Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiren askatasun irudia zabal dezatela eskatu die Kontsulei

2011.eko azaroak 08

Eskerrak eman dizkie kontsulon herrialdeek terrorismoa garaitzen laguntzeagatik

Patxi Lopez lehendakariak Ajuria Enean hartu ditu gaur goizean Belgika, Hego Korea, Ekuador, El Salvador, Frantzia, Gabon, Grezia, Ginea, Italia, Maroko, Mexiko, Norvegia, Holanda, Pakistan, Portugal, Dominikar Errepublika, Hego Afrika, Suitza, Turkia, Uruguai eta Venezuelak Euskadin dituzten ordezkari kontsularrak, ETAk jarduera terroristak bertan behera utzi ondoren zabaldu den garai berria aztertzeko indar politiko eta erakunde sozialekin egin duen bilera errondaren barruan.

Bileran, lehendakariak ETA atzera egitera behartu duten arrazoiei buruz zer diagnostiko duen azaldu die kontsulei. Batez ere, ETAren biktimak buru direla, gizarteak terrorismoaren aurka izan duen erantzuna; polizia ezberdinen eta epaileen jardueraren eraginkortasuna; eta nazioarteko lankidetza. Zentzu horretan, berariaz eskertu du beste herrialde batzuk terrorismoaren kontra borrokatzen eta terrorismoaren planteamendu totalitarioei apurka-apurka zilegitasuna kentzen lagundu izana. “Euskadin ez da beste gatazkarik izan, ETAren jarduna eta ETA izatea baino”, azpimarratu du. Bestalde, adierazi du ETArena batez ere euskaldunen arazoa izan dela, eta batez ere euskaldunen irtenbidea izango duela, nahiz eta ezker abertzalea saiatu arazoa nazioartera zabaltzen eta behartutako erreferenteak bilatzen kanpoan.

Azkenik, lehendakariak eskatu die kontsulei laguntzeko beren herrialdeetan zabaltzen Euskadiren askatasun eta elkarbizitza garai berria, baita Euskadiren benetako irudia ere: Euskadi modernoa, xarma handikoa eta abegikorra da.  ETAren amaierak aukera emango du —eta ematen du dagoeneko— Euskadik indarkeriaren estigmarik gabeko irudia zabal dezan —izan ere, asko markatu gaitu estigma horrek kanpoan zein barruan— eta jakinarazi dezan elkarte berritzailea dela, bizi kalitate handia duela eta irekita dagoela inbertsio emankorrak eta turismoa jasotzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)