Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak hirigintzaren ikuspegi barneratzailea defendatzen du, horrek herritarren bertakotasun-sentimendua areagotzen baitu

2011.eko azaroak 09

Hirigintza Barneratzailea Mintegia. Kaleek generoa dute

Hirigintzaren kudeaketan eta plangintzan generoaren ikuspegia barne hartzea da Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak gaur inauguratu duen mintegiaren gaia. Mintegia, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak antolatuta, gaur hasi da Gasteizko Europa Jauregian eta ostiralera arte iraungo du.

Bere esku-hartzean, Arriolak esan du pauso garrantzitsuak eman direla emakumeak egungo gizartean balioetsi, barne hartu eta ikusarazteko politiketan (agintaritza politikoek sustatu dituzte, batik bat), baina, beraren ustez, instituzio eta erakunde pribatuetan ez da hain aurrerapen garrantzitsua lortu. Sailburuaren hitzetan, aurrerapausoak lortu diren arren ezinbestekoa da "arlo politiko, ekonomiko, sozial, urbanistiko, kultural, publiko eta pribatu guztietan politika aktiboak, neurri zehatzak, praktikak eta jarduera handi nahiz txikiak” sustatzen jarraitzea.

Horrez gain ziurtatu du emakumeen ikuspegia hirigintzaren arloan jasotzea ikuspegi barneratzailea da, mesedegarria da kolektibo guztiarentzat, baita herritar guztiek, emakumezkoek nahiz gizonezkoek, beren hiriari buruz duten bertakotasun-sentimendua areagotzeko, baita beren hiriaren eguneroko kudeaketarekin identifikatzeko eta erantzukidetasunerako ere.

“Emakumearen ikuspegitik, herritarren aniztasuna barne hartzen duten hiriak lortzeko lan egitea, denboraren eta ordutegien politika kontuan hartzen duten hurbileko hiriak lortzeko (alderdi horrek bereziki zigortzen ditu emakumeak, laneko eta familiako bizitza bateratzea zailtzen baitu) eta garraio-zerbitzu publiko ona, herritarrentzako zerbitzu eraginkorrak eta espazio aldetik kontzentratuak eta espazio publiko seguruak dituzten hiriak lortzeko lan egitea emakumeen alde lan egitea da, bai, eta emakumeei esker, hirietan bizi garen pertsona guztien mesederako lan egitea da”, esan du Arriolak bere esku-hartzean.

Egun hauetan, hirigintzaren eta aukera-berdintasunaren arloetako aditu askok generoaren eta hirigintzaren esparruan gauzatu diren esperientzietan, antzeman diren beharretan eta sarri egoten diren arazoetan sakonduko dute.

Goizean Isabela Velázquez hirigile ezagunak azpimarratu du nahitaezkoa dela hirigintzan irizpide berri batzuk barne hartzea, hala nola, generoa, ingurumena eta alderdi sozio-ekonomikoak, herritar guztiak kontuan hartzen dituzten politikak eskaintzeko.

Hirigintzak gauzatu behar duen etxekotze-prozesuaren gaia mahaigaineratu du, eta bereziki azpimarratu du espazio publikoen erabileren nahasketa, oraindik gauzatzeke dagoen zeregin bat baita. Bestalde, lana eta etxea kontzeptuak bateratzearen garrantzia azpimarratu du, hau da, hurbileko enpleguak ahalbidetzea, bereziki krisi garaian gaudela eta enplegua sortzea lehentasun argi bat dela kontuan hartuz.

Horrez gain, mintegian azpimarratu da beharrezkoa dela emakumeek hirien diseinuan parte hartzea, emakumeek erabakiak hartzerakoan duten esku-hartze faltaren arazoa konpontzeko eta ideia berritzaileak lortzeko.

Mintegian, halaber, segurtasuna, garraioa eta mugikortasuna jorratuko dira. Alderdi horiek guztiak berez daude lotuta hirigintza barneratzailearen kontzeptuarekin.

Horretarako, egun hauetan Osoko Bilkurak egingo dira, kontzeptu eta ideia nagusiak azaltzeko, baita Tailerrak ere, arlo horietan sakontzeko, metodologiak aurkeztuz eta esperientzia arrakastatsuak azalduz, bertaratuei zer eta nola egin jakiteko eta beren errealitatera egokitzeko aplikazio praktikorako tresnak eta ezagutza emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)