Hauteskundeak 2024
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak atzemandako 55 kilo kokainak 10 bat milioi euroko balioa izango zuen merkatuan

2022-09-30

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak atzo substantzia sorgorgarrien trafikoagatik atxilotu zuten ertzainari eta atzemandako 55 kilo kokainari buruzko datu berriak eman dizkie kazetariei Eusko Legebiltzarrean; atzemandako substantziaren balioa 10 bat milioi eurokoa izango zen merkatuan.

Erkorekaren adierazpenen arabera, Ertzaintzako Barne Arazoetarako Buruzagitzak, Bilboko Droga Taldearekin elkarlanean, egin duen ikerketari 2021ean eman zitzaion hasiera, eta ikerketa luzea, konplexua eta neketsua izan da. Horrela, atzo atxilotu zituzten 49 urteko ertzain bat eta atxilotu duten ertzainarekin jarduten zuen bigarren pertsona bat.

Ikerketaren arabera, inplikatuek Madrildik ekartzen zituzten droga-kopuru esanguratsuak, eta Euskadin nahiz mugako beste autonomia-erkidego batzuetan, besteak beste, Errioxan, Nafarroan, Kantabrian eta Aragoin, banatzen zituzten. Horretarako, agenteak segurtasun-neurri handiak hartzen zituen garraioan, eta, besteak beste, ibilgailu lantzadera bat erabiltzen zuen. Gainera, droga-kopuru handiak, 40 kilogramora arte, ezkutatzeko sistema konplexua zuen ibilgailu bat ere bazuen.

Ertzaintzak egin duen ikerketaren ondorioz eta operatibo honetan egindako miaketetan atzeman dituzte: 55 kilo kokaina, merkatuan 10 bat milioi euroko balioa izango zuena, eta 20.000 euro inguru dirutan. Kalkulatzen da 2021ean inplikatu nagusiak 300.000 euro inguru irabazi ahal izan zituela, eta ertzain honek saritutako loteria-dezimo bat eskuratu zuen dirua zuritzeko.

Atxilotutako beste pertsonak ez du aurrekaririk osasun publikoaren aurkako delituen arloan, eta ez du bizibide ezagunik. Atxilotu duten ertzainari laguntzen zion osasun publikoaren aurkako delitu batean (droga-trafikoan).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak