Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

2011.eko azaroak 08

Hirurehun baliabide mugikor baino gehiago erabiliko dira: elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta laguntza eta zaintza ibilgailuak

Amparo Lopez Antelo Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak 2011/2012ko Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du gaur goizean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren egoitzan egindako lan bilera batean. Batzar horretara, Zuzendaritzako teknikari adituak ez ezik, Gobernu Zentraleko, Foru Aldundietako, Autobideetako, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologia Zerbitzuko, Ertzaintzako eta Nafarroako Foruzaingoko ordezkariak ere egon dira.

2011/2012ko Neguko Bidezaintza Planaren aurkezpena gaur goizean egin dute, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren egoitzan, Bilbon. Ekitaldian, Amparo Lopezek datu orokorrak azaldu ditu, hala nola Plana indarrean jartzeko baldintzak (elur kota 1.000 metrotik behera egotea). Gainera, elurra kentzeko 155 makina (alor horretan gorakada nabarmena egin dute, iaz 140 makina erabili baitzituzten), eta edukiera handiko ibilgailuak kentzeko zazpi garabi erabiliko dituztela ere iragarri du. Zaintza eta laguntza ibilgailuen kopuruak ere gora egingo du, eta 112 izango dira aurten. Bestalde, Ertzaintzak Trafiko Unitatearen patruila autoak jarriko ditu operatiboaren mesedetan. Operazioak irauten duen bitartean, horien kopurua handitu egingo dute, eta Ertzainetxeetako baliabideek ere lagunduko diete.

2011ko neguaren balantzea

Topaketan, iazko, 2010/2011ko, operazioaren balantzea ere egin dute. Orduan, bost aldiz jarri zuten Plana indarrean, jarraipen eta informazio fasean. Horietako lautan, Fase Operatibora pasatu ziren, elur kota 700 metrotik behera jaitsi baitzen. Bidezaintza koordinatzeko eta informazioa emateko Bordeleko zentroak, berriz, sei aldiz abiatu zuen plana, eta DGTk Valladoliden duen zentroak, azkenik, 11 aldiz.   

Egunik zailenak abendu hasierakoak eta amaierakoak izan ziren. Abenduaren 1ean elurte handia izan zen, eta horrek zirkulazio arazo nabarmenak (Bizkaiko hainbat tokitan kamioiak errepidean gurutzatuta gelditu ziren) ekarri zituen egun horretan eta hurrengoan, batik bat Sollube mendian. Abenduaren 3an txingor erauntsi handia egon zen AP-8 autobidean, Gipuzkoan, eta arazoak izan ziren Usurbilen, Orion, Zarautzen...

 

Iruzkin bat
  • @americaenbotxo
    2011.eko azaroak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Interior presenta el Plan de Vialidad Invernal. http://t.co/c9WJYcEw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko