Berriak Hezkuntza

DIPC - Donostia International Physics Center handitzea

2022-10-07
  • Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handituko dutela iragarri du
  • Hezkuntza Sailaren finantzaketarekin gauzatuko den proiektuan Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere elkarlanean ari dira
  • Instalazio berriekin, DIPC-k jauzi kualitatiboa emango du zientzia-jardueran, ikerketa-ildoak are gehiago dibertsifikatuta eta jarduera esperimentala areagotuta

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean iragarri du Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handitzeko eraikin berria altxatuko dela Donostian. Agerraldia ikerketa-zentroaren egoitzan bertan izan da, eta sailburuarekin batera, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pedro Miguel Etxenike DIPC Fundazioko presidenteak ere parte hartu dute ekitaldian.

Eraikuntza-proiektua Hezkuntza Sailak finantzatuko du, eta Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatuko da. Aurrez Udalak lagatako lursailean egingo dira lanak, egun aparkalekua dagoen tokian, DIPCren eraikin multzoa dagoen esparruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, azpiegitura zientifikoen plan bat bultzatuko du, eraikin berria ekipamenduz hornitzeko. Eraikin berriak ez ditu ordezkatuko BERC bikaintasuneko ikerketa-zentroak gaur egun dituenak; dagoeneko erabiltzen dituen eraikinei beste bat gehituko zaie DIPC dagoen gune berean, honen jarduera zabaldu eta osatzeko.

DIPCren Zuzendaritzak jarri du abian, dagoeneko, eraikin berriaren eraikuntza-proiektua idazteko lana eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzeko lizitazioa.

Ikerketaren aldeko apustua

Hitza hartu duelarik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak erakundeak ikerketa eta zientziaren alde egiten ari diren apustua izan du hizpide, hain zuzen ere. “Erakundeen erantzukizuna da behar dituzten baliabideak profesionalen esku ipintzea. Eta orain DIPC-ri iritsi zaio unea. Erabaki honek erakusten du zein irmoa den Eusko Jaurlaritzak zientziaren eta bikaintasuneko ikerketaren alde egiten duen apustua. Ikertzen duen herria, aurrera egiten duen herria da. Inbertsio handia izango da, baina beharrezkoa. Euskadik nazioartean erreferente izaten jarrai dezan nahi dugu, proiektu zientifiko garrantzitsuenei aurre egiteko bazkide fidagarria”, adierazi du sailburuak.

Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi du DIPC Donostiako Udalak lagatako eraikinetan eta lurretan ari dela lanean, eta horietan gauzatuko dela oraingo handitzea ere; alkateak baieztatu duenez Udalak “ekin dio lanari” DIPC handitzeko proiektuaren tramitazio urbanistikoa bizkortzeko, eta “beharrezko diren pauso guztiak emango ditugu instalazio berriak errealitate bihur daitezen albait lasterren”.

Goiak azaldu du Donostia “zientzia eta ezagutzaren hiria” dela, hirian arlo horretan ari den profesional kopuru altua eta garatzen ari diren ekimenen zenbatekoa aintzat hartuta. Gogora ekarri du lau unibertsitate campus daudela hirian, zientzia eta teknologiaren euskal sareko erreferentziazko zenbait zentro ere bai, eta bost mila pertsona inguru ari direla Donostian I+G arloko jardueretan lanean. “DIPC puntarengo zentroa da, gure bikaintasun-ikurra nazioarteko ikerketa zientifikoari dagokionez. Horregatik, erakundeen bultzada eman nahi diogu bere jarduerari, eta erabat babesten dugu handitzeko proiektua. Horrek guztiak indartzea eta etorkizuneko apustua egitea esan nahi du”, adierazi du. “Donostia erreferentziazko hiria da nazioartean ikerketaren esparruan, eta hori DIPCren pareko ikerketa zentroei zor diegu, zientzia eta teknologiako hirien sarearen munduko mapan jartzen baikaituzte”, gaineratu du.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, DIPCren ibilbidea txalotu du. Batetik, “bikaintasunez egindako ikerkuntzaren” ikurra delako bere sorreratik eta, bestetik, Gipuzkoaren “garapen ekonomiko eta sozialean “berebiziko ekarpena” egin duelako. “Bere instalazioen zabaltzearekin bat, etorkizunaren aldeko apustu sendoa egiten du DIPCk eta hori oso berri ona da gure lurralderako. Eraldatzen ari den mundu honetan, izugarrizko balioa du DIPC bezalako erreferentziazko zientzia gune bat –Gipuzkoatik mundura zabalik lan egiten duena– gurean edukitzeak eta bere jarduna indartzeak”, adierazi du, Foru Aldunditik zentroarekin elkarlanean jarraitzeko “konpromisoa” berretsiz.

Bestalde, Pedro Miguel Etxenikek gogorarazi du DIPC nola sortu zen eta zein izan den orain arte egindako bidea. “DIPC oso sustrai sendoekin jaio zen, eta neurri egokiarekin. Hasierako ikerketa-jarduera arlo jakin batean zentratu zen, materialen zientzian, batez ere EHUko Kimika Fakultateko ikerketa-talde batetik abiatuta, ordurako talde hura arlo horretan erreferente baitzen. Pixkanaka eta modu iraunkorrean, hazten joan gara, gure jarduera eta ikerketa-ildoak modu naturalean zabalduz. Bide horretan, gainera, beti izan dugu erakunde publikoen laguntza eta konfiantza. Erakunde horiek ulertu dute gure instalazioak txiki geratu direla lortutako bikaintasun-mailari eusteko”.

Etxenikek azaldu du DIPCren arrakastak bere ametsik baikorrenak ere gainditu dituela, eta harro dagoela Euskadi zientziaren herrialde bihurtu dela ikusteaz, eta Donostia zientziaren hiri bihurtu dela ikusteaz. Desio hori 1998an formulatu zuen EHUren Urrezko Domina jaso zuenean, eta 2000. Urtean errepikatu zuen, Hiriaren Urrezko Domina jasotzeko hitzaldian.

Diziplinartekotasuna eta jardun esperimentala

DIPC zentroa BERC (Basque Excellence Research Centre) bikaintasuneko ikerketa-zentro bat da, ikerketa-lana fisikaren eremuan garatzen duena. Gaur egun, 35 nazionalitate baino gehiagoko eta zientziaren adar oso anitzetako 180 ikertzaile inguru ditu DIPCk kontratatuak, horietako asko Ikerbasque ikertzaileak direnak, beste hainbat ikertzaile elkartuez eta bisitariez gain. Horien artean bi Nobel saridun ere badaude, UPV/EHUrekin partekatuak, eta DIPCren lantaldeko kide direnak. DIPC-k gaur egun garatzen dituen ikerketa-proiektuen artean, Teknologia kuantikoei edo Superkonputazioari buruzkoak nabarmentzen dira.

Espazio eta instalazio berriak eraikitzean, DIPC-k jauzi kualitatiboa emango du bere zientzia-jardueran, Plan Estrategikoan jasota duenaren ildotik. Bi ideia nagusi daude DIPCren zientzia-jarduerarako etorkizuneko hazkuntzaren oinarrian: batetik, dibertsifikazioa eta diziplinartekotasuna; bestetik, jarduera esperimentala areagotzea.

Historikoki, DIPCren ikerketa-ildoek materia kondentsatuaren fisika eta materialen zientzia izan dituzte ardatz. Azken urteotan, DIPC zenbait gairen inguruan (ildo berriak partikulen fisikan, kosmologian eta neurofisikan) dibertsifikatzeko prozesu estrategiko bat sustatzen ari da, eta hark aukera eman du zentroaren ekosistema zientifikoa aberasteko. Espazio berriei esker, zentroak ikerketa-ildoak are gehiago dibertsifikatzeko eta jorratzen dituen fisikaren eremuak zabaltzeko erronkari helduko dio. Horrek aukera ematen du diziplinarteko ikerketa-proiektuak garatzeko, egungo zientziako tresna ahaltsuenetako bat dela hori kontuan hartuta.

Bestalde, instalazio berriek aukera emango dute jarduera esperimentala areagotzeko ere. Orain arte, DIPCren ikerketaren zati handi batek izaera teorikoa eta/edo konputazionala zeukan. Alderdi horri uko egin gabe, zentroaren aktibo nagusietako bat dela kontuan hartuta gainera, DIPC-k beharrezkotzat jotzen du laborategi esperimentalen garapena sustatzea. Jarduera teorikoa eta esperimentala ingurune fisiko berean konbinatzeak mugako ikerketa sustatzen du.

Hala ere, eraikin berria ez da izango soilik gaur egun dagoen jarduera zabaltzeko ekipamendu gehigarria. Eraikin enblematiko bilakatzeko sortuko da, DIPC-k fisikaren abangoardian ikerketa-zentro gisa duen irudia sustatuko duena. Espazio berria dagoeneko bertan dagoen eraikin-multzoa antolatuko duen pieza izango da.

Gaur egun, DIPC-k lau eraikin ditu, UPV/EHUren Ibaetako campusean. Kokapen honi esker, zentroak harreman estuak eta emankorrak ditu inguruko gainerako erakundeekin –ikerketan eta unibertsitateko irakaskuntzan ari direnak–. Eraikin berria ere hurbileko ingurunera zabalik egongo da.

Eusko Jaurlaritzaren IKUR estrategia

DIPC-k Hezkuntza Sailaren IKUR estrategiaren ardatzekin bat datozen ikerketa-ildoetako batzuetan dihardu lanean; beraz, zentro hau da Teknologia Kuantikoen eta Superkonputazioaren eta Adimen Artifizialaren eremuak koordinatzeko arduraduna, estrategia horren barruan. IKUR estrategiak EAEn datozen urteotan zientzia-ikerketa garatzeko lehentasunezko lau eremu estrategiko zehazten ditu (aipatutakoez gainera, baita Neurobiozientziak eta Neutrionika ere).

Eraikin berrirako proposatzen den jarduna, zati handi batean, lehentasunezko gai horien inguruko zientzia-jarduera sustatzera bideratuko da.

Basque Excellence Research Centre

22 urteko ikerketa-ibilbidearekin, DIPC lehen mailako ikerketa-zentro bilakatu da, nazioarte-mailan. Hezkuntza Sailaren bikaintasuneko ikerketa-zentroaren bereizgarria eskuratu du (BERC -  Basque Excellence Research Centre), bai eta Severo Ochoa zentroarena ere, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren aldetik.

Zientzia-ekoizpenaren kalitatea eta kopurua ditu, ikerketa-lanaren bikaintasunarekin batera, balio nagusi DIPCk. Datuek hala erakusten dute: 

  • Etengabe ari dira joan-etorrian zientzialari bisitariak: nazioarteko 3.700 ikertzaile baino gehiago, mundu osoko erakundeetakoak, DIPCtik igaro dira, 22 urteotan.
  • 2021ean, DIPCko zientzialariek 475 artikulu indexatu argitaratu zituzten, eta 24.500 aipamen jaso zituzten. DIPCren historia osoan, 180.000 aipamen baino gehiago jaso dituzten 5.150 zientzia-artikulu baino gehiago argitaratu ditu.
  • 36 artikulu argitaratu ditu Science (16) eta Nature (20) zientzia-aldizkari enblematikoetan, 2000. urtetik.
  • urte honetan, DIPC-k European Research Councilek (ERC) finantzatutako 7 proiektu ditu. Horiek dira Europako bikaintasuneko zientziaren proiektu prestigiotsuenak.

DIPC-k, sorreratik bertatik, zientzia jarduera kolektibo gisa ulertzen du, eta ikertzaileak dira haren funtzionamenduaren protagonista nagusiak. Zientzialarien arteko topaketa eta etengabeko elkarreragina sustatzen ditu, askotan informala, ideiak trukatzeko eta ezagutzan aurrera egiteko funtsezko baliabide gisa. Haiei askatasun osoa eskaintzen die euren potentzial guztia garatzeko, eta arriskuak hartzera gonbidatzen du, lan sortzailea eta elkarlanekoa sustatuz.

Era berean, jaiotzatik, zentroak gizarteari zientziaren inguruko komunikazioa helaraztea bultzatu du, zientifikoki prestatuta eta informatuta dagoen gizartea kultuagoa dela uste baitu, eta ondorioz, askeagoa gaituagoa ere bai, bere etorkizunerako bideak behar bezala hautatzeko.

2 iruzkin
  • @DIPCehu
    2022-10-07
  • @DIPCehu
    2022-10-07

    Comentario de Twitter:
    ▶️https://t.co/reHY1dx2c5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Markel Olano; Eneko Goia; Pedro Miguel Etxenike