Berriak Herrizaingoa
Eu

Larrialdiak Kudeatzeko Legea Aldatzeko Lege Proiektua onartu dute (2011-11-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko azaroak 08

Lege proiektua, Larrialdiei buruzko Legea aldatzekoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak Larrialdiak Kudeatzeko Legea Aldatzeko Lege Proiektua onartu du gaur. Proposatutako aldaketek larrialdiak kudeatzeko sistema indartzea dute helburu, eta, horretarako, babes zibilerako egitura eta zerbitzuak indartu, eta herritarrekiko harremanak bultzatu nahi dituzte, gaur egun indarrean dagoen sistemaren oinarrizko funtsak aldatu gabe.

Larrialdiak Kudeatzeko 1/1996 Legea, apirilaren 3koa, arau aitzindaria izan zen; izan ere, sistema bakarrean batzen zituen larrialdien ohiko kudeaketa eta hondamendiek eragindako larrialdi egoeren aurreko erantzuna. Urte hauetako guztietako esperientziak erakutsi duenez, bete-betean asmatu zuten modelo hori aukeratuta, eta beste toki batzuetako administrazioek eredu eta inspirazio gisa erabili dute.

Dena den, denborak erakutsi duen bezala, eredu horren hainbat atal eguneratu egin behar dira, gaur onartutako Moldatze Proiektuan batutako erreformak gauzatuz.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen erreforman, larrialdi politika publikoa indartzeko bidean berebiziko garrantzia duten edukiak biltzen dira: herritarrek larrialdien arloan zein eskubide eta zein betebehar dituzten arautzen du, hondamendiei aurre egiteko mekanismoak indartzen ditu, erakunde publiko eta pribatuen arteko harremanak sustatzen ditu.

Baita ere, larrialdiak koordinatzen dituzten gizon-emakumeei agintaritzaren agente maila ematen die, ekintza nabarmengarriak azpimarratzeko ohorezko sariak sortzen ditu, lege betebeharrak betetzen ez dituztenak zigortzeko erregimena arautzen du, hirigintza legediak babes zibila kontuan hartu behar duela esaten du, larrialdi zerbitzu guztietako zentral operatiboak elkarrekin konektatu behar direla agintzen du, etab.

Halaber, larrialdien kudeaketan inplikazioa duten Administrazio guztiek konpromiso gutun bat sinatzea aurreikusten du erreformak. Herritar baten larrialdi dei baten edo laguntza eskari baten aurrean zerbitzu horiek guztiek parte-hartze azkar, bateratu eta eraginkorra egingo dutela bermatuko dute horrela.

Proiektuak dioenez, Hondamendien aurreko Laguntza Unitatea ere sortuko da, Herrizaingo Sailaren barruan. Horretan, administrazio ezberdinetako edo erakunde pribatuetako teknikariak egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edo, haren laguntza eskatzen dutenean, kanpoko larrialdi egoeretan pertsonak eta ondasunak babestea izango da haien eginbeharra.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan