Berriak Osasuna

Osasun sailburuak txertoa hartzera animatu ditu herritarrak, "gripearen zein COVID-19aren birusari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena delako"

2022-10-03

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Onda Vascako “Euskadi Hoy” saioan. Bertan, herritarrak animatu ditu txertoa hartzera, “gripearen zein COVID-19aren birusari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena delako”. Sailburuak gogorarazi du aldi bereko txertaketa, COVID-19 eta GRIPE, guztiz bateragarria dela.

Joan den astean egoitzetako eta Osakidetzako langileek egoiliarrei txertoak jartzen hasi baziren ere, gaur hasi dira txertoak jartzen arrisku taldeko biztanleei. Osakidetzak 63.000 hitzordu baino gehiago eman ditu txertoa jartzeko, eta gizarteak aurreko urteetan bezala erantzutea espero du.

Txertoa jartzeaz gain, Gotzone Sagarduik azpimarratu nahi izan du maskara oraindik ere oso neurri erabilgarria dela kolektibo ahuletako pertsonentzat eta, bereziki, sintomak dituztenentzat, nahiz eta derrigorrezkoa ez izan. Garraioan maskara erabiltzeari buruz, sailburuak adierazi du adituak entzuten jarraituko duela.

PANDEMIAREN EGOERA

Intzidentziari dagokionez, Osasun sailburuak aitortu du zaila dela aurreikustea nola agertuko den COVID birusa, “beste batzuetan harritu egin gaitu eta berriro harritu gaitzake”. Hala, gogorarazi du, udaren ostean, errutinetara eta barrualdeko jardueretara itzultzen garela, eta horrek intzidentzia handitzea ekarri dezakeela.

Gripeari dagokionez, Sagarduik azaldu du zirkulazioa ikusi dela urtean zehar, baina ez dela eragin handirik izan ospitaleratzean. Gaineratu duenez, kasuen ehuneko handi bat A gripea da, sukarra eta buruko mina eragiten du, baina ez bestelako neurriek eskatzen duten larritasunarekin.

LEHEN MAILAKO ARRETA

Elkarrizketan zehar, Osasuneko sailburuak azpimarratu du Lehen Mailako Arreta lehentasuna dela Jaurlaritzarentzat, hala jasota baitago 2021-2024 Osasun Esparru Estrategikoan. Nolanahi ere, azpimarratu du hura indartzeko lanean ari direla, hainbat ikuspuntutatik abiatuta: inbertsioak, zerbitzu-zorroa handitzea edo langile kopurua indartzea, besteak beste.

Profil jakin batzuen faltari buruz, bereziki Familia Medikuntza eta Pediatria, Sagardui sailburuak adierazi du hori ez dela Euskadin bakarrik gertatzen, baina Sailak eta Osakidetzak horretan lanean jarraitzen dutela. “Egiturazko 196 plaza berri sortu dira 3 urtean. Aurreikuspenen arabera, 2022rako 358 plaza berri gehiago egongo dira Lehen Mailako Arretan. Halaber, Osakidetzak lan-merkatuan dagoen profesional oro kontratatu du osasun-zentroetan herritarrei arreta eskaintzeko”, zehaztu du. 

JARDUERA KIRURGIKOA

Jarduera kirurgikoaren itxarote-zerrendari buruz galdetuta, Osasun sailburuak gogorarazi du pandemiak iraun duen bitartean programatutako jarduera kirurgiko guztia eten behar izan dela hainbatetan (onkologikoa eta premiazkoa mantenduz), baina ziurtatu du gaur egoera urtarrilekoa baino hobea dela,(orduan azken geldialdia gertatu zen), “hain zuzen ere, 9 egunez murriztu da batez besteko atzerapena” gaineratu du. "Gure asmoa bide horretatik jarraitzea da", azpimarratu du.

SINDIKATUEKIKO HARREMANA

Bestalde, Gotzone Sagarduik sindikatuekin elkarrizketari eustearen aldeko apustua egin du, profesionalentzat hain garrantzitsuak diren gaietan akordioak lortzeko, esaterako, osasun-langileei egonkortasuna ekarriko dioten LEPetan. Gainera, karrera profesionalaren esparruan lortutako akordioa balioetsi du. “Nik uste dut hori dela bidea, elkarrizketari eustea eta guztiontzat interesgarriak diren gaiak jorratzea”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak