LEP Hezkuntzan: Hezkuntza Sailak merezimendu lehiaketa bidezko LEParen deialdia argitaratu du
- Hezkuntza Sailak 3.178 plazako deialdia egin du merezimendu-lehiaketa sistemaren bidez
- Eskaerak aurkezteko epea, urriaren 3tik 31ra (biak barne)
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Hezkuntza Sailaren Lan Eskaintza Publikoaren deialdia. 3.178 plazako eskaintza jasotzen du, hainbat irakasle kidegotan.
Hautaketa-prozesu hau merezimendu-lehiaketa sistemaren bidez garatuko da, hau da, parte-hartzaileen merezimenduak baloratuko dira. Deialdiarekin batera gaur argitaratu den lehen eranskinak jasotzen du horretarako baremoa. Beraz, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du prozesuaren kalifikazioa.
Gaur hautaketa-prozesu honen deialdia argitaratu ondoren, baldintzak betetzen dituzten izangaiek 20 egun balioduneko epea izango dute eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko. Epe hori urriaren 3an irekiko da eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik (biak barne).
Plaza kopurua eta kidegoak
Aipaturiko 3.178 plazak irakasleen sei kidegotan deitu dira, era honetan banatuta:
Kidegoak |
Plaza kopurua |
Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoa |
1.532 |
Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoa |
44 |
Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa |
22 |
Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoa |
22 |
Maisu-maistren kidegoa |
1.298 |
Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa (desagertzear) |
260 |
Guztira: |
3.178 |
EHAAk gaur argitaratu duen Aginduan ikus daiteke zeintzuk diren kidego bakoitzeko espezialitateak (93 dira orotara), bai eta horietako bakoitzean deitu den plaza kopurua ere.
Merezimenduen baremoa
Deialdiarekin batera, halaber, parte-hartzaileen merezimenduak baloratzeko baremoa ere argitaratu da (lehen eranskinean). Merezimendu horiek hiru multzo nagusitan banatzen dira: aldez aurreko irakasle-esperientzia; prestakuntza akademikoa; eta beste merezimendu batzuk.
- Aldez aurreko irakasle-esperientzia. Irakasle lanean egindako esperientzia zenbatuko da (urtetan, hilabetetan edo urte-zatitan) gehienez 7 puntu lortu arte.
- Prestakuntza akademikoa. Gehienez 3 puntu lortu arte, honako hauek hartuko dira aintzat: kidegoan sartzeko alegatu den tituluari dagokion espediente akademikoa; graduondokoak, doktoretza eta aparteko sariak; beste unibertsitate-titulu ofizial batzuk; Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Berariazko Lanbide Heziketaren tituluak.
- Beste merezimendu batzuk. Gehienez 5 puntu batu arte, zenbatzekoak dira: lehiatzen den kidegoko espezialitate berean oposizio-fasea gainditu izana, bai eta etengabeko prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroak ere.
Urtea amaitu baino lehen, Hezkuntza Sailak LEPetarako beste bi deialdi argitaratuko ditu: irakasleen oposizio-lehiaketari dagokiona bata, eta lan-kontratuko langileen merezimendu-lehiaketari dagokiona bestea (Hezkuntza Berezia eta Sukalde eta Garbiketakoak), 4.000 plaza ingururekin. Azken hauek, orain deitutako 3.178 plazei gehituko zaizkie.