
Astekonomiak Estatuko KPIaren inguruan aurreratutako datua jasotzen du, bai eta uztailean sinatutako hipoteka kopuruaren murrizketa eta azalera handien abuztuko salmenta-balantzea ere
Astekonomiak, asteon, irailean argitaratutako KPIaren aurrerapenean jarri du arreta; albiste onak dakartza. Adierazle horrez gainera, uztailean sinatutako hipoteken bilakaera eta pasa den abuztuan azalera handietan izan ziren salmenten balantzea ere jasotzen ditu.
Alde batetik, irailean, Estatuko KPIa % 9,0ra arte moteldu zen, INEk argitaratutako aurrerapenak dakarrenaren arabera. Beraz, puntu bat eta erdi murriztu da, aurreko hilarekin alderatuta. Elektrizitatea jaitsi izana funtsezkoa izan da beherakada horretan, baina baita erregaiak eta garraioa merkatu izana ere.
Bestetik, uztailean, etxebizitza bat erosteko eratutako hipoteka kopurua 2021eko hil bereko kopurua baino % 5,3 baxuagoa izan zen. Beherakada, 2020arekin alderatuta, nabarmen handiagoa da. Interes-tasak igo izana egon daiteke hipoteken eskaerak gelditu izanaren atzean.
Bestalde, abuztuan, azalera handietako eta elikadura-kateetako salmentek % 1,7 egin zuten gora, aurreko urtearekin alderatuta. Elikagaien salmenta gelditu egin zen (–% 0,1), baina gainerako produktuen bilakaera onarekin (% 5,0) konpentsatu zen. Gainera, enpleguak % 1,9 egin zuen gora, 2021aren aldean.
Asteroko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egiten du; «Astekonomia» izena du, eta minutu bateko iraupena duten bideo horien oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren zabalkunderako eta jarraipenerako bide emateko.