qrcode

Artozalabal: “Lanean ari gara desgaitasuna dutenei justizia baldintza berdinetan eskuratzeko aukera bermatzeko”

2022-09-27
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gipuzkoako Foro Juridikoa irekitzeko ekitaldian parte hartu du, ‘más derechos para las personas con discapacidad’ izenekoan

 

Donostia, 2022/09/27

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gipuzkoako IV. Foro Juridikoaren irekiera-ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean. Ekitaldia El Diario Vasco egunkariak antolatu du, eta Más derechos para las personas con discapacidad izenburua du. Inaugurazioan, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakariak eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak ere parte hartu dute. Gainera, Arantxa Aldaz kazetaria, egunkariko Informazio burua, moderatzailea izan da.

Artolazabalek horrelako topaketei balioa eman die, “desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia eta borondatea errespetatzeko” balio dutelako, eta aukera ematen dietelako beren erabakiak hartzeko “eta beren gaitasun juridikoa gauzatzeko, behar dituzten laguntzekin”. Sailburuak adierazi duenez, “gizartea eta, bereziki, operadore juridikoak kontzientziatu behar ditugu desgaitasunen eta justiziarako sarbidearen arloan”.

Hitzaldian, sailburuak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko hitzarmenari buruz hitz egin du, eta esan du aldaketa bat ekarri zuela “aurreko erantzun gainbabeslearen aurrean”. Jarduteko modu berri hori, azaldu duenez, bi lege berritan islatu da: ekainaren 2ko 8/2021 Legean, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa erabiltzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala aldatzen duena; eta martxoaren 31ko 6/2022 Legean, irisgarritasun kognitiboaren kontzeptua zabaltzen duena.

“Lege berriaren arabera, desgaitasuna duten pertsonek gaitasun juridikoa dute. Horrenbestez, desagertu egin da lehengo desgaitasun-, tutoretza- eta ordezkaritza-sistema”, azaldu du. Eta onartu du “tutoretza-erakundeek egiten ari ziren lan nabarmena birplanteatzera behartu duela, orain laguntza judizialeko neurriez arduratzen baitira”. Sailburuak azaldu duenez, horrek aurreko ezgaitze-sententziak berrikustea ekarriko du. Prozesu hori 2024ko irailaren 3a baino lehen amaitu behar da, eta “epaitegietan unean uneko errefortzuak” beharko dira.

Ildo horretatik, Beatriz Artolazabalek jakinarazi duenez, Euskadiko Justiziako Plan Estrategikoaren (2021-2025) eta Pertsona ahulekiko Justizia atalaren esparruan, “ekintza-plan bat prestatzen ari gara, desgaitasuna duten pertsonak gainerako herritarren baldintza beretan Justiziara sartzea bermatzeko”. Eta, beste datu batzuen artean, esan du 80.000 pertsona inguru daudela Euskadin mendekotasun-egoeran, eta 140.000 pertsonak baino gehiagok %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutela aitortuta.

“Kontua ez da justiziarako beste sarbide bat erraztea. Unibertsalizatu egin nahi dugu, justizia bidezkoagoa eta gizatiarragoa lortzeko. Eta kasu bakoitzean haren pertsonen berezitasunei erantzutea”, argitu du.

Azkenik, sailburuak Euskadiko “elkarte-sare indartsua” ere goraipatu du, “Edeka plataformaren bidez sarean lan egitera ohitua”. Horregatik, diagnostikoan eta ekintza lerroetan lan egiteko eskatu die, desgaitasuna duten pertsonek beren gaitasun juridikoa modu autonomoan erabil dezaten.

Artolazabalek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Justizia eta DEsgaitasun Foroak bultzatutako lana ere aipatu du, baita CERMIk (Desgaitasunak dituzten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordea), Plena Inclusión, ASPACE eta abarrek egindako lanak ere.

“Datozen hilabeteetan, neurri egokiak diagnostikatzen eta diseinatzen lan egingo dugu, Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Fiskaltzaren babespean eta desgaitasunak lantzen dituzten foru-erakundeen eta hirugarren sektoreko erakundeen sarearen laguntzarekin”, ondorioztatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2022-09-28

    Historia handiko pertsonak egongo dira, eta konorterik eta mugarik ez dutenez, epeak preskribatzeari ere aurre egin beharko zaio.

  • Argazkia Xaver
    2022-09-28

    habrá personas con mucho historial de arreglo su falta de consciencia y limitaciones hace que incluso haya que luchar la prescripción de plazos

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Subijana (EAEANko Presidentea) ;Carmen Adán del Río (Euskadiko Fiskal Nagusia)