Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Eusko Jaurlaritzak ekonomia zirkularra bultzatzen du, Gasteizen Basque Circular Hub zentroaren beste egoitza bat irekitzearekin

2022-10-04
  • Ihobe sozietate publikoak kudeatuko duen Basque Circular Hub zentroaren Gasteizko egoitza berriak zerbitzu-zorro zabala eskainiko dio Arabako industriari
  • Zerbitzu aurreratuko zentro horrek Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiaren 2030eko helburuak lortzen lagunduko du 
  • Basque Circular Hub zentroak erreferentziazko zentroak dira Estatuan zein Europa hegoaldean; izatez, merkatu-prospektibako zerbitzuak, prestakuntza aurreratua, joeren analisia eta jakintza adituko sorrera eskaintzen duten bakarrak dira


Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur goizean Gasteizen inauguratu dute Basque Circular Hub Euskadiko ekonomikoa zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroaren beste egoitza bat.

Honako erakunde hauen arteko lankidetza-akordioari esker zabaldu ahal izan da egoitza berria: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Ihobe sozietate publikoaren bidez; Gasteizko Udala; Deustuko Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU); Mondragon Unibertsitatea; Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa; eta Novia Salcedo Fundazioa. 

"Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa hartu du ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea erraztuko duten eta, aldi berean, euskal enpresa-sarea modernizatu eta lehiakorragoa egingo duten tresnak gaitzeko. Basque Circular Hub zentroaren Gasteizko egoitza berri hau irekitzeak sendotu egiten du gure apustua", adierazi du Barredo sailburuordeak, eta, erantsi duenez, "Euskadik, une honetan, baldintzarik onenak ditu ekonomia zirkularra eragingo duen eskualdea izateko; gaur egun, jarduera hori Euskadiko barne-produktu gordinaren % 1,12 da, eta 18.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana".

"Hub zentroak gisako ekimenekin, garrantzia hartzen du erakundeen eta prestakuntza- eta ikerketa-zentroen arteko estrategia partekatuak, Europak eskatzen digun bideari jarrai diezaiogun. Gasteiz erreferente izaten jarraitzen du jasangarritasunean oinarritutako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jardueretan, eta zirkulartasunaren arloan ere erreferente izan nahi du, Europako politikekin bat egingo duen estrategia propio eta zehatzarekin", adierazi du Gorka Urtaranek. "Klima-neutraltasuna eta ekonomia-lehiakortasuna ezinbestekoak dira herritarren ongizaterako. Merkatu ekonomikoan lehiakorra izan nahi baduzu, jasangarritasunaren arloan ere lehiakorra izan behar duzu, eta Gasteizko zentro berri hau mugarri bat izango da hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko", ondorioztatu du.   

Basque Circular Hub zentroak —Bilbokoa, 2021eko martxoan inauguratua, eta Gasteizko berri hau— erreferente dira Estatuan eta Europako hegoaldean, eta bakarrak dira eskaintzen dituzten zerbitzu motei esker: merkatu-prospektiba, prestakuntza aurreratua, joeren analisia eta ekonomia zirkularraren arloko ezagutza adituaren sorrera.

Ekimen berritzaile hori Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiaren 2030eko helburuak betetzeko tresnetako bat da, eta, eredu jasangarriagoak eta zirkularragoak lortzeko bidean, euskal industriaren lidergoa indartzea ahalbidetzen du. Gaurtik aurrera, Arabako enpresek beren lehiakortasuna hobetzea helburu duen zerbitzu-zorro zabala izango dute, eta, zerbitzu horien bidez, beren ekoizpen-sistemetan prozesu zirkularrak txertatu ahal izango dituzte.  

Gainera, Gasteizko Hub zentroak Gasteizko Udalari aholkuak emango dizkio Ekonomia Zirkularrerako 2030eko Estrategia zehazteko eta horren ondoriozko ekintza-planak finkatzeko.

Lau jarduera-ildo

Zaramaga auzoan dagoen zentro honetatik, Arabako enpresa-ehunean ekonomia zirkularreko proiektu teknikoak gara daitezen sustatuko da, Hub zentroan bertan trebatutako profesional gazteen partaidetzarekin. Horrez gain, Arabako enpresek ekonomia zirkularra beren prozesuetan integratzeko ezagutzak dituzten gazte adituen laguntza izango dute.

Era berean, Gasteizko Basque Circular Hub zentroa Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularraren behatoki gisa jardungo du. Hori dela eta, negozio-aukera berriak atzemateko zaintza estrategikoko lanak egingo ditu, negozio emergenteetarako ibilbide-orriak egingo ditu eta industria-sektoreetara egokitutako zaintza-txostenak egingo ditu.

Ekintzailetzaren arloan, proiektuen diseinuan lagunduko du eta unean-unean eskura dauden laguntzak eskuratzeko moduari buruzko orientabideak emango ditu.

Ekonomia zirkularraren arloko prestakuntza adituko jarduerak garrantzi handikoak izango dira; izatez, ikasle graduatu berrientzat ez ezik, unibertsitateetako eta lanbide-heziketako ikastetxeetako irakasleentzat ere izango dira. Prestakuntza hori, halaber, arlo horretan espezializatutako profesionalak eduki nahi dituzten enpresei zuzenduko zaie.

Gasteiz, kokaleku ezin hobea

Basque Circular Hub zentroaren egoitza berria Gasteizen jartzera bultzatu duten arrazoien artean, aipatzekoak dira, batetik, Gasteizko Udalaren ibilbidea, ingurumenaren arloan nazioartean erreferentzia den heinean, eta, bestetik, hiriko barne-produktu gordinaren % 31 ekonomia zirkularrerako potentzial handia duten sektoreekin lotuta egotea, hala nola automobilgintzarekin, kautxuzko produktuen sektorearekin edo eraikingintzarekin. Gainera, Gasteizek Arabako barne-produktu gordinaren % 75 sortzen du, eta bertako populazioaren % 20k industrian lan egiten du.

Zentroaren irekiera eragin duen beste faktore bat zuzenean lotzen da gazteriarekin eta jakintzarekin; izan ere, Gasteizko unibertsitate publikoak jasangarritasunarekin zerikusia duten graduen presentzia handia du, hala nola, ingurumen- edo ingeniaritza-zientziak.

Basque Circular Hub zentroen jarduera guztia web-gune korporatiboan izango da eskuragarri: www.basquecircularhub.eus.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @matxalenacasuso
    2022-10-04

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco impulsa la economía circular con la apertura de un nuevo Basque Circular Hub en Vitoria-Gasteiz https://t.co/XzctAEC2H9

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea