Elkarlan Sariak
Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Kontsumobidek arbitrajearen bidea sustatzen du kontsumo-gatazkak konpontzeko

2022-09-28

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak konpromiso argia hartu du arbitrajearen bidea sustatzeko kontsumoko arazoak konpontzeko formula gisa. Hori dela eta, kanpaina bat hasi du enpresei Kontsumoko Arbitraje Sistemaren alde onen berri emateko eta sistemari enpresa gehiago atxikitzeko.

Kanpaina enpresekin eta saltokiekin harreman zuzena ezartzera bideratuko da batez ere. Kanpaina bi hilabetetan gauzatuko da irailaren 26tik hasita, eta Euskadiko 1.000 enpresa eta establezimendu baino gehiago bisitatuko dira arbitrajearen funtzionamendua eta alde onak azaltzeko eta sistemari atxikitzera gonbidatzeko. Irratiko iragarki laburren eta sare sozialen bidez indartuko da, eta liburuxka espezifikoak ere argitaratuko dira.

Kontsumitzaileek oinarrizko eginkizuna betetzen dute arbitrajea sustatzean. Eurek jasaten dituzte kontsumoko arazoak, eta eurek aukeratu dezakete arazoak konpontzeko bide azkarra eta doakoa. Baina kontsumoko arbitraje-sistema sendotzen erosketa-ekintzaren lehenengo urratsetan hasten da, zein saltokitara jo erabakitzean. Kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita dagoen establezimendu bat aukeratzea kalitate-plus baten eta kontsumitzaileen eskubideez arduratzen den establezimendu baten aldeko apustua egitea da. Hori dela eta, kanpaina, alde batetik, kontsumitzaileei zuzenduko zaie, eta kalitate-plus bat ematen digun eta enpresak edo establezimenduak kontsumo arduratsuaren eta kontsumo-gatazkak azkar eta adiskidetasunez konpontzearen aldeko konpromisoa hartu duela adierazten duen pegatina laranja bilatzea gomendatzen zaie. Kontsumitzaileak arbitrajearen aldeko konpromisoa hartzeak indartu egiten du sistema; kontsumitzaile batek establezimenduari arbitraje-sistema eskatzen badio, kontsumo arduratsuaren kultura sendotzeko bideen preskriptore bihurtzen ari da.

Gaur egun Euskadiko 15.000 enpresa eta establezimendu baino gehiago daude kontsumoko arazoak konpontzeko sistema honi atxikita.  

Kontsumoko arbitrajea da kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresa, merkatari edo zerbitzu-emaileen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko biderik errazena. Mekanika oso sinplea da: establezimendu bat Arbitrajeko Euskal Sistemari atxikita badago (hau da, pegatina laranja badu), kalitatearen eta kontsumitzailearen aldeko konpromisoa hartu duela esan nahi du. Kontsumo-arazo bat sortzen bada, kontsumitzaileak arbitrajea eska dezake, eta, horretarako, inprimakia bete eta Kontsumobiden, KIUBen, kontsumitzaileen elkarte batean edo zuzenean Arbitraje Batzordean aurkez dezake. Enpresa arbitraje-sistemari atxikita badago, bitartekaritza-saio bat egingo da adostasun batera iristeko.  Akordiorik lortzen ez bada, arbitraje-elkargoak edo arbitroak nahitaez bete beharrekoa den erabaki bat hartuko du (arbitraje-laudoa). Hori guztia arbitraje-eskaera onartzen denetik 90 eguneko epean egiten da, eta dohainik da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko