Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonen % 75ek nahiago du bere etxean egon, oinarrizko zereginetarako laguntza behar badu ere

2022-10-01

 

  • Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlanaren arabera, % 64,1 erretiro-egoeran dago edo pentsioa jasotzen ari da, % 22,6 lanean, % 7,7 etxeko lanetan eta % 3,8 langabezian
  • OMEk diseinatutako ongizate subjektiboaren eskalan, 100etik 68,5eko batez besteko balioa aitortzen dute, nahiz eta alde nabarmenak ikusten diren adinaren eta generoaren arabera
  • Euskadin, 55 urtetik gorako pertsonen %7,2 bakarrik sentitzen dira beti, ia beti edo askotan
  • Emakumeen %14,1ek astero zaintzen dituzte bilobak, eta gizonen %8,7k
  • Nazio Batuen Erakundeak eskatuta, urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurten, emakumeek ingurumen-, gizarte- edo ekonomia-desberdintasunen aurrean duten erresilientziari jartzen dio arreta

 

Gasteiz, 2022/10/01

Mundu aldakor bateko adineko pertsonen erresilientzia da 2022 Adinekoen Nazioarteko Egunaren protagonista. NBEk eskatuta, urriaren 1ean ospatzen da. Nazioarteko erakunde horrek adierazten duen bezala, COVID-19ren pandemiak areagotu egin ditu lehendik zeuden desberdintasunak, eta areagotu egin ditu adineko pertsonen bizitzako eragin sozioekonomikoak, ingurumenekoak, klimatikoak eta osasunekoak; bereziki, emakumeen artean, haien ekarpenak, beharrak eta ahotsak ikusezin bihurtu baitira, eta ez baitira aintzat hartzen, bizitzan zehar pilatutako genero-desabantailengatik.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta Matia Institutu Gerontologikoak egindako Euskadi 2020ko 55 urtetik eta gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlanak ondorio garrantzitsuak ematen ditu gai horren inguruan. Inkesta honen hirugarren ediziora iritsi da, eta helburua da biztanleria-sektore horren bizi-baldintzei buruzko informazio zehatza eta puntuala biltzea, sistematizatzea eta zabaltzea, haren beharrak identifikatzeko eta haiei erantzun egokia emango dieten politika publikoak diseinatzeko.

Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunerako finkatutako helburuetako baten ildotik, adinaren eta generoaren arabera banakatutako datuen bilketa hobetzearen garrantzia, Euskadiko 55 urtetik eta gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlanak hainbat gai biltzen ditu, hala nola, Zahartze Aktiboaren Indizea; zainketak; bakardadea; gizarte-sarea; etxebizitza, ingurunea eta lagunartekotasuna; jarduera eta parte-hartzea; COVID-19k eguneroko bizitzan duen eragina; osasun-egoera eta mendekotasun-maila; ongizate eta asebetetze pertsonala; erretiroa edo adinaren inguruko pertzepzio eta estereotipoak.

Egoera zibila

Populazio talde honetan nagusi den egoera zibila ezkondua edo bikotekidearekin bizi dena da (%58,5). Ondoren, alargunak (%21,8), ezkongabeak (%13,3) eta bananduak edo dibortziatuak (%6,2) daude.

Egoera zibilak sexuarekin eta adinarekin duen erlazioa aztertzean, ikusten da adin-tarte guztietan emakume alargunen kopurua gizonezko alargunen kopurua baino askoz handiagoa dela beti. Bizi-itxaropen handiagoaren eta bikotekideen arteko adin-aldearen ondorio da hori.

Nabarmentzekoa da, halaber, adinekoetan ia ez dagoela bananduta edo dibortziatuta dauden emakumeen ehunekorik (emakumeen %1 eta emakumeen %3,9, hurrenez hurren); hala ere, badirudi belaunaldi gazteenetan aldaketa nabari dela, egoera horretan dauden emakumeen kopurua %10,6koa baita 55 eta 64 urte arteko adin-tartean, eta gizonen kopurua, berriz, %7,4koa.

Hezkuntza maila

Herrialde baten eta populazio talde baten garapen eta heldutasun mailaren adierazle erabakigarrienetako bat da ikasketa-maila. Horri dagokionez, 55 urtetik gorako biztanleen %60,8k bigarren mailako edo goi-mailako ikasketak egin ditu, eta %14,6 lehen mailakoak edo gutxiago.

Generoa eta adina ere hezkuntza-mailarekin lotuta daudela dirudi, eta, beraz, emakumeen artean ikasketarik gabeko pertsonen kopurua %19,7koa da; gizonen artean, berriz, %8,2koa da. Datu horiek bat datoz emakumea eremu pribatuan, etxean eta ugalketan kokatzen duten genero-rol tradizionalekin, eta horrek prestakuntza arauturako aukerak kendu dizkie adineko emakumeei.

Lan egoera

EAEko 55 urtetik eta gorako biztanleen %64,1 erretiro-egoeran dago edo pentsioa jasotzen ari da; %22,6 lanean; %7,7 etxeko lanetan eta %3,8 langabezian. Egoera hori larriagotu egin da adin handiagora iristerakoan lan-merkatuan berriro sartzeko zailtasunak direla eta.

Azken hamarkadan emakumeak lan-merkatuan sartzen ari direla ikusten den arren, oraindik ere etxeko lanak egitera behartuta daude edozein adin-tartetan, genero-rol tradizionalen ildotik. Adibide argigarri bat aipatzearren, ikerketak erakutsi du emakumeen %14,1ek astero zaintzen dituztela bilobak eta gizonen kasuetan datua txikiagoa da, %8,7k bakarrik. 

Egoera ekonomikoa

Populazio talde horren egoera ekonomikoak azken hamarkadan izan duen bilakaeran, erosteko ahalmena handitu egin da. Hala, EAEko 55 urtetik gorako pertsonen %40,9k 1800 euro baino gehiago ditu hileko diru-sarrera gisa. Horren ondoren, %25,9 901 eta 1800 euro artean dago; %6,7 601 eta 900 euro artean; %2,1 hilean guztira 600 euro baino gutxiago eta %0,3 diru-sarrerarik gabe.

Berriro ere, emakumeak dira, adineko pertsonen atzetik, etxean diru gutxien dutenak. Zehazki, hilean 1.800 euro baino gehiago jasotzen dituzten emakumeak %32,3 dira, eta gizonak, berriz, %51,5.

Alarguntza-pentsioa, batez beste, 800 euro/hileko da Euskadin, erretiro-pentsio baten erdia baino gehiago.

Osasuna eta mendekotasuna

Euskadin, 55 urtetik gorako pertsona gehienek (% 74,2) uste dute beren osasun-egoera ona edo oso ona dela, % 18,8k normala eta % 6,9k txarra edo oso txarra. Hala ere, osasun-krisiak eragin zuzena du osasun-egoera subjektiboaren pertzepzioan, bereziki pertsona ahulenen artean: emakumeak, alargunak, hezkuntza-maila txikia dutenak eta diru-sarrera txikiagoak dituztenak.

Mendekotasun-mailari dagokionez, Euskadin 55 urtetik gorako pertsonen %15,1ek laguntza behar dute eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko, hala nola, jateko, garbitzeko edo janzteko, eta jarduera instrumentalak egiteko, hala nola erosketak egiteko, botikak gogoratzeko edo telefonoa erabiltzeko. Adierazle hori, osasun-egoera bezala, adinaren eta generoaren araberakoa da. Hala, adinekoenetako pertsonak eta emakumeak (%18,4) dira laguntza gehien behar dutenak.

Azterketaren arabera, zahartze aktiboari dagokionez, oso datu positiboa da: Euskadin, 55 urtetik gorako ia pertsona guztiek (%91,2) jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak egiten dituzte, eta horietako 10etatik ia 7k egunero.

Bestalde, inkestak adierazten du eten digitala desagertuz doala: 55 urteko eta hortik gorako pertsonen %64,2k egunero erabiltzen dute Internet. Hala ere, alde nabarmenak daude adin eta genero aldetik, eta adineko pertsonek eta emakumeek erabiltzen dute proportzio eta maiztasun txikiagoan.

Etxebizitza eta bizikidetza

Inkestaren arabera, 55 urtetik gorako biztanleen %75ek baino gehiagok, generoa edozein dela ere, nahiago luke etxean bertan egon, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza beharrean egon arren. Aldi berean, eta goranzko joerarekin, %12,6k etxetik kanpo joatea aukeratzen du.

Bizikidetzari dagokionez, adineko pertsonen %37,5 bikotekidearekin bizi dira; %31,5 belaunaldi anitzeko etxeetan bizi dira; %25,6 bakarrik bizi dira; %3,6 beste mota bateko etxeetan, non beste senide batzuekin bizi diren; eta, azkenik, %1,6 beren seme-alabekin bizi dira.

Sexuari eta adinari dagokienez, nabarmentzekoa da emakumeak nagusitzen direla bakarkako bizitzan edozein adin-tartetan.

Autonomia eta bakarkako bizitza handitzea osasun baldintzak eta baldintza ekonomikoak hobetzearen eta bizimodu independenteari eusteko nahiaren ondorio da. Hala ere, azterlanak adierazten duen bezala, egoera horrek zaurgarritasun handiagoa ekar dezake ahultasun-testuinguruen eta laguntza-beharraren aurrean. Bakarrik bizi diren pertsonek arrisku handiagoa dute isolamendu soziala eta ekonomia txarragoa izateko.

Emaitzetatik ondorioztatzen denez, 55 urtetik gorako pertsonen %4,3k irisgarritasun-arazoak dituzte etxebizitza barruan, eta %13,2k, berriz, bizi diren eraikinean. Adierazle horiei beste irisgarritasun-arazo batzuk gehitzen bazaizkie, hala nola hurbileko ingurunean aurkitutakoak edo garraio publikoan mugitzeko arazoak, muga horiek dituen biztanleriaren ehunekoa %25,7koa da. Hala ere, baldintza horiek asko aldatu dira hoberantz EAEn azken hamarkadan. Aurrerapen horren funtsezko aldagaiak dira etxeko irisgarritasun- eta egokitzapen-politiken eta -programen eragina, bizitza osorako etxebizitzen hirigintza-plangintzen garapena edo etxea egokitzeko edo erosteko erabakiak hartzearen bidezko prebentzioa.

Ongizate emozionala eta bakardade sentimendua

EAEko 55 urteko eta hortik gorako biztanleek, batez beste, 100etik 68,5eko balioa dute OMEk diseinatutako ongizate subjektiboaren eskalan; hala ere, genero-desberdintasunak nabari dira, baita adin batzuk ere. Nabarmentzekoa da, halaber, urte gehiago ditugun heinean, bizitzarekiko gogobetetasunaren batezbestekoa handitu egiten dela, bereziki emakumeena.

Bestalde, azterketak erakusten duenez, Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonen %7,2k bakarrik sentitzen dira beti, ia beti edo askotan. Sentsazio hori areagotu egiten da adinak aurrera egin ahala, eta COVIDen pandemiak eragin negatiboa izan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)