Berriak Segurtasuna

Euskalmeten arabera, iraila beroa eta, prezipitazioei dagokienez, oso aldakorra izan da

2022-10-04
  • Batez besteko tenperaturak argi eta garbi batez bestekoaren gainetik ibili dira bosgarren hilabetez jarraian
  • Prezipitazioei dagokienez, iraila oso hezea izan da itsasertzean baina oso lehorra Araba hegoaldean

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iraila lehorra izan da, eta batez besteko tenperaturak 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoen gainetik ibili dira bosgarren hilabetez jarraian. Berez, aldi honetako batez besteko tenperatura adierazitako batez bestekoa baino 1 ºC altuagoa izan da. Horrela, itsasertzean tenperatura 19 ºC eta 20,5 ºC artean ibili da, eta Arabako Lautadan 17 ºC inguruan. Prezipitazioei dagokienez, iraila aldakorra izan da Euskadiko lurraldean, eta oso hezea izan da itsasertzeko eskualdeetan baina oso lehorra Araba hegoaldean.

Euskalmeten datuen arabera, irailean tenperaturek bilakaera argia izan dute, hilabete hasieran izandako udako tenperaturetatik azken egunetako tenperatura hotzetara. Egunik beroena irailaren 11 izan zen, egun horretan 40 ºC inguruko balioak erregistratu baitziren (Sodupe-Cadagua 40,4 °C; Derio 39,2 °C). Bestalde, azpimarratzekoak dira hilaren 12ko tenperatura minimoak ere; izan ere, hego-haizearen eraginez, 20 ºC-tik gora mantendu baitziren, eta kasu batzuetan 25 ºC inguruan ere ibili ziren, eta mende honetako tenperatura minimo altuenen errekorrak hautsi ziren, beraz (Aizarnazabal 28,3 °C; Andoain 28,2 °C; Otxandio 23 °C).

Bestalde, hilaren 21ean eta 22an, leku jakinetan, sasoiko lehenengo izotzak egin zituen. Iraileko intsolazioa normaltzat jo daiteke isurialde kantauriarrean, eta Mediterranioko isurialdean, aldiz, eguzki-orduak espero zitezkeenak baino % 15-20 gehiago izan dira, gutxi gorabehera.

Prezipitazioei dagokienez, Gipuzkoa ipar-ekialdean egin du euri gehien, eta alde handiarekin (Eskas 140,2 l/m²; Behobia 159,3 l/m²; Oiartzun 149,9 l/m²), bai eta Bilboaldean eta Gernika-Bermeon ere (Matxitxako 157,6 l/m²; Almike 135,3 l/m²). Euskadi hegoalderantz egin ahala, prezipitazio gutxiago izan da, eta euri gutxien Arabako Haranetan, Trebiñun eta Arabako Errioxan egin du (Zambrana 4,9 l/m²; Trebiño 7 l/m²; Moreda 7,8 l/m²). Balio horiekin, iraila mende honetako hezeenetako bat izan da itsasertzean eta lehorrenetako bat Araba hegoaldean.

Aldakortasun hori gorabehera, euri-egunak normaltzat jo daitezke lurralde osoan, eta 10 egunetan egin du euria Donostian, 8 egunetan Bilbon eta 5 egunetan Gasteizen.

Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 11 abisu hori aktibatu zituen irailean, horietatik 3 basoko sute-arriskuagatik, 1 muturreko tenperatura altuengatik, 3 prezipitazio handiengatik, 1 prezipitazio iraunkorrengatik, 1 olatuen altueragatik nabigaziorako eta beste 2 kostako inpaktuagatik.

Iruzkin bat
  • 2022-10-05

    COMO TODOS LOS AÑOS, ¿NO? Venga a vcailar a otro con el cambio climático, miren ustedes la estatua de la libertad a ver cuánto a subido el agua... Eso sí, los aviones que fumigan el cielo son enviados por el Lehendakari para intoxicar al ciudadano, no tenemos un aeropuerto tan grande en Gipuzkoa

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak