Eusko Jaurlaritzak H2EE-Hidrogenoaren Euskal Estrategia aurkeztu dio Kidego Diplomatikoari, estrategia horren bitartez, Euskadin hidrogenoaren ekosistema bat sortzeko eta nazioartean garrantzia duen zentro logistiko bat ezartzeko
- Alemania, Argentina, Australia, Belgika, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, India, Italia, Japonia, Norvegia, Paraguai, Erresuma Batua, Senegal, Hegoafrika eta Suediako enbaxadetako ordezkariek parte hartuko dutela baieztatu dute
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko eta Industria Sailburuordetzako arduradunek bilera bat izan dute gaur goizean hainbat herrialdetako enbaxadetako ordezkariekin, H2EE-Hidrogenoaren Euskal Estrategia aurkezteko.
Topaketa birtualean Mikel Amundarain Industria sailburuordeak eta Myriam Larroulet Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak hartu dute parte, eta Alemania, Argentina, Australia, Belgika, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, India, Italia, Japonia, Norvegia, Paraguai, Erresuma Batua, Senegal, Hegoafrika eta Suediako enbaxadetako ordezkariek parte hartuko dutela baieztatu dute.
Lan-bileraren izenburua «Hidrogenoaren Euskal Estrategia: lehen mailako inbertsioa Euskadin» izan da, eta bertan Eusko Jaurlaritzak arlo horretan hurrengo lau urteetan izango duen estrategiaren giltzarriak eta lehentasunezko ardatzak aurkeztu zaizkie kidego diplomatikoaren kideei. Hidrogenoa energia-trantsiziorako ezinbesteko elementu gisa identifikatu dute Europako erakundeek, eta hidrogenoaren merkatu globala garatzeko aukera aurreikusi dute, teknologia berriztagarri elektrikoak energia-sisteman integratzeko funtzioari lotuta.
H2EE-Hidrogenoaren Euskal Estrategiaren helburua da hidrogenoaren ekosistema bat sortzea eta hidrogeno berriztagarria ekoizteko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta tokiko merkatuan banatzeko baldintzak ezartzea, eta, aldi berean, nazioarteko merkatuan zentro logistiko garrantzitsu bat eratzeko oinarri izatea. H2EEk 2030erako ezarritako HELBURUAK aurkeztu dira, ekoizpen-eremuak, industriako, eraikinetako eta garraioko eta mugikortasuneko azken erabilerak barne hartzen dituztenak.
ENERGIBASQUE ESTRATEGIA:
Hidrogenoa Energibasque Estrategiaren arlo estrategiko berri gisa txertatu da, euskal ekosisteman dauden interesekin eta gaitasunekin bat etorriz.
BH2C-Hidrogenoaren Euskal Korridorearen aurkezpenean –73 enpresak eta erakundek parte hartzen dute hor, eta hidrogenoa energia-industria gisa sustatzea du helburu, Euskadin eta Europan funtsezko elementua baita neutraltasun klimatikorako trantsizio energetikoan–, lehendakariak azpimarratu zuen, gaur inoiz baino gehiago, deskarbonizazioak eta mendekotasuna murrizteak, energia-horniduraren segurtasunaren mesedetan, funtsezko eginkizuna betetzen dutela munduko ekonomian, eta hidrogeno berdearen sustapena eta garapena garrantzi handiko eragile bihurtzen dela.
Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzan bilerak egin ohi dira Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko eta nazioarteko erakundeetako ordezkarien artean, Euskadiko plan eta ekimen estrategikoak ezagutarazteko. Ohiko bilera horien egutegian jasotakoa da gaurko ekitaldia ere.