800 pertsonak baino gehiagok aurkeztu dute Euskal espetxeetako lan-poltsan sartzeko eskaera
- Aurkezteko epea gaur amaitu da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri bezala, Radio Euskadiko ‘Boulervard’-en egindako elkarrizketa batean
- Espetxe-kudeaketaren lehen urteari egindako errepasoan, sailburuak berriro esan du denbora behar dela “asko dagoelako egiteko”
- “Prestakuntza eta lanpostuen eskaintza hobetu ditugu, %40ko igoerarekin, baina lan honengatiko ordainsariak ere %5 baino gehiago igo dira”, erantzun du presoek joan den astelehenean egindako hobekuntza-eskaerei buruz
Gasteiz, 2022/09/30
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Radio Euskadiko Boulevard programan izan da gaur goizean, Euskadin espetxe-kudeaketaren lehen urteko balorazioa egiteko. Elkarrizketan, sailburuak adierazi du gaur bertan itxi dela euskal espetxeetan lan egiten duten langileak indartzeko deitutako lan-poltsan parte hartzeko eskaerak aurkezteko prozesua.
Ildo horretatik, Artolazabalek azaldu du “euskal espetxeetan lan egin nahi duten” 803 pertsonen eskaerak aurkeztu direla. Artolazabalek horri balioa eman dio, “estigmatizatutako kolektibo bat izan baita”, eta adierazi du hautagaitza aurkeztu dutenak “presoen aukeretan eta birgizarteratzeko lanean oinarritutako euskal eredu espetxean lan egin nahi duten pertsonak direla.
Plantilla “defizitarioa” egokitzeko prozesuei dagokienez, Beatriz Artolazabalek esan duen bezala, poltsa horretatik ateratzen diren lehenengo 60 pertsonak “urte amaierarako” lanean egon daitezke.
Transferentzia jaso ondoren “oinordetutako” langileen gabeziak onartu ditu sailburuak, eta euskal espetxeetan plantillaren neurriak ezartzea lortuko duen oposiziorako deialdia egiteko prozesua azaldu du. “Acaip-UGT sindikatu nagusiarekin akordioa sinatu dugun bi urte hauetan, lanpostuen balorazioa lantzen ari gara. Oposizioa deitzeak denbora gehiago beharko du, legea aldatu behar delako; ikusiko dugu Enplegu Publikoaren Legearen edo Aurrekontuen Legearen bidez egiten dugun”, azaldu du. Artolazabalek onartu du lan-poltsa “behin-behineko neurria” dela eta “2024. urtearen amaieran” oposizioa deitu ahal izatea espero duela.
Elkarrizketan, sailburuak behin eta berriz adierazi du birgizarteratzean oinarritutako espetxe-politikak “euskal gizarte seguruagoa izatea” ekarriko duela, eta horretarako “berrerortze-maila jaisteko baliabideak behar direla” onartu du.
Atal honetan Gazte Justizia aipatu da, euskal espetxe-ereduaren ispilua, eta datu batzuk eman ditu: “2003an, gazteen berrerortze-maila %28koa zen; 2022an, %12tik beherakoa. Hau da, 19 urtean 16 puntu gutxiago. Horixe nahi dugu”.
Azkenik, eta joan den astelehenean Arabako espetxean preso zeuden bi pertsonak egin zituzten kritikak direla eta, Artolazabalek esan du “askatasunez hitz egin zutela eta esandakoa kontuan hartu dut”. “Asko egin dugu, baina asko dago egiteko ere”, esan du.
Hala ere, azaldu du zentroetako barne-baldintzak hobetu egin direla eta zenbait ekintza zerrendatu ditu, hala nola gradu-progresioak areagotzea (457), elikadura hobetzea, itoginak eta hezetasunak ezabatzea. Eta prestakuntzaz eta enpleguaz ere hitz egin du.
“Prestakuntza-aukera gehiago dago, eta lan-eskaintzak handitu egin ditugu, %40ko igoerarekin, baina, gainera, lan horrengatiko ordainsariak ere %5 baino gehiago igo dira”, azaldu du.
Elkarrizketan beste gai batzuk ere landu dira, hala nola Sansoheta kasuaren epaiketa: “Biktimak adingabeak dira”. Artolazabalek onartu du Arabako Foru Aldundiak azkar erreakzionatu zuela eta “errudunen gainean legearen pisua jartzeko” eskatu du. Gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritza esperientzia pilotua sustatzen ari dela Gasteizen, Barnahus izeneko sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala emateko.
-
2022-10-03
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: 🔗800 pertsonak baino gehiagok aurkeztu dute Euskal espetxeetako lan-poltsan sartzeko eskaera.
📎https://t.co/hzBK40gi7x🔗Más d…
-
2022-10-03
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: 🔗800 pertsonak baino gehiagok aurkeztu dute Euskal espetxeetako lan-poltsan sartzeko eskaera.
📎https://t.co/hzBK40gi7x🔗Más d…