Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Haur Etxeek haurrak zaintzeko eskaintza zabaltzen dute, eta kontziliazioa errazten

2011.eko azaroak 09

 

  • "Adingabeen zaintza lan-jarduerarekin bateragarri egin nahi duten familientzako baliabidea da", azpimarratu du Gemma Zabaletak

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean Haur Etxeak proiektua aurkezteko. Proiektu horren bidez familia sustatzeko programen egungo eskaintza zabalduko da, eta familia eta lana bateratzen lagunduko die 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoei.

Haur-etxeen ekimena ez da sortu haurtxoak zaintzeko oraingo sistemei edo hezkuntza-sistemari lehia egiteko; aitzitik, haren helburua gurasoek lana eta familia bateratzeko orain duten eskaintza zabaltzea baino ez da. Une hauetan ikusten ari gara eskaintza hori ez dela nahikoa herritarren eskaerari aurre egiteko. Programa hori modu esperimentalean abiatu da Bilboko hiru etxetan eta Getxoko batean; laster Getxoko beste bat gehituko zaie, enplegua sortzeko beste aukera bat gehiago den egitasmo horretan.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak adierazi duenez, "adingabeen zaintza eta lan-jarduerari eustea bateragarriak izatea nahi duten familientzako baliabide bat da Haur Etxeak zerbitzua, gizarte modernoetan gero eta zabalduago dagoen eskaera bat".

Inkestetan islatzen denez, lana adingabeen zaintzarekin bateratzeko zailtasunak haurtzaroko etapa guztietan izaten dira. Zailtasun handienak bizitzako lehenengo urteetan sortzen dira. "Hain zuzen ere, adin horretan du adingabeak autonomia txikiena, eta haurtzaindegietan eta ikastetxeetan ez da guztientzako lekurik bermatzen", adierazi du Zabaletak.

Era horretako zerbitzu komunitarioetan urte askotako esperientzia duten herrialdeetan, besteak beste, Frantzian eta Erresuma Batuan, gertatu den bezala, haur etxeak haurtxoak zaintzeko egungo eskaintza zabaldu eta osatzeko helburuarekin sortu dira: ohiko haur-eskolak, aitona-amonak, etxeko langileen kontratazioa, lan‑ordutegiaren murrizketa edo, okerrenera jota, lanpostuari uko egitea.

Programa honek baditu zenbait aurrekari Espainian, besteak beste casas amigas Nafarroan eta casas canguros Goi Aragoin, eta malgutasun handikoa da, ezaugarri nagusi gisa. Izan ere, zerbitzuak zaintzailearen etxebizitzan bertan ematen dira urteko lanegun guztietan eta familia bakoitzaren premietara egokitutako ordutegietan. Eta kontziliazioaren helburua lortzeko, haur etxeak familiaren etxebizitzatik edo gurasoen lantokitik gertu egongo dira.

"Beren etxekoaren antzeko giroan daude, baina adingabeen zaintzan prestakuntza akademikoa duen eta erakunde publikoek emandako ziurtagiri profesionala duen pertsona baten orientazioaren eta ikuskapenaren pean" nabarmendu du Zabaletak.

Fase pilotua

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean jardunda, Lan Ekintza-Bilbao agentziak hautatu eta prestatu ditu haurren zaintzaz arduratuko diren pertsonak. Era berean, zerbitzu hori abian jartzeko, sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du mota honetako esperientzietan ibilbide luzea duen Agintzari gizarte-ekimeneko kooperatiba-sozietatearekin.

Hautagaien prestakuntza-prozesua 250 ordukoa izan da, eta 2010eko abenduaren eta aurtengo apirilaren artean garatu da. Horren ondoren, Bilboko eta inguruetako bost etxebizitza partikular aukeratu dira, eta horietako bakoitza 3 edo 4 haurtxo jasotzeko egokitu eta ekipatu dira. Horietatik lauk joan den udatik dihardute lanean, eta bosgarrena ateak irekitzear dago.

Bizkaiko 5 haur-etxetan urte honen amaieran bukatuko den lehenengo fase esperimental horren ondoren, 2012an beste 18 unitate ezarriko dira arian-arian Euskadiko gainerako herrialdeetan. "Halaber, hori funtsezko unea izango da zerbitzua arautzeko, homologatzeko eta ikuskatzeko araudi espezifikoa garatzeko, eta eraginkortasun praktikoa 2013an gauzatzeko asmoa dugu", azpimarratu du sailburuak.

Amaitzeko, Gemma Zabaletak nabarmendu du familia uztartzeko eta sustatzeko ekimen hori prestakuntza- eta enplegu-programekin lotuta dagoela, baita ekonomia soziala sustatzeko eta garatzeko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak kudeatzen dituen programekin ere.

Etxebizitzen ezaugarri teknikoak

- Zerbitzua emateko erabiliko den etxebizitzaren azalera erabilgarria ez da 8m2-tik beherakoa izango zerbitzua emango den ordutegian bertan egongo den haur eta heldu bakoitzeko.

- Telefonia-linea, eta, ahal dela, Interneteko konexioa.

- Haurrek atseden hartzeko eta haurrak zaintzeko hornitutako eremua.

- Gutxienez bainugela bat izango du, eta bainugela horrek honako elementu hauek izango ditu: haurrak aldatzeko lekua, pixontziak eta haurrek soilik erabiltzeko gauzak.

- Eremua egokituta egongo da etxeko giroa segurua eta babeslea izateko.

- Segurtasun-elementuak etxean eta hornikuntzan.

- Hornikuntza elektrikoa, koadro diferentzialarekin.

- Ez da suzko berogailurik eta/edo tximiniarik izango.

- Galdararen instalazioaren eta egindako ikuskapenen ziurtagiria.

- Lehen laguntza pediatrikoetarako botikina.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)