Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

“Afrikaldia”, Afrikako Zinemen Euskal Jaialdia, Gasteizen izango da urriaren 3´tik 8´ra, migrazioa eta berdintasuna ardatz hartuta, afrikar begirada batetik

2022-09-27
  • eLankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin.José Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak jaialdia aurkezteko ekitaldian parte hartu du
  • José Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak jaialdia aurkezteko ekitaldian parte hartu du


Vitoria-Gasteiz, 2022 IX 27

 Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia Vitoria-Gasteizen izango da, urriaren 3tik 8ra bitartean, eta, bereziki, migrazioa, berdintasuna eta pertsonen mugikortasuna izango ditu gai nagusi, ikuspegi afrikarretik. Inaugurazio-gala Europa Jauregian izango da. Nazioarteko zinema-jaialdi bat da, lehiakorra eta publiko orori zuzendua. Florida zinema-aretoan dozena bat proiekzio izango dira, Afrikaren errealitatea kalitateko zinemaren bidez ezagutzeko.

 José Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak Afrikaldiaren aurkezpenean parte hartu du, kultura-zinegotziarekin, Fundación Vital-eko zuzendariarekin eta Beatriz Leal Afrikar Zinemen Jaialdiko programazioaren zuzendariarekin batera.

 Rodríguez Ranz´ek nabarmendu duenez, euskal lankidetzak hainbat herrialde eta lurraldetan prozesuak laguntzen ditu, pertsona guztiek giza garapen iraunkorra eta justizia soziala lor dezaten. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailetik uste dugu Euskadin ere gizarteari prozesu horien parte izaten lagunduko dioten ekintzak garatu behar ditugula.

Afrikaldia Manuel Iradier Afrikar Elkarteak eta Kultura Bendera Elkarteak antolatzen dute, Gasteizko Afrikako diasporaren partaidetzarekin. Jaialdiaren astean, hainbat zuzendari, aktore, ekoizle eta aktore Gasteiz bisitatuko dute, horietako batzuk Arabako Campusera hurbilduko dira, Afrikako herrialdeek bizi duten egoera politiko eta migratzaileaz hausnartzera eta eztabaidatzera. Proiektatzen diren filmen artean, berdintasunari, gazteriari, migrazioei eta garapenerako lankidetzari lotutako hainbat eduki daude.

 Urriko lehen astean, euskal hiriburuko Florida zinemetan hamabi proiekzio izango dira, Afrikan kalitatezko zinemaren bidez murgiltzeko. Sail ofizialak fikziozko 6 film luze eta 6 dokumental eskainiko ditu, 20 herrialde baino gehiagorekin. Estatu mailako 3 estreinaldi izango dira: Hegoafrikako Mlungu Wan filma, Jenna Cato Bassena, Ema Edosio nigeriarraren Otiti eta Amil Shivjiren Vuta N اkuvute. Gainerako filmak lehen aldiz proiektatuko dira Euskadin. Aurten, Silvia Ruiz de Austriren Katixa ikus-entzunezko ekoizleak, Armando Buika aktoreak eta Arantza Ibarra zuzendariak osatuko dute epaimahaia. 3 pertsona horiek argitalpenaren errealizazio onena bereizteko ardura izango dute.


Lankidetzak

Montehermoso Jauregia izango da jaialdiaren beste topaguneetako bat. Gasteiz Film Office-ren lankidetzarekin industria atala landuko da, sektoreko profesionalentzako topaleku bat, nazioko eta nazioarteko gonbidatuekin hitzaldi eta eztabaida ziklo bat izango duena.  Gainera, edizio berri honetan, jardunaldi akademikoak errepikatuko dira. Afrikako kultura UPV/EHUko ikasleei hurbiltzeko asmoz, Arabako Campusak 4 titulu proiektatuko ditu, ondoren Afrikaldiaren bigarren edizioaren gai nagusian espezializatutako dinamizatzaileekin solasaldi bat eginez amaitzeko.
Afrikaldiak aliantza baten aldeko apustua egin du berriz ere Gasteizko Udalaren kaleko hezkuntza programekin. Hiriko hainbat gizarte-etxetan, Karina Senatorek, Afrikaldiaren kartelaren diseinatzaileak, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako collage artistikoko tailer bat zuzenduko du.

Xedeak

Afrikaldia da penintsulako iparraldeko Afrikako Zinemen Jaialdi bakarra. Kultura Bendera Elkartea eta Manuel Iradier Afrikar Elkartea erakunde sustatzaileek giza garapen integrala sustatzen dute, Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna ikusaraziz. Gainera, euskal kulturaren eta afrikarren arteko topaguneak sustatu nahi dira, gizarte-kohesioa bultzatuz.

Erakunde sustatzaileez gain, Gasteizen finkatuta dauden Afrikako pertsonen hamabi elkartek aktiboko parte hartzen dute Afrikaldia´rekin. Horien guztien artean, gizarteen arteko zubiak eraikitzen laguntzen dute, Afrikari buruzko begirada zabalduz eta haren ekoizpen zinematografikoari balioa emanez.

Bigarren edizio honetako kartela Karina Senatorek egin du, Euskal Herriko Unibertsitatean Sorkuntzan eta Diseinuan graduatua. Afrikako kontinentearen migrazio-errealitatea islatzen duen irudia da, eta bi gaztek ordezkatzen dute, oro har, prozesu horietan gehien inplikatutako biztanleria. Informazio gehiago: https://www.afrikaldia.com

  • A NUIT DES ROIS (La noche de los reyes) filmak, Philippe Lacôte-renak (Boli Kosta/Frantzia/Kanada/Senegal, 2020), irekiko du jaialdia. Delitugile txiki bat “Maca”n sartu da, Boli Kostako baso erdian dagoen espetxe batean, izututa; espetxeak bere arauak ditu, eta presoak dira bertako benetako gobernatzaileak. Espetxeko burua gaixorik dago, eta bere buruaz beste egitera behartuta dago, barneko arauen arabera, eta preso hori aukeratu du ipuin-kontalari berria izateko. Ilargiak gorri kolorea hartzen duenean, istorioa kontatzen hasi behar du, eta, istorioa amaitzean, haren patuari aurre egin. Zama King-en istorioa aukeratu du, gainerako presoen idoloa den hiltzaile batena. Gaua aurrera doa, arriskua etengabea da, baina irudimenak eta sormenak gainezka egin dute.
  •  143 RUE DU DÉSERT (Calle del desierto, 143), Hassen Ferhani-rena (Aljeria/Frantzia/Qatar, 2019). Aljeriako Sahara erdian, emakume bat bere historia idazten ari da, egongela batean. Han, zigarreta batekin, kafe batekin edo arrautza batzuekin egiten die harrera kamioilariei, arima noragabeei eta haien ametsei… Malika du izena.
  •  DANS LA MAISON (En la casa), Karima Saïdi-rena (Belgika /Frantzia/Maroko/Qatar, 2020). Zenbait urtez bananduta egon ondoren, amarekin batu da, Aïcha-rekin; ama gaixorik dago, Alzheimerra du. Bruselatik Tangerrera, umiltasuna eta aitorkizunak tarteko, itxura hartzen dute minek, hausturek, doluek eta poztasunek: erbestealdiak kolpatu duen familia baten odisearen elementu guztiak.
  •  FEATHERS (Plumas), Omar El Zohairy-rena (Egipto/Holanda/Grezia/Frantzia, 2021). Haurren urtebetetze-jai batean hasten da; mago batek umearen aita autoritarioa oilo bihurtu du. Familiaren arazoak hasiko dira magoa gai ez denean aita lehengora bueltatzeko. Hala, ama hasiko da egoeraz arduratzen eta familia aurrera ateratzen, gizarte patriarkal batean; gizarteak ez dizkio gauzak erraz jarriko. Haren senarra lehengora bueltatzeko bazterrak astindu eta bizirik irauten duela ziurtatu bitartean, emakumeak erabateko eraldaketa biziko du.
  •  FEMMES SUSPENDUES (Mujeres suspendidas), Merième Addou-rena (Maroko/Frantzia/Qatar, 2021). Ghita, Latifa eta Saadiaren borroka kontatzen du; senarrek abandonatu dituzte hiru emakume horiek. Urteetan zehar itxaroten egon ondoren, haien eskualdeko auzitegira joan dira, dibortzioa eskatzera. Prozedura judizialak haietako bakoitza behartzen du senarrak ez daudela frogatzera: oztopoz beteriko bide zentzugabea eta mingarria, gainditzeko gai izango diren ez dakitela.
  • FREDA, Gessica Généus-rena (Haiti/ Frantzia/Benin, 2021). Fredaren bizitza erakusten du; amarekin, ahizparekin eta neba adingabearekin bizi da, Port-au-Prince-ko (Haitiko hiriburua) auzo ezagun batean. Familiak bizirik dirau, janari-denda txiki bati esker. Ezegonkortasuna eta eguneroko indarkeriaren gorakada nagusi izanik, beren buruari galdetzen diote herrialdean geratu edo ihes egin behar ote duten. Fredak, bere zoriontasunari uko egiteko prest, herrialdearen etorkizunean sinestea erabaki du.
  •  LE DERNIER REFUGE (El último refugio), Ousmane Samassekou-rena (Mali/Frantzia/Hego Afrika, 2021). Duela hamarkada batzuetatik hona, Gao hiria (Mali) bake-babeslekua da bidaiari afrikarrentzat. Han, Sahel-en desertuaren atarian, Migratzailearen Etxea dago, eta milaka pertsona hartzen dituzte bertan, urtero: batetik, Europara bidean itxaropentsu daudenak, eta, bestetik, patua aldatu eta jaioterrira eta familiarengana bueltatzeko bidaiatzen ari direnak.  Bi neska nerabe eta emakume heldu bat hizketan ari dira, egongela txiki batean etzanda, haien ametsei eta historia pertsonalei buruz. Etxearen beste alde batean, gizon gazte batzuk borrokaldi bat ikusten ari dira telebistan, musika entzuten, karta-jokoan eta errealitatetik ihesean. Zer sentitzen da, zer behar da, gure ametsak lurperatu dituztenean edo haiek bizitzea espero denean?
  •  MLUNGU WAM / GOOD MADAM (Buena señora), Jenna Cato Bass-ena (Hego Afrika, 2021). Tsidiri buruzko thriller psikologiko ikaragarria da; Tsidi ama ezkongabea da, eta Mavis ama hotzarekin etxez aldatzera behartuta dago. Mavis neskamea da, eta obsesioz zaintzen du haren 'Madam' zuri katatonikoa; haren etxean bizi da. Hala ere, Tsidi familia sendatzen saiatzen den bitartean, 'Madam'en mamu maltzurra nahasian hasi da.
  •  NOUS, ÉTUDIANTS! (¡Nosotros, estudiantes!), Rafiki Fariala-rena (Afrika Erdiko Errepublika/Frantzia/ RDC/ Saudi Arabia, 2022). Néstor, Aaron, Benjamín eta Rafiki-ren bizipenak kontatzen ditu. Ekonomiako ikasleak dira, Banguiko Unibertsitatean. Leporaino beterik dauden eskolak hartzen dituzten bitartean, bizirik irauteko lan txikiak ere egiten dituzte, eta eroskeriak mehatxatuta daude edonon. Rafikik erakusten du Afrika Erdiko Errepublikan nolakoa den ikasleen bizimodua; bertan, gizartea suntsituta dago, eta bertako gazteek jarraitzen dute haien herrialderako etorkizun hobearekin amesten.
  • OTITI, Ema Edosio-rena (Nigeria/AEB, 2022). Jostun baten historia kontatzen du. Jostunak beldurra dio konpromisoari; aita gaixorik du eta haren kargu egiten da. Aitak abandonatu egin zuen alaba txikitan, eta, bitartean, haren anaiordeak aitaren jabetzak eskuratzeko posizionatzen ari dira.
  • RAFIKI, Wanuri Kahiu-rena (Frantzia/Kenia/Hego Afrika, 2018). Honako esaera hau zalantzan jartzen du: “Keniar neska onak keniar emazte on bilakatzen dira”. Baina Kenak eta Zikik zerbait gehiago nahi dute. Kenak aitaren dendan lan egiten du, eta erizaintzako eskolan noiz hasi itxaroten ari da; Zikik, bitartean, egunak lagunekin irteten eta dantza-errutinak asmatzen ematen ditu. Haien bideak hauteskunde-kanpaina baten erdian gurutzatu dira; hauteskundeetan haien aitak aurrez aurre daude. Neskek elkar atsegin dute, baina Keniako gizartea oso kontserbadorea da, eta maitasunaren eta segurtasunaren artean aukeratu beharko dute.
  • THE RUMBA KINGS, Alan Brain-ena (AEB/RDC, 2021). Kongoko Errepublika Demokratikoaren historia epikoa ospatzen du; Afrikako nazio hori zapalkuntza kolonialaren aurka borrokatu zen, askatasuna aurkitu zuen eta identitate berria landu zuen musikaren bidez.
  • UNE HISTOIRE D’AMOUR ET DE DÉSIR (Una historia de amor y de deseo), Leyla Bouzid-ena (Tunez/ Frantzia, 2021). Ahmed 18 urteko frantziar bat, jatorriz aljerriarra, Parisko hiri-inguruan hazi da. Unibertsitatean Farah ezagutu du, neska tunisiar gazte bat, energiatsua, Parisera iritsi berria. Arabiako literatura-bilduma sentsual eta erotiko bat ezagutzen duenean –sekula ez zuen pentsatuko horrelakorik egon zitekeenik–, erabat maitemindu da Farahz, eta, nahiz eta desioz gainezka egon, hari aurka egiten saiatuko da.
  • VUTA N’KUVETE (Tira y afloja), Amil Shivji-rena (Tanzania/ Hego Afrika/Qatar/Alemania, 2021). Britaina Handiaren menderatzearen aurkako gazte iraultzaile militante baten eta haren neska-lagun iheslariaren arteko maitasun-harremana errepresio kolonialaren olatu bortitzek kaltetu zituzten, Zanzibarren, 50eko hamarkadan. Amil Shafiren swahilizko eleberri homonimoa zinemara ekartzeko egokitzapena da; jaialdietan eman den Tanzaniako lehen film luzea da, eta sekula ez bezala erakusten ditu sasoi bateko –Ekialdeko Afrikako esklaboen salerosketaren amaiera baino pixka bat geroago– eta espazio bateko –Zanzibar, merkatu horren gune nagusia– tentsio historikoak, funtsezkoak kontinentearen eta egungo munduaren historian.
  • WALLAY, Berni Goldblat-rena (Frantzia/Burkina Faso/Qatar, 2017). Burkina Fasoko eguneroko bizitza kontatzen du, Ady 13 urteko mutikoaren begietatik. Orain, Frantzian bizi da, baina aitak erabaki du bere senitartekoak bisitatzera bidaltzea Mendebaldeko Afrikara. Gogotsu aitaren jatorrizko herrialdean oporraldi lasaia igarotzeko, hara iristean harrituta geratu da, osabak hotz eta kexaz hartu duenean. Gainerako senitartekoak pozik daude hura ikusteaz, eta giroa baretzen saiatzen dira, baina Ady berehala konturatu da egonaldia ez dela espero zuen modukoa izango.
  • YOU WILL DIE AT TWENTY (Morirás a los veinte), Amjad Abu Alala-rena (Sudan/Qatar, 2019). Jaio eta gutxira, herriko gizon santu batek Muzamil 20 urte betetzean hilko dela iragarri du. Muzamilen aita ez da gai madarikazioa jasateko, eta etxea utzi du. Sakina amak berak bakarrik hazi du semea, gehiegi babestu ere. Muzamilek 19 urte bete ditu.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alvaro Iradier, Beatriz Leal, Estibaliz Canto, Arantza Ibáñez de Opacua