programaren barruan. Programa hori laster onartuko du Jaurlaritzak.


Gaur egun, 80.000 etxebizitza inguru daude egoera txarrean. Horregatik, Sail honen asmoa da datozen urteetan merkatura ateratzen diren etxebizitza publikoen zati bat higiezin birgaituak izatea, edo gaur egun andeatuta dauden eremuetan eraikitzea etxebizitza horiek.


Oso balantze positiboa


Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeari dagokionez, jardunei buruzko Ezohiko Planak birgaitze bakaneko laguntzak (partikular batek eska ditzakeen laguntzak bere etxe barruko edo kanpoko edozein eremu modu independentean konpontzeko) eta birgaitze integraturako ematen diren laguntzak (partikular batek konponketa bat egiteko eska dezakeen laguntza, hiri-birgaitzerako plan nagusiaren barnean) parekatzen zituen. Ehunekoa nahiz gehieneko zenbatekoa parekatzen ziren. Jardun bakanei dagokienez, batez besteko igoera portzentajezko 15 puntukoa izan da, eta %40tik %50era bitartekoa gehieneko zenbatekoei dagokienez.


Horretaz gain, planak ekarri du laguntza horiek baliatzeko aukera duten familien kopurua handitzea, eskatzen den gehieneko errenta 21.000 euro izatetik 35.000 euro izatera igaro baita.
Planak % 50 igotzen zituen etxebizitzaren elementu komunetan birgaitze-obra bakanei ekiten zieten jabeen erkidegoentzako diru-laguntzei ematen zitzaizkien laguntzak. Hau da, laguntza 2.000 eurokoa izatetik 3.000 eurokoa izatera igaro zen.


Etxepekoen Erkidegoei ere igo zitzaizkien diru-laguntzak Eraikinen Azterketa Teknikoei buruzko Txostenak egiteko. Laguntzaren zenbatekoa 1.000 euro izan da. Eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea kontuan hartu duen birgaitzea bultzatu da.
Hortaz, ekonomiaren indarberritzea bultzatzeko, enpleguaren alde egiteko eta enplegua sustatzeko, eta batez ere enpresa txikien eta ertainen jarduera ez ezik autonomoen jarduera ere indartzeko neurri bat izan da. Izan ere, krisia bereziki pairatzen ari diren sektoreak dira horiek guztiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero