Plastikoen ekonomia berriaren aldeko konpromiso globalarekin bat egin du Euskadik (Gobernu Bilera 2022-10-4)

2022-10-04

Euskadik plastikoen ekonomia berriaren aldeko konpromiso globalarekin bat egin du. Borondatezko esparru horrek, (Ellen MacArthur Fundazioak bultzatzen du Nazio Batuen Ingurumen Programarekin elkarlanean) gobernuak eta enpresak gidatu nahi ditu, plastikoetarako ekonomia zirkular baterako trantsizioa bizkortzeko neurri zehatzak ezar ditzaten. 2025era begira helburu anbiziotsuak ezartzeko eta, urtero, aurrerapenari buruzko txostenak egiteko konpromisoarekin, bat egin duten enpresek eta gobernuek honako hauek lortzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dute: plastiko gutxiago erabiltzeko, arlo honetan berrikuntzak egiteko eta plastikozko produktuak ekonomian eta ingurumenetik kanpo mantentzeko. 

Plastikoen ekonomia berriaren aldeko konpromiso globala 2018an kaleratu zen Indonesian, Our Ocean nazioarteko konferentzia egin zenean, eta, harrezkero, 500 erakundek baino gehiagok egin dute ekimenarekin bat. Azken jarraipen-txostenean –2021ari dagokio–, plastikoen balio-kateko 130 enpresak eta 18 gobernuk parte hartu dute. Horiek, urtero eta publikoki, plastikozko ontziei buruzko konpromisoetan egindako aurrerapenak ezagutarazten dituzte. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadi konpromiso global honi atxikitzea babestu zuen joan den otsailean, Our Ocean goi-bileraren azken edizioan (Brest, Frantzia). Ikuspegi operatibotik, nazioarteko konpromiso honekin bat egiteak plastikoetarako ekonomia zirkularraren ikuspegi komun bat babestea da. Ikuspegi horretan, plastikoa ez da hondakin bihurtzen inoiz. Ekimenaren ikuspegi komun hori funtsezko sei puntutan zehazten da: 

  1. Lehentasunezkoa da arazotsuak diren edo beharrezkoak ez diren plastikozko ontziak kentzea, eta, horretarako, birdiseinatzea, berrikuntzak egitea eta entrega-eredu berriak izatea.
  2. Berrerabilpen-ereduak dagokionean aplikatzen dira, eta horrek behin bakarrik erabiltzeko ontzien beharra murrizten du.
  3. Plastikozko ontzi guztiak % 100 berrerabilgarriak, birziklagarriak edo konpostagarriak dira.
  4. Plastikozko ontzi guztiak berrerabiltzen, birziklatzen edo konpostatzen dira praktikan.
  5. Plastikoaren erabilera baliabide mugatuen kontsumotik erabat bereiz dago.
  6. Plastikozko ontziek ez dute produktu kimiko arriskutsurik, eta tartean dauden pertsona guztien osasuna, segurtasuna eta eskubideak errespetatzen dira. 

Euskadiren ibilbidea 

Euskadik 20 urte baino gehiago daramatza ekonomia zirkularra lantzen eta, horri esker, arlo honetako erreferenteetako bat da gaur egun. 2021ean, Eusko Jaurlaritzak bere plangintza-esparrua berritu du, estu-estu erlazionatuta dauden bi plan berrirekin: Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024ko Plana eta Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana

Bi planek, batera, 142 milioi euroko aurrekontu bat aurreikusten dute helburu anbiziotsuak betetzeko; tartean, hauek: % 30 areagotzea produktibitate materiala, hondakin ez arriskutsuen % 85 bigarren mailako hondakin bihurtzea, eta gutxienez % 15 murriztea zabortegietara doazen hondakinak.  

Bi planetan gauzatu beharreko neurrien artean plastikoei lotutakoak nabarmentzen dira; esaterako, hauek: 

  • Hondakin plastikoetarako behin betiko konponbideak babestea, hondakinok zabortegietan amaitzea saihesteko.
  • Lehentasunezko hondakinetatik datozen bigarren mailako materialen erosketa publiko eta pribatu berdea sustatzea.
  • Plastikozko ontzien % 100 birziklagarriak izatea eta behin erabiltzeko plastikozko poltsak kentzea lortzea, ezinbesteko eragileekin borondatezko akordioak egitearen bidez. 

Ihobe Euskadik ekonomia zirkularraren eta hondakinen arloko helburuak betetzeko ezinbesteko eragileetako bat da, mekanismo garrantzitsuen bidez, hala nola, ekoberrikuntzarako laguntzak, ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen diseinua (Basque Circular Huben bidez) edo ICEBERG eta Europako beste proiektu batzuetan parte hartzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko