Emakundek gogorarazi du sexu- eta ugalketa-eskubideak babestea funtsezkoa dela berdintasunerako

2022-09-28
  • Gaur, irailak 28, Sexu- eta ugalketa-eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da
  • Berdintasunaren aldeko Herri-Itunak emakumeek beren gorputzari, sexualitateari eta ugalketa-bizitzari buruzko erabaki autonomoak eta estereotipatu gabeak hartzearen alde egiten du.

 

Gaur, irailak 28, Ugalketa Eskubide Sexualen aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Emakundek gogorarazi du eskubide horien babesa funtsezkoa dela berdintasunerako. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren iritziz, eskubide horiek aukera ematen diete emakumeei euren gorputzei buruz erabakitzeko, eta horrek ondorio zuzenak ditu gizartean eta honen etorkizunean. Ohartarazi duenez, eskubide horiek “ez daude bermatuta mundu osoan, eta atzera egiteko arriskua ere badago hainbat lekutan, ultra-eskuinaren gorakadaren ondorioz, Italian ikusi den bezala edo Ameriketako Estatu Batuetan egiaztatu den bezala”.

Landaidaren hitzetan, pertsona guztiek izan beharko lukete bermatuta bizitza sexual egoki eta atseginaz gozatzeko eskubidea, hertsadurarik eta diskriminaziorik gabe, indarkeriarik gabe, eta “emakume guztiek izan beharko lukete ama izan nahi duten askatasunez erabakitzeko eskubidea, diskriminaziorik edo indarkeriarik gabe, ez bakarrik giza eskubideez ari garelako, baita eskubideen berme horrek gizarte osoaren garapen iraunkorra bultzatzen duelako ere”.

Garapen jasangarriko helburuen artean, Osasunari buruzko 3. GJHk eta Genero Berdintasunari eta Emakume eta Nesken Ahalduntzeari buruzko 5. GDSk sexu-osasunaren eta ugalketa-eskubideen alorreko xedeak biltzen dituzte. Era berean, 1995ean Beijingen egindako Emakumeari buruzko Mundu Konferentzian aitortu zen emakumeek ugalkortasuna kontrolatzeko duten gaitasuna funtsezko oinarria dela beste eskubide batzuk baliatzeko.

Gure herrialdean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik gabeko bizitzetarako Lege berrituak prebentzio- eta laguntza-neurriak jasotzen ditu, sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetarako sarbidea errazteko. Eta Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-itunak ere azpimarratzen du beharrezkoa dela sexu-hezkuntza integrala sustatzea eta emakumeek euren gorputzari, sexualitateari eta ugalketa-bizitzari buruzko erabaki autonomoak eta estereotiporik gabekoak har ditzaten sustatzea eta babestea.

Landaidaren hitzetan, “sexu- eta ugalketa-eskubideak defendatzeak esan nahi du emakumeek ugalketa-erabaki autonomoak hartzeko eskubidea dutela, emakume batek ere ez duela bere bizitza arriskatu behar haurdunaldi baten ondorioz, ez dela neskarik jarri behar genitalen mutilazioaren arriskuan, sexu-informaziorako eta -hezkuntzarako eskubidea dutela eta indarkeriaren, sexu-esplotazioaren eta abusuaren aurrean babesteko eskubideak dituztela”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak