Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

10 eurotik 6 bideratuko ditu I+G+B+N-ra (I+G+B gehi nazioartekotzea) Industria Sailak

2011.eko azaroak 08

Sailak bere historian egin duen aurrekontu inbertitzaileena aurkeztu du Bernabé Undak Legebiltzarrean, 11 milioitan gehitu baita atal hori. 

2012ko proiektuak % 26,9ko beherakada biltzen du gastuetan, eta horri esker % 3,9 gehitu ahalko da lehentasunezko alderdia, hau da, inbertsioa. 

230 milioi bideratu dira I+G+B+N-ra, hau da, Sailaren aurrekontuaren % 60, eta % 11,8ko igoera erakusten du horrek.

Arrisku Kapitaleko sozietateak kudeaturiko 14 milioiko Funts Teknologiko berri bat sortuko du Jaurlaritzak; lankidetzako eta lehiakortasuneko kluster-filosofia ardatz duen patronal eta ganberekin egin beharreko baterako hitzarmen bat aurreikusten du, eta bostekin biderkatuko ditu nazioartekotze-bekak, 500eraino iritsi arte, beste kutxa batzuekin lankidetzan. 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak gaur goizean aurkeztu du 2012ko aurrekontu-proiektua. Hirugarren urtez jarraian haziko da ahalegin inbertitzaileari dagokionez, alderdi horretan Sailak bere historian izan duen handiena bihurtzeraino. 

Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, sailburuak proiektuaren ildo nagusiak azaldu ditu, guztira 381,6 milioi euro biltzen dituen proiektuarena. Diru-bilketaren beherakada eta egoera ekonomiko globala gorabehera, krisialdiaren aurretik egindako azken aurrekontuaren gainetik jarraitzen du, hau da, 2008koaren gainetik, 32,4 milioitan gainditzen baitu, hau da, % 9,3an. 

Undak aurkezturiko proiektuan Sailak ezarritako lehentasunak indartzea da ildo nagusia, hau da I+G+B eta nazioartekotzea, hots, I+G+B+N deiturikoa. Atal horiek 230 milioi euroko partida dute esleituta, hau da, Sailaren aurrekontu guztiaren % 60. Murriztetik urrun, aurten ere % 11,8 hazi dira. 

Austeritatea izan da nagusi horretara iristeko, diru-sarreren beherakadaren testuinguru orokorra kontuan izanda. Aurrekontu globala % 5,2 murriztu da 2011rekiko, batez ere gastuek izan duten % 26,9ko murrizketa handiaren ondorioz, edo bestela esanda, 31,9 milioi euroko murrizketa, kostu-murrizketen politikaren jarraitutasuna berresten duen diru-kopurua. 

Agerraldian, sailburuak azaldu du aurrekontu-proiektua "Enpresa Lehiakortasuneko Planaren barruko aktibazio ekonomikoko politika baten" garapena dela. 

Aurrekontuari esker, laguntza ematen zaie enpresei batez ere "eusteko eta lehiatzeko", eta herrialde-proiektutan lidertza sortzeko lankidetza publiko-pribatuaren ondorioz. Legebiltzarrean aurkezturiko proiektuak bereziki babestuko ditu hazkunde- eta dibertsifikazio-aukerak, Euskaditik kanpora zein Euskadin bertan. 

Inbertsioa % 3,9 haziko da 

Sailaren ahalegin inbertitzailea gehitu egin da hirugarren urtez jarraian. Oraingoan, % 3,9 hazi da 2011rekiko. Ildo horretan, hiru alderdi indartu dira zehazki: merkatura bideraturiko berrikuntza teknologikoa, nazioartekotzea eta enpresen finantzaketa. 

Teknologia Zuzendaritza indartuko du beste inor baino gehiago I+G+B ardatz nagusi duen politika horrek, bere aurrekontua 23,4 milioi eurotan gehitu baita (% +29,4). Nazioartekotze Zuzendaritzarena ere 1,3 miliotan gehitu da, hau da, % +6,2. 

Finantzaketari dagokionez, Eutsi Estrategiarekin jarraitzearen aldeko apustua egin du Bernabé Undaren sailak, finantza-zailtasunak dituzten enpresei laguntzen dien estrategiaren alde, batez ere arrisku-kapitalaren tresnaren bidez. Ildo horretan, 2012an Ezten funtsa atxikiko da 26,2 milioi eurorekin, baina gainera 14 milioi euroko funts berri bat gehituko da, berrikuntza teknologikoko proiektuetara bideraturikoa. 

Enpresa-ekimen berrien industria-programa batera bideratuko da funts hori. Laguntzen ohiko formula (itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak) kontuan hartu ordez, kreditu itzulgarrien linea bat aterako du, azken urteotan egindako aurreko I+G+Bko proiektuetan oinarrituta sorturiko enpresa berriak finantza daitezen. 

14 milioi euroko programa hori Eusko Jaurlaritzaren Arrisku Kapitaleko sozietateak kudeatuko du eta "formula berritzailea da argi eta garbi, ekintzailetza bultzatu eta I+G+B bideratzen duena", Bernabé Undak Legebiltzarrean adierazi duenez. 

I+G+B+N indartzeko beste bideetako bat nazioartekotze-bekak bostekin biderkatzeko egindako ahalegina da. Aurrezki-kutxekin gauzatu beharreko lankidetza publiko-pribatuari esker, guztira 500 beka eskaintzea aurreikusita dago 2012an. 

Beste bi estrategiekiko bultzadarekin jarraitzen du aurrekontuak: Lehiatu eta Buru izan. Gainera, Jaurlaritzaren Kontseiluak iaz onarturiko 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren beste ardatz estrategikoekin lerrokatu da. 

Ikuspegi berria patronal eta ganberekin 

Aurrekontuaren beste nobedade bat patronalekin eta Merkataritza Ganberekin egin beharreko baterako hitzarmena da. Erakunde bakoitzaren eginkizunak mugatuko ditu eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak baliatu nahi duen tresna izango da Lehiakortasun Plana garatzeko zenbait esparrutan, hala nola merkataritza, turismoa, nazioartekotzea, enpresak sortu eta sendotzea, eta enpresa-sektorearen eraldaketa lehiakorra. Lankidetzako eta lehiakortasuneko kluster-filosofia ardatz izan nahiko du hitzarmen berri horrek. 

Aurrekontuaren helburu nagusia nabarmendu du sailburuak bere agerraldian: "funtsezkoa gorde eta ekonomia sustatzearen aldeko apustua egin". "Ahalegin inbertitzailea egitea da hori lortzeko modua", azaldu duenez. Bernabé Undak azpimarratu du "gutxiagorekin gehiago egitearen premisari erantzuten diola" proiektuak, eta "enplegua atxiki eta sortzeko" asmo nagusiari. 

Zuzendaritza bakoitzari bideratuko zaizkion partidak honako hauek dira: 

  • Teknologia: 155,3 milioi
  • Industria Garatzeko Zuzendaritza: 60,3 milioi
  • Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza: 54 milioi euro
  • Merkataritza: 33,3 milioi
  • Nazioartekotzea: 23 milioi
  • Turismoa 20,2 milioi
  • Zerbitzu Orokorrak: 14,2 milioi
  • Plangintza eta Estrategia: 11 milioi
  • Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza: 7 milioi
  • Energia eta Meategien Zuzendaritza: 2,9 milioi 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 8a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)