Sestao Berrik etxebizitza birgaitzeko bulegoa ireki du, Europako laguntza ekonomikoak izapidetzeko

2022-09-22

Sozietate publikoak komunitateei eta partikularrei beren dirulaguntza-ildoak kudeatzeko informazioa eta laguntza emango dieten bi pertsonarekin sendotu du bere taldea

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Sestaoko alkate Ainhoa Basabek gaur, osteguna, prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, Sestao Berri sozietate publikoak –Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak % 50eko partaidetza du sozietate horretan– hartuko ditu bere gain Birgaitze Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzailearen eskumenak Europako Next Generation EU funtsen eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez etxebizitzak eta eraikinak energia-arloan birgaitzeko laguntzak izapidetzeko.

Horrek esan nahi du beren etxebizitzan energia-birgaitzeko obrak egin behar dituen jabeen edozein erkidegok edo edozein partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango duela abian jarri diren laguntza-ildoei buruzko informazioa lortzeko eta laguntza horiek bertan izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza batera joan beharrik gabe.

Dirulaguntza horien helburua da trantsizio berdea, deskarbonizazioa, energia-efizientzia eta energia berriztagarrien hedapena sustatzea, eta, bereziki, eraikitako parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak hiri-esparruetan zein landa-esparruetan bultzatzea (energiaren eta jasangarritasunaren esparruan ahalik eta asmorik handiena ziurtatuz) eta, aldi berean, eraikinen kalitatea, kontserbazio-egoera, irisgarritasuna eta digitalizazioa hobetzen lagunduko duten jarduketa integralak sustatzea.

Sestaoko udalerriak Ezkerraldeko etxebizitza-parkerik zaharrenetako bat du. Duela 100 urte baino gehiago eraiki ziren familia bakarreko eraikin eta etxebizitza ugari daude, eta gainerako eraikin gehienak 1979. urtearen aurrekoak dira. Horrek bertako biztanleen bizi-kalitatean eragina duten hutsune larriak eragin ditu, eta, haien artean, isolamendu termikoaren gabezien ondoriozko energia-efizientzia urria azpimarratu behar da. Horregatik, dirulaguntza horiek aukera paregabea eskaintzen diete herritarrei beren etxebizitzak energetikoki birgaitzeko eta etxebizitza erosoagoak izateko.

Sestao Berrik bi pertsona kontratatu ditu –teknikari juridiko bat eta aparejadore bat– Birgaitze Bulegoa kudeatzeko. Aurreikusitakoaren arabera, datozen egunetan hiru bilera egingo dira udalerrian finken administrazioan diharduten enpresekin, arkitekturaren arloko eta eraikuntzaren arloko profesionalekin eta birgaitze-enpresekin, baliabide horren berri emateko eta birgaitze-obrak finantzatzeko gaitu diren dirulaguntza berriei buruzko informazioa emateko.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programa horrek 39,1 milioi euroko aurrekontua du hasieran, eta beste 47,2 milioi euro daude konprometituta datozen hilabeteetarako. Zenbateko horiek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Udalak birgaitze-jarduketak bultzatzeko emandako laguntzei gehitu behar zaizkie.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azpimarratu duenez, “laguntza hauen bidez, euskal herritarrek aukera ona dute beren bizi-kalitatean eta hornikuntzen kostuari lotutako aurrezpenean jauzi kualitatibo bat egiteko, beren etxebizitzen eta bizitegi-eraikinen energia-birgaitzeari esker. Gainera, Sestaoren kasuan, informazioa eskatzeko Sestao Berriren bulego bat hurbil izateak lagundu egingo die prozesuan”.

Sestaoko alkate Ainhoa Basabek, bestalde, dei egin die herritarrei aukera balia dezaten: “Europako funts horiek aukera historikoa dira ikuspuntu ekonomikotik familientzat garestiak diren obra horiek egiteko; horregatik, auzotarrak animatu nahi ditugu Sestao Berrira hurbiltzera, informazioa jaso dezaten eta eraikina edo etxebizitza efizientzian eta jasangarritasunean oinarritutako irizpideei jarraikiz berritzeko urratsa egin dezaten”.

Azkenik, Sestao Berri sozietate publikoko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadok azpimarratu duenez, “birgaitze-bulegoaren eta erakunde laguntzailearen zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak herritarrengandik hurbil irekitako leihatila bat da, energia-birgaitzerako laguntza handiak Sestaoko ahalik eta etxebizitza gehienetara irits daitezen, gure egungo parke eraikia hobetu ahal izan dezagun eta parke hori efizienteagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin”.

Honako hiru laguntza-ildo hauek eska daitezke:

Etxebizitza-eraikinen energia-efizientzia hobetzeko programa

Ildo honek hiri-esparruetako zein landa-esparruetako etxebizitza-eraikinen, familia biko edo atxikitako etxebizitzen eta familia bakarreko etxebizitzen elementu komunetan energia-efizientziaren hobekuntza egiaztatuko duten obrak ditu ardatz.

Eraikuntza-inguratzailea babestea eta diseinu eta eraikuntza-teknika zirkularrak erabiltzea bultzatu nahi da, egokitzeko ahalmenarekin hasi eta berrerabilerarekin eta birziklatzearekin amaitzeraino. Laguntzak eskatzeko, beharrezkoa izango da eraikinen azaleraren % 50, gutxienez, bizitegi-erabilerakoa izatea, jabeen erkidegoaren adostasuna izatea, higiezina 2000. urtekoa baino lehenagokoa izatea eta aurretik eraikinaren azterketa teknikoa egitea. Programak kanpoan uzten ditu hutsik, aurri-egoeran edo zati batean eraitsita dauden eraikinak.

Energia-efizientzia hobetzeko, beharrezkoa izango da energia primario ez-berriztagarriaren (gasa, ikatza) kontsumo-adierazlea gutxienez % 30 murriztea eta, Sestaoren kasuan, eraikinaren edo familia bakarreko etxebizitzaren berokuntza- eta hozte-eskaria % 25 murriztea. Amiantoa duten elementuak kendu behar direnean, gehieneko zenbatekoak 1.000 eurora bitarte igoko dira etxebizitza bakoitzeko, edota 12.000 eurora bitarte eraikin bakoitzeko. Jarduera guztiak 26 hilabeteko epean egikaritu beharko dira, dirulaguntza ematen denetik aurrera zenbatzen hasita, betiere 2026ko ekainaren 30a baino lehen.

Ildoaren ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak:

Eraberritzearekin lortutako energia-aurrezpena

Laguntza gisa emango den eraberritzearen guztizkoaren gehieneko ehunekoa

Etxebizitza bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa

% 30 edo gehiago, % 45era bitarte

40

6.300 euro

% 45 edo gehiago, % 60ra bitarte

65

11.600 euro

% 60 edo gehiago

80

18.800 euro

Programa zehatz honetan, kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonentzako eta bizikidetza-unitateentzako laguntza espezifikoak jarriko dira abian, haien erkidegoak energia-birgaitze bat egitea erabakitzen duenean. Kolektibo horretan sartzen dira, alde batetik, 65 urtetik gorako adina duten, mugikortasun urritu edo sentsorialagatiko desgaitasuna duten eta urteko 25.000 euro haztatu baino gutxiagoko bizikidetza-unitateen parte diren pertsonak, eta, bestetik, gehienez 12.000 euroko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten familiak. 

Laguntzaren gehieneko zenbatekoak kalteberatasun-mailaren araberakoak dira, eta maila hori errenta-mailaren, bizikidetza-unitateko kideen kopuruaren eta lortutako energia-aurrezpenaren arabera ezartzen da.

Energia-aurrezpena

% 25eko kalteberatasuna

% 50eko kalteberatasuna

% 100eko kalteberatasuna

% 30-% 45

8.663 euro

11.025 euro

15.750 euro

% 45 edo gehiago, % 60ra bitarte

13.162 euro

14.723 euro

17.846 euro

% 60 edo gehiago

19.975 euro

21.150 euro

23.500 euro

Etxebizitzen energia-efizientzia hobetzeko programa

Ildo hau elementu pribatiboetan energia-efizientzia hobetzeko obretara bideratzen da, bai etxebizitzetan, bai ohiko bizileku iraunkorrak diren etxebizitza-erabilerako lokaletan (lan- edo osasun-kontuengatik hutsik daudenak barne), betiere obra horiek berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskaria gutxienez % 7 murrizten badute eta energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa gutxienez % 30 murrizten badute. Inguratzaile termikoaren eraikuntza-elementuak aldatzeko jarduketak ere diruz lagunduko dira.

Laguntza etxebizitza bakoitzeko gutxienez 1.000 euroko kostua duten eraberritzeetarako emango da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa guztizkoaren % 40 izango da, 3.000 euroko mugarekin. Obrak egikaritzeko epea 12 hilabetekoa izango da gehienez, laguntza ematen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Birgaitzeko dokumentazio teknikoa landu edo egokitzeko edota proiektu teknikoak idazteko programa

Birgaitzeko dagoen Eraikinaren Liburua (higiezinaren egoera ezagutzeko beharrezkoak diren dokumentuak) sortzera eta energia-eraberritze esanguratsuak eta kalitate handikoak egiteko birgaitze integraleko proiektu teknikoak garatzera bideratutako laguntzak dira. Liburu horren barruan, besteak beste, eraikina hobetzeko jarduketa-plan bat txertatuko da, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa % 30 aurrezteko neurriekin.

Dirulaguntzak 700 eurotik (gehi 60 euro etxebizitza bakoitzeko) 1.100 eurora (gehi 40 euro etxebizitza bakoitzeko) bitartekoak izango dira Eraikinaren Libururako, % 50eko igoerarekin Eraikinen Ikuskapen Teknikorik ez badago, eta 4.000 eurotik (gehi 700 euro etxebizitza bakoitzeko) 12.000 eurora (gehi 300 euro etxebizitza bakoitzeko) bitartekoak, birgaitze integraleko proiektu teknikoen kasuan.

Programa guztietan, profesionalen ordainsariak txertatzeko aukera jasotzen da, hala nola obra-zuzendaritza, proiektuen idazketa eta abar, eta ez dira sartzen lizentziak, tasak, zergak edo tributuak, ezta lurzoruaren edo eraikinen zatien eskuratzeak ere.

Sestao Berriren Birgaitze Bulegoan ordua eskatzeko, 944 064 460 telefono-zenbakira deitu behar da, edota Internet bidez eskatu behar da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-citavivi/es/aa14aUIWar/housing/aa14aSolicitud.jsp?lang=es.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Luiscar Delgado, Sestaoberriko zuzendaria, eta Ainhoa Basabe, Sestaoko alkatea