Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak 2022ko Euskadi Denda Bonua trukatzeko bigarren aldia onartu du, hasierako aurrekontua baino lau milioi euro gehiago izango dituelarik

2022-09-27
  • Gobernu Kontseiluak 14 milioi eurotik gorako aparteko laguntzak onetsi ditu lehen sektoreari laguntza emateko Ukrainako inbasioak eragindako krisiaren aurrean
  • Jaurlaritzak euskal administrazioak euskalduntzeko lanean jarraituko du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluak Ukrainako inbasioaren ondorioei aurre egiteko gaur onartu dituen neurrietako batzuen berri eman du. Horien artean hiru nabarmentzen dira:

Alde batetik, Gobernuak Euskadi Bono Dendaren 2022ko edizioaren bigarren aldia onartu du gaurkoan eta zuzkiduraren aurrekontua handitzea erabaki du: hasieran aurreikusitako 5.000.000 eurotik 9.000.000 eurotara igoko da, lehen aldiko emaitza onak eta merkataritzaren salmenten suspertzea lortu zuela kontuan hartuta. Programa hau Jaurlaritzak Ukrainaren inbasioak ekonomian eragiten dituen ondorioen aurrean hartutako neurri osagarrien barruan kokatzen da.

Ukrainaren inbasioaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak aparteko laguntzak deitu ditu nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei laguntzeko eta ekoizpen-kostuen igoeraren ondorioz bizi dituzten zailtasunak arintzeko. 14,1 milioi euroko laguntza horiek honako azpisektore hauen jarduerak mantentzen lagunduko dute: behi-azienda, ardiak, ahuntzak, haragi‑hegaztiak, hegazti erruleak, txerriak, untxiak, zaldiak, patata, erremolatxa, bazka-artoa eta zenbait lekadun. 

Gaienra, Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekonomian ekiteko 5 milioi euroko laguntza-agindu bat onartu du gaur. Ukrainako gerrak eragindako afekzioen eta Errusiari ezarritako zigorreen ondorioz, hasieran aurreikusitako 3 milioiko partida bi milioi gehiago handitu da. Laguntzak bost kapitulu desberdin finantzatzeko izango dira. Alde batetik, bultzatu eta indartu nahi da gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko eta sendotzeko euskal sare publiko-pribatua, bai eta gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko eta berriki eratu direnak sendotzeko ere. 

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Jokin Bildarratz Hezuntza sailburuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Udalaguntza 2022 izenez ezagutzen den dirulaguntza deialdia onartu du. Deialdi honen bidez, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egiteko dirulaguntzak ematen ditu Hezkuntza Sailak. Deialdi honek 7 milioi euroko diru-kopurua du. Sailburuak azaldu duenez, ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere. “Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen-zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira”, gaineratu du. 

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. 

Halaber, Hezkuntza sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko musika ikastegiak diruz laguntzea helburua duen agindua onartu ditu, udal ikastegiak zein pribatuak izan. Bi deialdi horiek jasotzen duten diru-kopurua 13,6 milioi eurokoa da, orotara. Deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak 2021-2022 ikasturteari dagozkion kostuak ordaintzeko erabiliko dira. Diruz lagundu ahal izango dira ikastetxe horietako langileen kostuak (irakasleak eta ez irakasleak), ekipamenduaren eta funtzionamenduaren gastuak, betiere musika-irakaskuntzarekin lotura zuzena badute.

Bi gai hauek aipatuz, Bildarratz sailbururak Udalek hezkuntzan duten garrantzia azpimarratu du. “Dakizuenez gure asmoa Udalen partehartzea areagotzea da hezkuntza munduan, elkarlan horren bitartez ikasleek, ikastetxeek eta herriek beraiek ere asko irabazi dezaketelako”, adierazi du. 

Etorkizuneko Hezkuntza Legearen izapidetzeari dagokionez, Bildarratzek adierazi du, berak zuzentzen duen sailak Hezkuntzaren Lege Aurreproiektuaren lehen zirriborroa egin ondoren, eta Legebiltzarraren aginduari jarraituz, “orain gizartearen ordua” dela, eragileen askotariko iritziak entzuteko. Era berean, gogorarazi du dagoeneko dozenaka bilera egin direla hainbat kolektiborekin, sindikaturekin eta alderdi politikoekin, “helarazteko zerbait dutela uste duten elkarte guztiekin”.

EUSKARA

Prentsaurrekoan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari administrazioan lan egiteko beharrezkoa den euskara profilaren inguruan galdetu diote, eta, honek, Jaurlaritzak 40 urtez lan egin duela eta lan egiten jarraituko duela ziurtatu du euskal administrazioak euskalduntzeko prozesuan lanean.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Eta lehen sektorearekin lotuta, Gobernuak beste neurri bat ere hartu du gaurkoan: HANDITU INNOVA programa jarri du abian, bost milioi eurokoa, nekazaritza-ekoizpenean berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handiak finantzatzeko. Orain arte ez zegoen lehen sektoreari laguntzeko tresnarik berrikuntza teknologikoaren ekimen handiekin lotuta eta programa honek helburu izango ditu Nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna eta efizientzia hobetzea eta ingurumen-eragina murriztea, energia-efizientzia handituz. 

Bestetik, Gobernu Kontseiluak Bilboko Metroko L5 linea (Etxebarriren eta Busturialdeko eta Durangaldeko trenbide-sarearen konexioaren artean) eraiki eta finantzatzeko eta sistema metropolitarrean integratzeko Eusko Jaurlaritzaren –Ogasuna eta Garraioak–, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena sinatzea baimendu du gaur. 

Kultura sailarekin zerikusia duten bi gai aipatu ditu Zupiria sailburuak.

Alde batetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmena sinatu du Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA), euskarazko zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta hedapena sustatzeko. Horrela, ICAAk 760.000 euro transferituko dizkio Jaurlaritzari, 2021ean euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzeko Euskadin egin zen inbertsioari dagozkionak.

Gainera, Kontseiluak Europar Batasunak finantzatutako Next Generation Planaren esparruan liburutegietako funtsak hornitzeko edo berritzeko dirulaguntzen deialdia onartu du. Guztira, 575.000 euro izango dira liburutegi publikoetan paperezko liburuak eskuratzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak