Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du covid ziurtagiriari buruzko dekretu bat baliogabetu duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epai baten aurka

2022-10-01
  • Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek kontraesana ikusten dute 2021eko urte amaieran covid ziurtagiri digitala zabaltzea bermatu zuen auzitegi berak orain, 10 hilabete geroago, neurriz kanpokotzat jotzea
  • Kasazio errekurtsoa prestatzen ari dira Auzitegi Gorenean aurkezteko, neurria justifikatuta zegoela eta beharrezkoa eta proportzionatua zela iritzita.

Eusko Jaurlaritzak kasazio errekurtsoa jarriko du Auzitegi Gorenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (TSJPV) Administrazioarekiko-auzien Salak eman berri duen epaiaren aurka. Epai horrek baliogabetu egiten du Lehendakariaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretua, leku eta establezimendu jakin batzuetara sartzeko Europa Batasuneko covid ziurtagiri digitalaren exijentzia zabaldu zuena.

Epaiak herritar partikular batek aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartzen du, eta onartzen du Dekretuan jasotako neurria ez zegoela behar bezala justifikatuta, eta, beraz, oinarrizko eskubideei neurriz kanpo eragiten ziela.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridiko zentralek nabarmendu dutenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berak babestu zuen Eusko Jaurlaritzak ezarritako ‘covid pasaportea’ deiturikoaren hedapena. Deigarritzat jo dute baimena ematerakoan justifikatutzat eta proportzionatutzat jo zen neurri bat, orain, 10 hilabete geroago, Auzitegi eta Sekzio berak uste izatea ez zela horrela, neurrigabea zela.

Finean, Eusko Jaurlaritzak uste du Euskadiko Auzitegiaren erabakia kontraesankorra dela, eta Dekretuak bultzatu zuen ekimena egokia, beharrezkoa, justifikatua eta neurrizkoa izan zela defendatzen du.

Orain Dekretua baliogabetu duen epaia demandatzaileak eskatutako txosten batean oinarritzen dela kritikatu dute Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek, eta Administrazioarekiko-auzien Salak horri heldu diola Dekretua baliogabetzeko erabakia oinarritzeko. Txosten hori Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren Alerta Ponentziaren bi orrialdeko dokumentua da, baina ez zen inoiz gai-zerrendan sartu, ezta Kontseilu horretako Osasun Publikoaren Batzordeak onartu ere. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak ez du horri buruzko alegaziorik edo baloraziorik egiteko aukerarik izan. Beraz, deigarria da Auzitegiaren irizpide aldaketa oinarri horietan oinarritzea.

Epaia jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzak 30 egun ditu errekurtsoaren idazkia prestatzeko, eta EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko-auzien Salan aurkeztu beharko da.

2 iruzkin
  • 2022-10-02

    Aerosolen kontzentrazioaren segurtasun- eta aireztapen-distantziari dagokionez, badirudi hainbeste patogenoren aurrean geratzeko dagoela.

  • 2022-10-02

    eso de la distancia de seguridad y ventilación concentración de aerosoles parece ante tanto patógeno viene para quedarse

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak