Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

2009. Urtean Enplegu Erregulazioko Espediente batean sartutako langileen % 49 lanpostura itzuli dira jadanik

2010.eko urtarrilak 18

Etenaldiko edo lanaldi-murrizketako Enplegu Erregulazioko Espedienteren (EEE) batean 2009. urtean sartu diren 53.639 langileen % 49,4 erregulaziotik atera dira jada, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera. Hau da, 26.527 pertsona itzuli dira haien lanpostuetara. Horrela, etenaldiko edo lanaldi-murrizketako espedienteren batean enplegu-erregulazioa jarraitzen duten langileak 27.112 dira. Horietatik, 13.105 bigarren EEEan daude, eta 14.007 lehenengo espedienteren batean.

Aipatu behar da 2009. urtean 66.744 langile sartu direla guztira etenaldiko edo lanaldi-murrizketako espedienteetan, baina kontuan izan behar da kopuru horretan bi aldiz agertzen direla bigarren EEE batean sartutakoak. Beraz, ondorio hori alde batera utzita, 53.639 langile sartu dira benetan 2009. urtean espediente-mota horietako batean.

2009. urtean baimendu diren kontratua eteteko eta lanaldia murrizteko espediente guztietatik (2.456), orain 1.139 (% 46) daude indarrean. Abenduaren 31 arte Euskal Administrazio Publikoak 2.702 espediente ebatzi ditu guztira. Horietatik, 2.565 baimendu ditu, 46 ukatu ditu eta 91ren kasuen eskatzaileek atzera egin dute. Baimendutakoetatik, 2.352 etenaldikoak izan dira (65.574 langile), 104 lanaldia murriztekoak (1.170 langile) eta 109 kontratua amaitzekoak (1.978 langile). Horrela, 2009ko ekitaldian 68.722 langile sartu dira Euskal Administrazio Publikoak baimendutako enplegu-erregulazioko espedienteetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak baimendutako espedienteei Administrazio Zentralak onartutakoak gehitu behar zaizkie, eta horiek 139 ziren 2009ko urriaren amaieran, eta 11.093 langile hartzen zituzten. Bestalde, 2009. urtean 938 pertsona sartu ziren ezinbesteko 78 espedienteetan, eta horietatik 853 arrantzaren sektorean antxoa arrantzatzeko debekuari zor zaizkio.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan