Berriak Osasuna

OSAKIDETZAK IURRETAKO ETA SAN MIGELGO KONTSULTATEGIETAKO ADMINISTRAZIO-EREMUAK BERRITU DITU

2022-09-21

212.433,21 euro inbertitu dira bi osasun-zentroetan herritarrentzako arreta-eredu hurbilagoa, integralagoa eta pertsonalizatuagoa garatzen jarraitzeko.

Osakidetza lanean ari da talde-lanean oinarritutako arreta eskaintzeko. Horrela, Lehen Mailako Arretako profesional bakoitzak herritarren beharrizan ezberdinei erantzun diezaieke.

 

 

Osakidetzako Iurretako eta San Migelgo (Basauri) kontsultategiek administrazio-eremu berritua eta eguneratua daukate, Bizkaiko bi udalerri horietako bizilagunei ematen zaien arreta hobetzeko. Obra hau ez da berrikuntza puntual bat; Osakidetzaren estrategia korporatiboari erantzuten dio, arreta-eredu hurbilago, integralago eta pertsonalizatuagoa garatzeko.

 

 

Osakidetzak 212.433,21 euro inbertitu ditu bi administrazio-eremu horiek berritzeko, eta argiztapena, konfort akustikoa eta ingurune lasai, atsegin eta eguneratua eskaintzen duten materialak kontuan hartu dituzte. Helburu hori lortzeko, aldaketa nagusietako bat ohiko mostradoreen ordez mahaiko arreta-guneak jartzea izan da, horrela, erabiltzaileari esertzeko eta arreta gizatiarragoa eta pertsonalizatuagoa jasotzeko aukera ematen zaio, konfidentzialtasuna ere bermatuko duena. Era berean, call center eremua ere badago, ahal den neurrian telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa bereizteko.

 

 

TALDE-LANA

 

Diseinu horrek arreta-eremuak  Eskariaren kudeaketa-eredutik eratorritako premia berrietara egokitzen ditu, Lehen Mailako Arreta osatzen duten profesionalen talde-lanetik eratorritako beharretara, hain justu. Osakidetzak biztanleriaren beharrak identifikatzen ditu, eta horiei, ahalik eta modu eraginkorrenean irtenbidea emango dien profesional egokienarengana deribatzen. Horrek esan nahi du profesional bakoitzak –administrazio-arloan lan egiten dutenak barne– gaitasuna daukala herritarrari kalitatezko arreta emateko.

 

Osakidetzak azpimarratu du administrazio-arloek bitartekaritza-lana egiten dutela eta erabiltzaileei erraztasunak ematen dizkietela; izan ere, egin daitezkeen izapide guztiak ebazten dituzte eta eskaerak dagokion zerbitzura bideratzen dituzte. Modu horretan, arreta integratua eta jarraitua ahalbidetzen da eta erantzun eraginkorra ematen.

 

 

ADMINISTRAZIO ARLOKO LANGILEAK: ZERTAN LAGUN ZAITZAKE?

  • Hitzorduak zure beharraren arabera kudeatzen dituzte. Behar duzuna zehazten badiezu, lana erraztuko diezu eta zure egoerari irtenbidea ematen lagunduko dizute.
  • Zure kontsultak eta probak bideratzen dituzte, bai osasun-zentroan, bai erreferentziako ospitalean.
  • Osasun-arretarekin eta -zerbitzuekin zerikusia daukan guztiari buruzko informazioa eman diezazukete, baita zure osasun-zentroan edo erkidegoan garatzen diren osasun-programei buruzkoa ere.
  • Behar dituzun izapide administratiboak errazten dituzte (laneko baja- edo alta-parteekin, medikazioarekin, kontsulta-orriekin, osasun-txartelarekin edo osasun-karpetarekin lotutakoak).
  • Helarazi nahi dituzun iradokizunak edota erreklamazioak jasotzen dituzte.

 

 

IURRETAKO ETA SAN MIGELGO KONTSULTATEGIEN EZAUGARRIAK

 

Iurretako eta Basauriko San Migelgo kontsultategietan egindako obra horiek Lehen Mailako Arretako Azpiegiturak Berritzeko Planean jasota daude. Plan horrek, 2021ean, 14 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu Osakidetza osoan, osasun-zentroak berritzeko eta ekipamendu berriak eraikitzeko.

 

Iurretako kontsultategiak –Durangoko Lehen Mailako Arretako Unitateari dagokionak– inguruko 4.355 pertsonari ematen dio zerbitzua. Osasun-zentroak 347 metro karratu erabilgarriko azalera dauka guztira, solairu batean banatuta, eta Erizaintza, Pediatria eta Familia Medikuntzako zerbitzuak dauzka. Urtean 41.487 kontsulta artatzen ditu (20.589 medikoak, 3.104 pediatriakoak eta 17.794 erizaintzakoak).

 

Basauriko San Migelgo kontsultategiak –Basauri-Kareagako Lehen Mailako Arretako Unitateari dagokionak– inguruko 4.444 pertsona ingururi ematen dio arreta. Osasun-zentro honek 564,14 metro karratu erabilgarriko azalera dauka guztira, 3 solairutan banatuta (2 asistentzialak eta sotoa), eta Erizaintza, Pediatria eta Familia Medikuntzako zerbitzuak dauzkate. Guztira, 39.022 kontsulta artatzen dira urtean (20.827 medikoak, 2.703 pediatriakoak, 15.058 erizaintzakoak eta 434 administrazio-arlokoak).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau