Beatriz Artolazabalek aitortzen du “urteak eta pedagogia” behar direla euskal espetxe-eredua finkatzeko

2022-09-26
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak balantze positiboa egin du euskal espetxeak kudeatzen emandako lehen urtean
  • Arabako espetxeak hirugarren sektoreko eta beste gizarte-eragile batzuetako hogeita hamar ordezkari baino gehiago biltzen dituen jardunaldia hartu du
  • Artolazabalek esan du presoek ez dutela “onurarik eta galerarik” izango euskal espetxeetan: “ETAkoak izan ala ez”

Langraiz Oka, 2022/09/26

Arabako Espetxeak Euskadiko eredu penitentziarioa eraikiz izeneko jardunaldia antolatu du gaur. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du. Harekin batera, Ana Agirre Justizia sailburuordea eta haren hiru zuzendari izan dira: Eugenio Artetxe (Justizia), Javier Landeta (Justizia Digitala eta Azpiegiturak) eta Jon Uriarte (Justizia Administrazioa), eta Jaime Tapia magistratua, Eusko Jaurlaritzako espetxe-arloko aholkularia, topaketako gidaria izan dena.

Hiru espetxeetako zuzendaritzak ere parte hartu du: Benito Aguirre (Araba), Vicenta Alonso (Bizkaia) eta Marian Moreno (Gipuzkoa), Lakuako Espetxe Zerbitzu Zentraletako arduradunak eta Gizarteratzeko eta Laneratzeko Aukerak Elkarteko arduradunak.

ESEN (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa) sarean bildutako gizarte-erakundeek parte hartu dute: Adap, Adsis, Arrats, Gurutze Gorria, Gizakia, Sartu, Sidalava, Susterra, Zubietxe eta Zubiko.

Jardunaldia bi zatitan banatu da. Lehenbizikoan Artolazabal sailburuak, Eugenio Artetxek, eta Zubiko Carmen Gonzálezek, ESEN izenean, parte hartu dute. Zati hori amaitzeko, Arabako espetxearen barneko bi pertsonak hartu dute parte, beraien eguneroko bizitza nolakoa den azaldu dute. Bigarren zatian, hitza eman zaie erakunde gehiagori eta espetxeen kudeaketan diharduten arloetako arduradunei.

Jardunaldiaren helburua Eusko Jaurlaritzaren espetxe-kudeaketaren lehen 12 hilabeteen balantzea eta bateratze-lana egitea zen.

Ildo horretatik jarraituz, Beatriz Artolazabal sailburuak hitza hartu du egindako ekintzen errepasoa egiteko. Sailburuak orain dela urtebete espetxeen kudeaketa bere gain hartu zutela onartu du, jakinik “bide luzea eta zaila zela, oztopo batzuekin, espero ziren batzuk eta fikziozko eta interesatutako beste batzuk; baina, aldi berean, ilusioz beteriko bidea eta parte berdinetan konprometitua”.

Artolazabalek hitz egiten jarraitu du esanez “euskal eredua espetxe-kudeaketaren eguneroko bizitzan finkatzea ez dela urtebetean lortzen den helburua, ezta legegintzaldi batean ere; urte asko beharko dira lanean, praktikan eta pedagogian, helburua lortzeko. Eta horretan ari gara”.

Sailburuak azaldu duenez, Euskal Espetxe Eredua erdi-askatasuneko erregimenen igoeran oinarritzen da, “Europako herrialdeen joerekin bat etorriz”, eta hainbat azterketek frogatu dute “erregimen horiekin pertsonen birgizarteratzean arrakasta handiagoak lortzen direla”.

Ildo horretan, jakinarazi duenez, orain arte 457 progresio eman dira hirugarren mailan, eta horrek “oso hurbil jartzen gaitu helburu gisa proposatu genuen % 40 horretatik”. Balantzearen datuen arabera, aurrerapen horien %5 (25) ETArekin lotutako presoei eman zaizkie.

Erdi-askatasuneko erregimeneko zigorrak betetzen laguntzeko, Artolazabalek azaldu du 12 etxebizitza gaitu direla (6 Araban, 3 Bizkaian eta 3 Gipuzkoan) bizitzeko baliabiderik ez duten edo horiek eskuratu ezin dituzten pertsonentzat; etxebizitza horiek hirugarren sektoreko zazpi erakundek kudeatzen dituzte.

80 pertsonak erabili ahal izango dituzte etxebizitza horiek eta erdi-askatasuneko erregimen batera iritsi ahal izango dira. Eta, era berean, baimen edo eguneko zentroetarako; beraz, beste 20 pertsona ere izan daitezke erabiltzaile.

Artolazabalek ere biktimei buruz hitz egin du, “gure ereduaren alderdi garrantzitsuenetako bat”. Eta horregatik iragarri du Justizia Errestauratiboaren Estrategia bultzatu dutela: “Biktimentzako eta biktimarioentzako errestauratibo-prozesuak abian jartzeko hasierako fasea hasi da, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuordetzekin koordinatuta, datozen hilabeteetan biktimekin eta biktimarioekin lantegiak hasi ahal izateko, betiere borondatezkotasunetik eta diskreziotik”.

Hitzaldian, sailburuak hitz egin du Gipuzkoako Espetxean gaitutako Amen Unitateaz; Berriztu programaz, gurasoak kartzelan dituzten adingabeei laguntza psikologikoa emateko; Osasunarekiko errefortzuaz, osasun mentalaren arreta areagotzeko, eta hiru zentroetan suizidioak prebenitzeko ezartzen ari den protokoloaz, besteak beste.

Halaber, aitortu du harreman “arina eta jarraitua” duela Fiskaltzekin eta Espetxe-zaintzako epaitegiekin, bai Euskadin, bai Auzitegi Nazionalekoekin, bai abokatuen hiru elkargoekin.

Gainera, aldundietako gizarte zerbitzuekin koordinatzearen berri eman du. “Dagoeneko onartu ditugu Arabako Foru Aldundiak historikoki finantzatzen zituen baliabide, programa eta jarduera guztiak, hala nola etxebizitzak eta espetxerainoko garraioa. Gipuzkoan ere ildo horretan ari gara lanean, urte amaieran hartu ahal izateko. Eta, Bizkaiari dagokionez, elkarrizketetan ari gara, aipatutako jarduerak gure gain hartzeko”.

Kudeaketaren lehen urtearen errepasoan, sailburuak hirugarren sektoreko erakundeen lana baloratu du eta Aukerak Laneratzeko Euskal Elkartearen datuak eskaini ditu. “331 langile izan ditu (296 gizon eta 35 emakume), eta lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu kanpoko bederatzi enpresarekin, 150 langile dituztenak (139 gizon eta 11 emakume). Eta, gainera, langileen ordainsariak hobetu egin dira”.

Azkenik, Beatriz Artolazabalek euskal espetxeetan ETArekin duten loturagatik askatasunik gabe dauden presoetaz hitz egin du.

“Dagoeneko ez dute zentzurik salbuespenek, ezta tratamendu kolektiboek ere. Presoek ez dute inolako onura edo galerarik izango euskal espetxeetan, ETArenak izan ala ez. Graduko aurrerapen guztiak onartzeko, dagokion Tratamendu Batzordearen banakako txosten profesionalak eta egunero preso bakoitzarekin lan egiten duten pertsona teknikoak hartuko dira kontuan. ETAkoak izan ala ez”, azpimarratu du.

Bestalde, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendariak bere hitzaldia baliatu du espetxean epe ertain eta laburrera aurreikusitako zenbait ekintza azaltzeko.

Eugenio Artetxe Justiziako zuzendariak, berriz, datozen hilabeteetan espetxeen arloan aurreikusita dauden zenbait ekintza azaldu ditu. Alde horretatik, Euskadiko Espetxeen Kudeaketarako Informazio Sistemen Plan Zuzentzailea eta Espetxeetako Azpiegituren Plana aipatu ditu, garapen fasean daudela ziurtatuz.

Artetxek adierazi duenez, “kontzientziazio-kanpaina bat egingo da udalerrientzat eta beste erakunde batzuentzat, komunitatearen aldeko lanetarako plazak egon daitezen bultzatzeko”, eta, aldi berean, hirugarren gizarte-sektorearen lana goraipatu du. Horren ildotik, “aurreko ekitaldian 500.000 eurotik 6.200.000 eurora” igo den aurrekontua aipatu du.

Prestakuntza eta enplegua ere areagotuko dira. “UNEDekin eta EHUrekin hitzarmenak sinatzeko lan egin dugu, espetxeetako unibertsitate-ikasketen arloan. Aukerak elkarteak, bestalde, euskal enpresa-sarearen lankidetzan sakontzen ari da, ikastetxeen barruan ekoizpen-lantegiak egon daitezen”, azaldu du.

Era berean, Artetxek iragarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioak uztailaren 18an, Nelson Mandelaren Nazioarteko Egunean, ezarri duela espetxeetako lanari balioa emateko eguna, Nazio Batuen gomendioari jarraituz. Horrela, 2023tik aurrera, uztailaren 18ko ospakizunek Merced Eguneko iraileko ospakizunak ordezkatuko dituzte. “2023tik aurrera, Nelson Mandelaren nazioarteko eguna aprobetxatuko da Euskadin, kartzelaratze-baldintza duinak sustatzeko, presoak gizartearen parte direla ohartarazteko eta presoen lana garrantzi bereziko gizarte-zerbitzu gisa baloratzeko”.

Hain zuzen ere, jardunaldiaren ondoren, ekitaldi instituzional bat egin da Merced ospatzeko Arabako espetxearen instalazioetan, eta hainbat pertsona, espetxeko langileak eta beste erakunde eta organismo batzuetako ordezkariak bildu ditu. Ekitaldian Benito Aguirre zentroko zuzendariak hitz egin du, eta Beatriz Artolazabal sailburuak hitz batzuk esan ditu, plantillaren lana goraipatuz eta birgizarteratzearen garrantzia berriro defendatuz.

“Gaur eskerrak eman nahi dizkizuegu talde-lanean buru-belarri aritzen zareten pertsona, erakunde, sail eta erakunde guztiei”, esan die.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jaime Tapia (Espetxeetako aholkularia)