Berriak Segurtasuna
qrcode

Urriaren 4an, asteartea, bukatuko da Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suhiltzaileen EPErako izena emateko epea

2022-10-02
  • Guztira 114 plaza dira, 46 Araban eta 68 Gipuzkoan, eta gehitu daitezke foru-erakundeek hala erabakitzen badute
  • Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ari da hautaketa-prozesuaz arduratzen, eta lehenengo aldiz bateratua izango da hainbat erakunderentzat

Urriaren 4an, asteartea, bukatuko da Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko hautaketa-prozesurako izena emateko epea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko hainbat erakundetako suhiltzaile-plazak betetzeko lehiaketa-oposizio bateratua egiten duen lehenengo aldia da. Guztira 114 plaza dira (46 Araban eta 68 Gipuzkoan), eta gehitu daitezke foru-erakunderen batek hala erabakitzen badu.

Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak izenpetutako 2022ko uztailaren 14ko ebazpenaren arabera, 114 plazak honako lanpostuak betetzeko dira:

  • Arabako Foru Aldundia: 46 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2020ko eta 2022ko EPEei dagozkienak.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: 68 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2019ko, 2020ko eta 2021eko EPEei dagozkienak.

Hautaketa-prozesua

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa- eta formakuntza-prozesu zorrotza eta integrala prestatu du, eta fase hauek izango ditu:  

Izena ematea: arkauteakademia.euskadi.eus web-orriaren bidez egiten da. Izena eman ahal izateko, aldez aurreko baldintza hauek bete beharko dira, besteak beste:

  • 16 urte beteta izatea eta nahitaez erretiratzeko adina bete gabe izatea.
  • C + E gidabaimena eta emandako puntu guztiak izatea.
  • Dagokion plazaren baldintza guztiak betetzea: hizkuntza-eskakizuna, hezkuntza-titulua (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua, Eskoa Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo titulazio baliokidea) etab.
  • Kanpoan uzteko irizpide medikoen koadroan jasota dagoen gaixotasunik ez izatea, etab.

Hiru eratako probak:ezagutza-probak (test erako 2 ariketa), proba psikoteknikoak (arrazoitzeko gaitasunak, gaitasun mekanikoak, espazialak, hitzezkoak eta nortasuna ebaluatzeko probak) eta gaitasun fisikoa baloratzeko probak. Guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak dira.

Merezimenduak:probak gainditu ondoren, izangaiek puntuatzekoak eta ebaluatzekoak diren merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte: beste hezkuntza-titulu ofizial batzuk, esperientzia profesionala, etab.

Mediku-azterketa:nahitaezkoa izango da, eta balorazioa izango da GAI edo EZ GAI.

Formakuntza: nahitaezko aldi akademikoa da, eta Akademian bertan egingo da horretarako diseinatutako Ikasketa Planari jarraituz, eta hori ere ebaluagarria izango da.

Praktikaldia:formakuntza osorako zentro edo egoitza egokietan egingo da, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Praktikaldi hau ere baztertzailea izango da.

Aldi baterako lan-poltsa

EPE hau gainditzen duten baina plazarik lortzen ez duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan-poltsa batean sartuko dira, deialdia osatzen duten erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak