Berriak Osasuna
qrcode

Arriskuko populazioak gripearen eta Covid-19-aren aurkako txertoa jartzeko hitzordua hartu ahalko du datorren astelehenean, irailaren 26an

2022-09-23
  • Gripearen eta COVID-19aren aurkako aldi bereko txertaketa-kanpaina datorren irailaren 26an hasiko da egoitzetan, eta gainerako herritarrekin urriaren 3an hasiko da. “Bai, txertoa jarriko dugu!” izango da kanpainaren lema
  • Hitzordua hartzeko bi bide gaitu dira: Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz
  • Euskadik, gaur egun, 651.500 dosi ditu gripearen aurka eta 129.600 COVID-19aren aurka; biak prestatu dira anduien aurrean babes handiagoa bermatzeko
  • Osasuneko Sailburuak azpimarratu du nolako garrantzia duen maskara erabiltzeak, bereziki arnas sintomarik izanez gero

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur, gripearen eta COVID-19aren aurkako 2022rako txertaketa-kanpaina aurkeztu du; datorren astelehenean hasiko da, irailaren 26an, adinekoen egoitzetan. Astelehen horretatik aurrera, arrisku-taldeetako pertsonek hitzordua hartu ahalko dute Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz, eta urriaren 3tik aurrera emango zaie hitzordua. Txertoa jarri nahi duten gainerako herritarrek azaroaren 1etik aurrera jarri ahalko dute.

Aurten, “Bai, txertoa jarriko dugu!” izango da kanpainaren lema, bi birus horiek eteteko tresnarik onenaren aldeko asmo-deklarazioa, erabat, Sailburuak azaldu duenez. Sailburuarekin batera, Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria eta Enrique Peiró Gripearen Aurkako Kanpainaren koordinatzailea izan dira agerraldian.

Kanpainaren helburua da pertsona kalteberenen banako osasuna babestea, baina baita osasun kolektiboa zaintzea ere. Hala, Osakidetzak, iaz egin zuen bezala, herritarrei gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak eskainiko dizkie, aldi berean, eta konplikazio gehien jasateko arrisku handiena duten kolektiboei ematen hasiko da. Txertoa jarri nahi duten gainerako herritarrek azarora arte itxaron beharko dute hitzordua hartzeko.

Nor dago arrisku-taldeetan?

  • 65 urtetik gorakoak
  • gaixotasun kronikoak dituztenak, hala nola diabetesa, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, kardiopatiak, etab.
  • haurdun dauden emakumeak
  • eta osasun-arloko eta eremu soziosanitarioko profesionalak

Non eta noiz emango du txertoa Osakidetzak?

Datorren astelehenean, irailaren 26an, egoitzetan bizi diren pertsonentzako txertaketa hasiko da.

Gainerako herritarrei dagokienez, txertaketa Osakidetzaren osasun-zentroetan izango da, ohikoa den bezala. Txertaketa urriaren 3an hasiko da, arrisku-taldeekin, eta nagusienak lehenetsiko dira, 80 urtetik gorakoak.

Ondoren, azken urteotan egin den bezala, azaro-hasieratik aurrera, gainerako herritarrek txertoa jarri ahal izateko hitzorduak ematen hastea aurreikusten da. Gripearekin hala izango da, eta COVID-19arekin, Osasun Publikoko Batzordeko langile adituen jarraibideak beteko dira.

Aldi berean, kolektibo sanitarioaren eta soziosanitarioaren txertaketa dago antolatuta.

Nola eskatu hitzordua?

Hasiera batean, lehentasuna emango zaie arrisku-kolektiboetako pertsonei. Hori dela eta:

  • Arrisku-kolektibokoa bazara: eskatu hitzordua Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz. Datorren astelehenetik aurrera, irailaren 26tik aurrera.
  • Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: itxaron azaroaren 1era arte. Hitzordua eskatu ahalko duzu web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz. Kolektibo horrek urriaren 17tik aurrera hartu ahalko du hitzordua.

Osakidetzak, era berean, enpresei eskaintzen die aukera, haren prebentzio-zerbitzuen bidez, gripearen aurkako txertoak eskuratzeko eta haiek langileei txertoa jartzeko.

Bai, txertoa jarriko dugu!

Aurtengo kanpainaren lema “Bai, txertoa jarriko dugu!” izango da Mezu horren bidez, Osasun Sailak Euskadiko herritarrak txertoa jartzeko beharraz ohartarazi nahi ditu.

Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak azaldu duenez, baliteke azken bi denboraldietan herritarrak gripearen birusaren eraginpean egon ez direnez, immunitate naturalaren zati bat galdu izana eta horrek gripearen birusa gehiago zabaltzeko bide ematea. Aldi berean, Larizgoitiak gogorarazi du pasa den udazkenean COVID-19aren aldaera berria iritsi zela Euskadira eta birusa asko hedatu zela eta kutsadura-kotak oso altuak izan zirela. Azaldu duenez, Osasun Sailak eginiko azterlan batean, oroitzapen-dosiaren eraginkortasuna aztertu zen 2021eko azaroaren eta 2022ko otsailaren aldian, eta ondorioztatu zen oroitzapen-dosi horri esker ospitale eta ZIUetako ospitalizazioen % 70 ekidin zirela. Hilean 600 ospitalizazio ekidin ziren, 100.000 biztanleko.

Txertoen kopurua eta ezaugarriak

Gripeari dagokionez, Euskadik 651.500 dosi jaso ditu, guztira, eta kopuru hori handitu egin daiteke, 781.800era arte.

  • Laubalioko txertoa (Fluarix Tetra®): 000 dosi. Babesa ematen du B gripearen aurrean eta gripearen 3 andui ohikoagoen aurrean. Hala, gripearen kasuak murrizten lagunduko luke, bai eta gripeari lotutako ospitalizazio- eta heriotza-tasak jaisten ere.
  • Gripearen aurkako laubalioko txertoa, birus zatikatu eta inaktiboen karga antigeniko altukoa (Efluelda®), 65 urteko edo gehiagoko pertsona instituzionalizatuentzat.

COVID-19aren aurkako oroitzapen-txertoak ere bilakaera izan du; izan ere, dauzkagun txertoek eta iritsiko direnek omicron anduiaren aurkako babesa ere ematen dute. Momentuz, Euskadik 129.600 dosi ditu COVID-19aren aurka, eta kopuru hori handitzen joango da datozen asteetan. Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, 370.000 txerto inguru konprometituta daude Euskadirentzat.

Babesa: maskaren erabilera

Gotzone Sagardui Sailburuak gogorarazi du txertoa gripeari eta COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-neurri eraginkorrena dela. Hala ere, gogorarazi duenez, eskuak sarri garbitzea eta maskara erabiltzea neurri errazak dira eta haiek ere babesa eman dezakete. Gotzone Sagarduik maskara erabiltzeko eskatu du, bereziki arnas sintomak dituztenek.

Kasuistika zehatzei buruzko zalantzak

Osasun Sailak eta Osakidetzak ohiko galdera batzuk prestatu dituzte, herritarren zalantzei zehatz erantzuteko. Ikus galde-erantzunak hemen: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/2022eko-gripearen-aurkako-txertaketa-kanpaina/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak