Berriak Ekonomia eta Ogasuna

CARLOS AGUIRRE EKONOMIAKO SAILBURUAK Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoaren alorrean bultzatutako berrikuntzak aurkeztu ditu

2011.eko azaroak 10

 

- Kontratuen Erregistro berriak EAEko Administrazioaren kontratuek egiten duten prozesuaren berri emango die interesdunei. Tresna honek automatikoki bidaliko du informazioa Legebiltzarrera eta Herri Kontuen Euskal Epaitegira.

 

- Kontratisten Erregistro Ofizialak izapideak kendu eta enpresen lehia errazten duten elkarreragingarritasun-tresnak ezarri ditu.

 

- “Kontratazio Publikoa Euskadin” atariak 1.020 espediente argitaratu ditu bere lehenengo urtean, 2.531 milioi euroko balioarekin.

 

- Kontratuen inguruko Errekurtsoen Organoak 54 errekurtso erantzun ditu abiarazi zenetik 100 egun bete direnean. Organo independente horrek adjudikazioa zuzenbidearen arabera egiten dela bermatzen du, eta lizitatzaileen interesetarako babes-bermeak eskaintzen ditu.

 

- Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoaren alorrean hasitako jarduerei esker gardentasuna sustatu da eta, ondorioz, lehia eta norgehiagoka handiagoa eragin da adjudikazioetan, prezioak hobetzea eragin duena.

Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak egun bitan egiten ari den Administrazio Kontratazioari buruzko Mintegia inauguratu du. Hainbat aditu bildu dira mintegi horretan, eta Kontratuen Legeari egindako erreformak eta lankidetza publiko eta pribaturako irekitzen diren bide berriak aztertuko dituzte, besteak beste.

 

Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoaren eremuan egindako berrikuntza nagusiak azaldu ditu sailburuak. Alde batetik iragarri du laster Kontratuen Erregistro berria abiaraziko dela, EAEko Administrazioaren kontratuen oinarrizko bilakaera ipiniko duela interesdunen esku. Tresna horren bitartez lizitazio-prozesuan epeak bete diren, prezioa aldatu den eta izan diren aldaketak kontsultatu ahal izango dira.

 

Informazio hori Legebiltzarrari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta legezko gainerako hartzaileei bidaliko zaie eta, halaber, eskuragarri egongo da herritar orok Internet bidez erraz-erraz eskuratu ahal izan dezan.

 

Kudeaketaren eraginkortasunari dagokionez, eta enpresei kontratu publikoen izapide eta irisgarritasuna errazteari dagokionez, sailburuak Kontratisten Erregistro Ofizialaren zeregina azpimarratu du. Izan ere, EAEko edozein adjudikatzeko ahalen aurrean lizitatzeko aukera ematen die enpresei, lehiatzeko gaitasunari buruzko dokumentaziorik aurkeztu behar izan gabe.

 

Une honetan enpresek telematikoki egin dezakete inskripzioaren alta, aldaketa edo berritzea, bulegoren batera joan behar izan gabe. Enpresek izapide gutxiago egin behar izan dezaten, berehala abiaraziko da Kontratisten Erregistro Ofizialaren berritze automatikoa. Erabilgarri dauden elkarreragingarritasun-tresnak erabiliz, dagoeneko ez da beharrezkoa izango Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izateari buruzko ziurtagiriak aurkeztea sei hilez behin. Horren ordez, erregistroak automatikoki egingo die kontsulta foru-ogasunei, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari. Horrela, enpresen lizitazio-kostuak aurreztuko dira, eta eskuragarriagoak izango dira Euskal Administrazioaren kontratuak.

 

Nabarmendutako beste jardueretako bat “Kontratazio Publikoa Euskadin” atari berria izan da. Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen atari hori, Eusko Legebiltzarrak aginduta. Bada, urtebete bete du, eta 1.000 kontratazio-espediente baino gehiago argitaratu dira epe horretan, 2.531 milioi euroko balioarekin.

 

Atarirako garatu diren tresnei esker Eusko Jaurlaritzakoak ez diren beste adjudikatzeko ahal batzuk ere sar daitezke bertan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sektore publiko guztiaren eta EAEko gainerako adjudikatzeko ahalen esku ipini da.

 

Tresna hori partekatuta, garapen erredundanteetan egindako gastuak aurrezten dira eta, gainera, aukera ematen du enpresek atari bakar batean sartzeko EAEko sektore publikoko kontratuak ikusteko. Bada, kontratatzailearen profilak, enpresak kontratu publikoetara sartzeko ateak, 19 adjudikatzeko ahal hartzen ditu gaur egun, EAEko hainbat udal barne.

 

Kontratatzailearen profil berri honekin baliabide gutxiago kontsumitzen dira burokrazia-lanetan, epeak laburtzen dira, prozedurak sinplifikatu eta, ondorioz, kostuak merkatu egiten dira administrazioarentzat, enpresentzat eta herritarrentzat.

 

 

Kontratatzailearen profilak, era berean, Adjudikaziodunaren profila elikatzen du. Erregistro horretan herritar edo enpresek aukera dute indarrean zein kontratu dagoen, zein zenbateko duen, zeinek zer kontratatu duen, norekin kontratatu duen… ikusteko. Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan da ekimen horretan, eta bide ezin hobea izan da edozeinek ikusi ahal izan dezan Euskal Administrazioaren kontratuei buruzko informazioa.

 

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren jarduera aipatu behar da. Jaurlaritzak bultzatutako organoa da hori, eta errekurtso berezi guztiez zein adjudikatzeko ahalen egintzen kontra ipiniko diren deuseztasuneko kasuez arduratzeko sortu zen.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta toki-administrazioaren sektore publikoetan dauden adjudikatzeko ahal guztiek bete beharko dituzte organo honen ebazpenak. Izan dituen lehenengo ehun egunetan 41 kontratazio-espedienteri eragiten dieten 54 errekurtso inguru erantzun ditu. Errekurtso horiek kontratazio publikoaren arloan euskal administrazioetan irizpide bakarrak eta homogeneoak ezartzea lortzen ari dira.

 

EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoarekin, kontratu publikoren batean parte hartu duten lizitatzaileek adjudikazio-prozeduraren aurka egiteko aukera izango dute kontratua sinatu baino lehen. Orain arte kontratazioa bultzatzen zuen kontratazio-organoak ebazten zituen errekurtsoak. Atzera eginez gero, errekurtso-egileak administrazioarekiko auzi-bidera jo zezakeen. Ondorioz, batzuetan, kontratua gauzatzen hasi ondoren heltzen ziren ebazpenak.

 

Administrazio-organo honekin eraginkorragoak dira ebazten dabiltzan errekurtsoak, aurkaratutako kontratua artean abiarazi gabe dagoenean ematen baititu ebazpenak organoak.

 

Hitzaldiarekin amaitzeko, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak kontratazioaren alorrean bultzatutako jarduera horiek gardentasuna sustatzen dutela eta ondorioz, lizitazioetan lehia handiagoa egotea lortu dutela. Lehia handiagoa egonez, norgehiagoka ere handitu da eta, beraz, prezio hobeak lortzen dira adjudikazioetan, eta baliabide publikoak optimizatzen dira.

 

 

2 iruzkin
  • 2012.eko abuztuak 01

    ¿Y dónde estan las resoluciones del Òrgano Administrativo de Recursos Contractuales del País Vasco? ¿Y los informes de la Junta Consultiva de Contratación del País Vasco? ¿Porqué no se les da acceso a través de Internet, para fomentar la transparencia y "compartir" el conocimiento y los pronunciamientos de estos órganos?

  • @econtratacion
    2011.eko azaroak 14

    Comentario de Twitter:
    Presentadas las novedades en contratación pública impulsadas por el Gobierno Vasco http://t.co/PKIGi58F

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)