Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura arteko Bizikidetasunaren III. Plana onartu du Jaurlaritzak (2011-11-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko azaroak 08

Erabakia, Inmigrazio, Herritartasun eta Kulturarteko Bizikidetzari buruzko III. Plana 2011-2013 onartzekoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura arteko Bizikidetasunaren Euskal Plana onartu du gaur, immigrazioaren eta EAEn bizi diren etorkinen integrazioaren eta bizikidetasunaren alorreko esku-hartze publikoa koordinatuko duen plana, alegia.

Gaur egun, EAEko biztanleriaren % 6,6 atzerritarrak dira eta ehuneko hori % 8,2ra igotzen da jatorriz atzerritarrak izanik azken urteotan nazionalitate espainiarra lortu dutenak kontuan izaten baditugu.

Immigrazioarekin loturiko euskal politikan hobetu beharreko alderdi nagusietako bat hauxe da: euskal erakundeen lidergo partekatua ahalbidetzeko tresna egituratuak indartzea. Ildo horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Planaren arabera, integrazioaren eta bizikidetzaren alorrean, erakunde-arkitektura hori egituratu eta egonkortu behar da, bai Eusko Jaurlaritzan, baita foru-aldundiekin, udalerriekin eta arlo horretan garrantzitsuak diren beste gizarte-eragile batzuekin ere.

Era berean, nabarmentzen du ahalegin publikoak integrazioa eta bizikidetza izan behar dituela kontuan. Horretarako, integratzeko bide nagusiak enplegua eta hezkuntza izango dira, alde batetik, eta, bestetik, zerbitzu publikoek aniztasuna kudeatzeko eta herritarren diskriminaziorik eza eta tratu-berdintasuna bermatzeko duten gaitasuna.

Etorkinen integrazio eta partaidetza sozialerako Foroak hartu du plana lantzeko ardura, baina, era berean, unibertsitatearen, immigrazioko udal-teknikarien eta erakundeen eta gizarte-sareen partaidetza izan du. Horiekin batera, Jaurlaritzaren sailek beren ikuspegia azaldu dute, baita etorkinen integrazioari eragiten dieten politika publikoei ondorio hobeekin aurre egiteko dituzten premiak ere. Guztira, 40 lan-bilera baino gehiago egin dira, eta bilera horietan eraginpean hartutako arlo guztietako 200 pertsona inguruk hartu dute parte.

Immigrazioaren, Herritarren eta Kultura arteko Bizikidetasunaren III. Euskal Planaren ildo estrategikoak eta helburuak

1. ILDO ESTRATEGIKOA: IMMIGRAZIOARI BURUZKO EUSKAL POLITIKA EGITURATU ETA ANTOLATZEA ERAKUNDE ARTEAN ETA ERAKUNDE BARRUAN

Motibazioa: Gaur egun, immigrazioaren eta herritarren politikak helduaroan daudenez, eta zeharkako politika izaki, politika horretan sartutako erakunde eta gizarte-eragile guztien arteko lankidetzaren egitura, informazio-sistema, mekanismo, prozesu eta forma guztiak ezarri eta finkatu behar dira, bikoiztasunak saihesteko eta bideratutako baliabideen efikazia eta eraginkortasuna maximizatzeko.

PROIEKTU NABARMENA:

  • ITUN SOZIALA. Euskal gizarteari eta eragileei erakundeetakoak nahiz gizarte-arlokoak erreferentzia-esparru konpartitu bat eskaintzea Euskadin immigrazioa kudeatzeko.

2. ILDO ESTRATEGIKOA: ENPLEGUA, PRESTAKUNTZA ETA ESKOLA ARRAKASTA ESKURAGARRI IZATEA EUSKADIN DAUDEN GIZA BALIABIDEAK MOBILIZATZEKO, ERABATEKO HERRITARTASUNA LORTZEKO ETA INTEGRATZEKO BIDEAK DIREN ALDETIK, PRODUKZIO SAREA INDARTZEARREN

Motibazioa: Enplegua integrazio-prozesuaren funtsezko elementua da, eta ezinbestekoa da etorkinek harrera-gizartean parte har dezaten, egoera administratibo erregularra lortu eta horri eusteko oinarrizko mekanismo den heinean. Bestalde, hezkuntza eta eskola-erakundea gako-elementuak dira gizarte-mugikortasuneko prozesuetan.

PROIEKTU NABARMENAK:

  • Gaitasun profesionalak aitortzeko prozesua etorkinen artean sustatzea. Funtsezkoa da gure gizartean dauden giza kapital guztiaz baliatzea.
  • Ekintzailetza indartzea eta ekintzaileei babesa ematea.
  • Gazte atzerritarrak gizarteratzeko ibilbideak (enplegagarritasuna, prestakuntzaren bitartez eta enpresetan praktikak eginez).

3. ILDO ESTRATEGIKOA: ZERBITZU ETA PROGRAMA PUBLIKOETAN ENPLEGUA SARTU ETA KUDEATZEA

Motibazioa: Zerbitzu publikoek askotariko herritarrak artatzeko gai izan behar dute, aniztasun hori berdintasunezko sarbidearen eragozpen izan ez dadin.

PROIEKTU NABARMENA:

  • Zerbitzu publikoetako (hezkuntza, osasuna, enplegua, gizarte-zerbitzuak, etxebizitza, justizia, segurtasuna) langileen artean prestakuntza bultzatzea kultura arteko gaitasunetan eta aniztasunaren kudeaketan.

4. ILDO ESTRATEGIKOA: PARTE-HARTZEA, KULTURA ANIZTASUNA ETA BIZIKIDETASUNA

Motibazioa: Erabateko gizarteratzea eta herritartasuna erabat baliatzea ez dira guztiz osatuko plataforma sozial normalizatuetan parte hartzen ez bada. Bestalde, euskal gizartea askotarikoa dela onartu eta ikusaraztea sustatu behar da, aniztasun horrek esfera publikoa aberasten duela, eskubide eta betebeharren berdintasunetik abiatuta.

PROIEKTU NABARMENAK

  • Euskal gizartearen aniztasuna ikusaraztea kanpaina publikoetan eta erakunde-komunikazioan.
  • Parte hartzeko espazioak indartzea, euskara integrazio-elementutzat hartuz. Euskarara hurbiltzea.

5. ILDO ESTRATEGIKOA: DISKRIMINAZIOAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO BORROKA

Motibazioa: Integrazioaren aldeko lanean hasi berri den ildoa da tratu-berdintasuna, harrera-fasea gainditu ostean. Arrazakeria eta xenofobia gizarte-kohesioaren kontrako fenomenoak dira eta aurreiritziekin elikatzen dira. Krisialdi ekonomikoetan, bereziki, fenomeno horien aurkako borroka indartu behar da.

PROIEKTU NABARMENAK

  • Arrazakeriaren aurkako Hezkuntzaren ekimena gazte guztientzat
  • Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egiten duten elkarte-sarea indartzea.

2 iruzkin
  • @Castellduran
    2011.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    Plan Vasco de Inmigracion, Ciudadania y Convivencia Intercultural (Acuerdo del Consejo de Gobierno del 08-11-2011) http://t.co/eHVASl3i

  • @erojotorrecilla
    2011.eko azaroak 10

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno aprueba el III Plan Vasco de Inmigracion, Ciudadania y Convivencia Intercultural (8-11-2011) http://t.co/ZPaKaVr6

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan