Berriak Hezkuntza

Hezkuntza sailak 7 milioi euro bideratu ditu udalentzako laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko “Udalaguntza 2022” deialdiaren bidez (Gobernu Bilera 2022-9-27)

2022-09-27
  • Udalaguntza deialdiaren bidez 266 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 182 ikastetxetan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza 2022 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia. Deialdi honen bidez, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egiteko dirulaguntzak ematen ditu Hezkuntza Sailak. Deialdi honek 7 milioi euroko diru-kopurua du.

Udalaguntza 2022 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Kasurik gehienetan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira. Agindu honen bidez finantzatu daitezkeen obrak 2022ko urtarrilaren 1 eta 2023ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio-batzordeak onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori kontuan hartuta egingo da.

Irisgarritasuna eta eguneratze lanak

Ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen-zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Dena den, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Udalekin koordinazioan

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2021) 266 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 91 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 182 ikastetxe publikotan.

2022 urte honetan, Patio Inklusiboak sortzeko Hezkuntza Sailaren deialdiarekin osatu da Udalaguntza (uztailaren 5ean onartu zen Gobernu Kontseiluan). Beste 7 milioi euroko aurrekontuarekin, deialdi berri hau ere udalei zuzendua da, euren titulartasuneko eskoletan jolastoki inklusiboak sortzeko egiten dituzten lanak finantzatzeko. Karpekin bezala, Hezkuntza Sailak kostuaren % 90 finantzatuko du. Horrelako jarduerak finantzatzeko 46 eskaera egin dituzte EAEko 33 udalerrik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko