Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak erreskate-simulakro batean parte hartu du, arreta larrialdien esparruko minaren eta anestesia osoaren tratamenduan jarri duen medikuntza-mintegi batean

2022-09-28

Gaur, asteazkena, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko kideek Anestesia Erregionalaren eta Minaren Tratamenduaren Europako Elkarteak (ESRA) antolatutako mintegi batean parte hartu dute. Ertzaintzak alderdi praktikoan lagundu du, Kontxako badian, Aquariumaren parean, egin duen simulakro batekin.    

Anestesia Erregionalaren eta Minaren Tratamenduaren Europako Elkartea urteko bilera, 28. edizioa, egiten ari da 2022ko irailaren 28an, 29an eta 30ean Donostian, eta 500 bat pertsona ari dira parte hartzen bertan. Hiru egunetan, eta txosten eta lantegi ezberdinen bidez, anestesiologia, suspertzea eta minaren tratamendua aztertuko dituzte.  

Asteazkenean, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak eman dio hasiera mintegiari itsasoan eta harkaitzetan erreskate-simulakro bat eginez. Simulakroan Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Uretako, Mendiko eta Aeronautikako atalek parte hartu dute.

Simulakroa 09:30ean hasi da Aquariumaren ondoan, Pasealeku Berrian, Carlos Blasco de Imaz Plazan, eta bi praktika-mota ezberdin egin dituzte.

  • Lehenengoan uretan istripua izan duen pertsona bat erreskatatu dute. Pertsona hori erreskatatu ondoren, dagokion balorazioa egin eta helikopteroan eraman dute erreferentziako ospitalera.
  • Bigarren praktikan istripua izan duten eta harkaitzetan harrapatuta geratu diren bi pertsona erreskatatu dituzte. Horietako bat, uretatik hurbilen zegoena, Uretako Atalak erreskatatu du. Biktima zegoen lekura iritsi direnean, immobilizatu eta uretatik eraman dute ontzira. Bigarren biktima ere immobilizatu egin dute, eta Mendiko Atalak garabi batean jaso du helikopterora.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak