Berriak Osasuna

ZAINKETA INTENTSIBOEN HUMANIZAZIO JARDUNBIDE EGOKIEN NAZIOARTEKO ZIURTAGIRIA LORTU DU OSAKIDETZAKO GALDAKAO-USANSOLO OSPITALEKO ZAINKETA INTENTSIBOEN UNITATEAK (ZIU)

2022-09-23
  • Ziurtagiri hori —HU-CI proiektuak (Zainketa Intentsiboak Humanizatzen) eta AENORek sustatua— lortu duen Euskadiko lehenengo ZIU da.
  • Prozesua profesionalen, pazienteen eta senideen parte-hartzean oinarritu da, eta hainbat neurri ezarri dira, hala nola bisita-ordutegiak luzatzea, senideentzako gida argitaratzea, atseden-gela egokitzea, gaueko atsedena mesedetzeko protokoloak ezartzea, eta abar.

Osakidetzak humanizazioaren arloan dauzkan jardunbide egokiak bermatzen dituen ziurtagiri berria dauka. Barrualde-Galdakaoko ESIaren baitako Galdakao-Usansolo Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatea da, hain zuzen ere, ziurtagiria lortu duena. Zainketa Intentsiboen Humanizazio Jardunbide Egokien Ziurtagiria —nazioarteko HU-CI proiektuak (Zainketa Intentsiboak Humanizatzen) eta AENORek emandakoa— jaso duen Euskadiko lehenengo ospitalea da.

Lorpen horrek berariaz eta publikoki aintzatesten du zera: unitate horrek bete egiten dituela arreta humanizatua eta kalitatezkoa emateko beharrezko baldintzak. 2019an egindako lehen urratsen ondoren, ziurtatze-prozesua arrakastaz amaitu da. Hala bada, Osakidetzak honakoak bermatzen dituen beste aitorpen bat eskuratu du: talde-lana, bere profesionalen eguneroko ahalegina eta pazienteei zein haien senideei arreta hurbilagoa eta kalitatezkoagoa ematea.

HUMANIZAZIO-PROZESUA ZIUn

Humanizazioarekin lotutako alderdi batzuek kezka eragiten zioten unitate honi eta, hala, 2016an, zerbitzuan Humanizazio Batzordea sortu zen; erakunde honetan, mota horretako lehenengo batzordea bihurtuz. Lehenengo ekimenen artean, bisita-ordutegia luzatzea dago; inplikatutako hiru kolektiboei (pazienteak, profesionalak eta senideak) inkesta egin ondoren ezarritakoa. Inkesta horren emaitzak –ondoren, unitateko langileen burn-out sindromeari buruz egindako azterlan batekoekin batera– espezialitate horretako aldizkari zientifikoetako batean argitaratu ziren.

Bisita-ordutegia luzatzeaz gain, azken urte honetan hainbat ekimen ezarri dituzte, hala nola senideek pazientearen zainketetan parte hartzea edo senideentzako gida bat egitea. Gida horrek unitateko funtzionamenduaren eta bertako ekipamenduaren berri ematen die senideei eta, horrek antsietatea murrizten laguntzen die; bereziki ospitaleratze-unean. Bestalde, senideentzako atseden-gela egokitu egin da, erosoagoa eta lagunkoiagoa izan dadin, baita boxak ere. Pazienteen gaueko atsedena mesedetu da eta kutsadura akustikoa minimizatzeko neurriak hartu dira. Halaber, pazientearen ongizate eta onurarako protokolo ugari egin dira; esaterako, paseatzeko (sendatzeko balio duten paseoak), sedatzeko eta errehabilitatzeko protokoloa.

Galdakao-Usansolo Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateko talde osoak harrotasunez jaso du sari hau, izan ere, egindako bideari aitortza delako eta Unitatetik igarotzen diren pertsona guztien ongizatea hobetzeko balio duen egitasmoa delako. “Zainketa intentsiboak humanizatzeak pertsonak ardatz dituen zainketen alde egitea dakar”, adierazi du Ainara Arana Unitateko gainbegiraleak. Bestalde, Maite Estebanek, ZIUko erizaintzako laguntzaile eta Humanizazio Batzordeko kideak, hauxe esan du: “ziurtagiri hori pizgarria da ildo horretan lanean jarraitzeko eta, ZIUn, orain arte pentsaezinak ziren proiektu berriei ekiteko akuilu ere bada; adibidez, kontsulta bat sortzea unitatean alta eman zaien pazienteen eta haien senideen jarraipena egiteko: ZIU osteko sindromea kontrolatzeko eta zainketei buruzko hezkuntza emateko senideei. Virginia Arnaizek, unitateko medikuak baieztatu du “pazienteari arreta hobea eta hurbilagoa emateko balio izan duen diziplina anitzeko talde-lanari eta gure eguneroko ahaleginari saria da guretzat ziurtagiri hau”.

 

HU-CI proiektua

 

Proiektu hau diziplina anitzeko ikerketaren nazioarteko ekimen bat da. Zainketa Intentsiboen Unitateetan lan egiten duten fakultatibo eta erizaintzako profesionalek osatzen dute, eta estatuko zein nazioarteko elkarte zientifiko askoren berme zientifikoa dauka.

Xedea da zainketa intentsiboak humanizatzea, hau da, zainketa intentsiboen unitateetan arreta humanizatua ematea; horretarako, eguneroko jardunean estandarrak ezartzen dira eta horiek betetzen direla egiaztatu, hala eskatzen duten unitateetan.

Programa honek zortzi ildo estrategikotan banatuta dauden 160 neurri biltzen ditu guztira: Ate Irekien ZIU, Komunikazioa, Pazientearen ongizatea, Senideak bertan egotea eta zainketetan parte-hartzea, Profesionalaren zainketak, Zainketa intentsiboen osteko sindromea, Azpiegitura humanizatua, eta Bizitzaren amaierako zainketak.

Azkenik, Gabriel Heras-ek, HU-CI Proiektuaren zuzendari nagusiak, txalotu egin du Bizkaiko ospitale honetako ZIUko profesionalek "umiltasunez eta irmotasunez, bikaintasunerantz egindako ahalegin eredugarria eta etengabea. ZIU guztiok humanizazioaren H hizkia eraman beharko genukeen konbentzimenduz lan egin dute, gogotsu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko