Lehendakariordeak Gizarteratzeko V. Planaren oinarriak aurkeztu ditu desberdintasun-arrakala berriak eteteko

2022-09-28
  •  Planaren asmoa da prestazioen eraginkortasuna handitzea, enpleguko pobrezia murriztea eta osasun-arloko desberdintasunei aurrea hartzea
  •  “Zerbitzuak eskain ditzaketenean zentratutako sistema batetik pertsonei eskaini behar diegunean zentratutako sistema batera igaro nahi dugu”, adierazi du Mendiak

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak Gizarteratzeko V. Planaren oinarriak aurkeztu ditu. Planaren helburua da prestazioen eraginkortasuna areagotzea, enpleguko pobrezia murriztea eta osasun-arloko desberdintasunei aurrea hartzea. “Zerbitzuek eskain dezaketena ardatz duen sistema batetik, pertsonei eskaini behar diegun horretan zentratutako sistema batera igaro nahi dugu”, azpimarratu du, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren Legearen inguruan adostasun zabala eskatu duen aldi berean. Lege hori Legebiltzarrean izapidetzen ari da.

Gizarteratzeko II. Jardunaldiaren inaugurazioan erakundeetako eta hirugarren sektoreko ordezkariek parte hartu dute, eta Lehendakariordeak gogorarazi du erronka dela inor atzean ez uztea Eusko Jaurlaritzaren programaren funtsezko printzipio gisa, hau da, “gure gizarteko kide bat ere ez dadila geratu atzean, ez bakarrik gutxieneko ongizate batetik, baizik eta gizartean eta lanean berrabiatzeko aukeretatik”, eta ez dadila ireki “bestelako egon desberdintasun-arrakalarik”.

Berak zuzentzen duen sailak konpromisoa hartu du “Euskadi kohesionatuagoa, enplegu hobea eta pertsona guztientzako aukera gehiago dituena lortzeko”, eta helburu horretan “buru-belarri dihardugu”. Hori dela eta, Lehendakariordeak legealdiko bi urteetan hori lortzeko egindako urratsak gogorarazi ditu. Ildo horretan, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren etorkizuneko Legea aipatu du. Lege hori egiteko, “gehieneko partaidetza izan da, eta ez dugu iritzi bakar bat entzun gabe utzi”, eta “jasotako ekarpen horietako asko lege horretan sartu ditugu”.

“Izan ere, ez gara konformatu eredu arinago eta errazago bat eraikitzearekin, ez eta errenta-eskubidea aitortua izatea merezi duten pertsonen eremua zabaltzearekin eta jasotzen dituzten zenbatekoak hobetzearekin ere, babesleku onena ez ezik, egungo eta etorkizuneko ziurgabetasun guztien aurrean gizarteratzeko palankarik onena ere izango den sistema bat diseinatu dugu, utzi egingo ez digutelako”, ziurtatu du; aldi berean, “talde parlamentarioek hirugarren sektorearekin lortu dugun adostasunean ere parte hartzea” espero du.

Gizarteratze Planari dagokionez, ziurtatu du harekin “zerbitzuak ardatz dituen sistema batetik, eskain daitekeenean zentratuta, pertsonak ardatz dituen sistema batera igaroko garela, eskaini behar diegun horretan zentratuta”. Hori izango da, gainera, datozen bost urteetako esparru estrategikoa.

Planaren zehaztapenak

Asteazken honetako jardunaldian, Donostiako Miramar Jauregian, Euskadin pobreziari aurrea hartzeko garatzen diren politikei buruzko hausnarketak egin dira, eta beste lurralde batzuetan garatutako esperientziak eta jarduera-ereduak ezagutu dira. Esparru horretan, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak Plan berri honen ildo estrategikoak azaldu ditu. Plana lantzen ari da Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordean, eta urtea amaitu baino lehen bidaliko da Legebiltzarrera.

Dokumentuak zenbait erronka eta emaitza ezartzen ditu, eta horiek ahalegina eskatzen dute inklusioarekin zerikusia duten politiketan gertatu behar diren aldaketa eta aurrerapen nagusiak modu adostuan lehenesteko, bai eta euskal biztanleriaren egoeran gertatu behar diren aldaketak batera definitzeko ere.

Plan horrekin lortu nahi diren emaitzen artean, Gurpeguik honako hauek nabarmendu ditu: prestazioen sistemaren eraginkortasuna handitzea; langabezia-tasak murriztea, bereziki luzaroko langabeziari loturikoak; enpleguko pobrezia eta DSBEren esparruan enplegua sustatzeko sisteman sartzen diren eta soldata txikiak dituzten biztanleen ehunekoa murriztea; etxebizitzako gehiegizko gastua murriztea, hau da, errentaren % 40 baino gehiago etxebizitza-gastuetara bideratu behar duen biztanleriaren ehunekoa; eta bizitegi-bazterkeria larria murriztea, hau da, kalean, aterpetxeetan eta egonaldi laburreko zentroetan bizi diren pertsonen kopurua murriztea.

Era berean, etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatu nahi da, sustapen publikoko alokairuko etxebizitzetan bizi diren pertsonen kopurua handituz, baita etxebizitzako prestazio ekonomikoa eskuratzen dutenena ere; gizarte-bazterkeriaren arloan gizarte-zerbitzuek jarduteko duten gaitasuna indartzea; pobrezia energetikoari aurrea hartzea, pobrezia hori pairatzen duen biztanleriaren ehunekoa murriztuz; eta osasunean dauden desberdintasunak prebenitzea, hilkortasunari, hautemandako osasunari, gaixotasun kronikoen prebalentziari eta osasun mentalaren egoerari dagokienez, errenta-maila desberdinak dituzten lurraldeen artean eta maila sozioekonomiko desberdinetako pertsonen artean.

Abiapuntuko datuak

Plana definitzeko, aldez aurretik premien diagnostiko bat egin da, eta horrek erakutsi du 2017an aurreko dokumentua egin zenetik gora egin dutela Euskadin gizarte-bazterkeria larriko egoerek (EAEko biztanleen % 9ri eragiten diote), baita pobrezia larrikoek ere (biztanleriaren % 6,1i eragiten diote, 2008an baino bi aldiz gehiago, nahiz eta BPGa handitu den). Gainera, desberdintasun-tasak igo egin dira, % 20 pobreenaren diru-sarrerak gainerako % 80ko diru-sarrerak baino askoz gutxiago hazi direlako.

Era berean, eta COVIDaren eragina gorabehera, jarduera- eta okupazio-tasek bere horretan jarraitzen dute, eta langabezia-tasek behera egin dute. Etxebizitza-eskariak behera egin du, baina igo egin dira etxebizitza erosteko eta alokatzeko prezioak, eta etxegabetze-kopuruak ere behera egin du, baina gora, itxuraz, etxegabetasun-egoerek. Diagnostikoaren arabera, gainera, osasunarekin, hilkortasunarekin eta hezkuntza-emaitzekin lotutako desberdintasun sozioekonomikoek bere horretan jarraitzen dute, desgaitasuna, generoa, adina eta jatorria oraindik ere arrisku-faktoreak dira pobreziari eta bazterkeriari dagokienez, eta 2015etik gora egin du etorkinen kopuruak, pandemiak migrazio-fluxuak moteldu baditu ere.

Plana abian jartzeko, esparru estrategiko bat ezarriko da, gizarteratzeko politiketan inplikatutako eragile guztien politikak bideratuko dituzten lehentasun, helburu eta gomendioekin, eta bi plan operatibo, bata 2023-24 aldirako eta bestea 2024-25 aldirako, administrazio publikoek eta hirugarren sektoreak sustatutako jarduera eta trakzio-proiektu espezifikoekin. Era berean, Lan eta Enplegu Sailak finantzaketa-lerro espezifiko bat antolatuko du proiektuak abian jartzea sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak