eLankidetzak GGKE-etan genero ekitatearen aldeko planak garatzeko laguntzak handitu ditu

2022-09-21
  • 433.000 euro emango ditu dirulaguntzetan eta aurkezteko epea urriak 21ean bukatuko da

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean dagoena, deialdia egin berri du Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) funtzionamendu maila guztietan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ezabatzeko prozesuak eta ekintzak susta ditzaten, baita antolaketa-kulturari lotutakoak ere. Guztira, 433.000 euro bideratuko dira eta eskaerak tramitazio elektroniko bidez aurkeztuko dira irailaren 22tik aurrera eta hilabeteko epearekin.   

eLankidetzak urtero deialdi bat egiten du erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak egiteko, oinarrizkoa baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen aurkako borrokan. Deialdia prozesuaren lau faseetara zuzenduko da ─diagnostikoa, genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plana, plana ezartzea eta ebaluazioa─ eta bakoitzak dirulaguntza zehatz bat izango du.

Prozesuak bideragarri egiteko, erakundeei eskatzen zaien baldintzetako batzuk honako hauek dira: zuzendaritza-taldeak prozesuen genero egituretan nahitaez parte hartu behar izatea; sortutako genero-egiturak fase guztietan eusteko konpromisoa, eta erakundeak soldata bat baztertzea generoko pertsona erreferentearentzat. 2018tik, berez, prozesua aurrera eramango duen pertsonaren soldataren zati bat barneratzeko aukera jasotzen da deialdian; izan ere, genero ekitatearen aldeko aldaketa guztiak gauzatzeko beharrezkoa da erakundearen erabateko inplikazioa.

Berdintasuna eLankidetzaren oinarritako bat da, eta genero ekitatearen aldeko antolaketa prozesuetarako laguntzetan ez ezik, pobretutako herrialdeetako erakunde feministei eta emakumeak ahalduntzeko proiektuei emandako babesean ere islatzen da. Aurten laguntza handitzearen arrazoi nagusia da, iaz 218.480 euro eman zirela zazpi erakunderi,  eta funtsak agortu zirenez, sei kanpoan geratu ziren.

GGKEetan Berdintasuna bultzatzeko egiten diren ekintzen artean, besteak beste daude prestakuntzak; esperientziak trukatzea Euskadiko zein beste lurraldeetako erakundeen artea, Hegoaldekoak barne, edo maskulinitate berrien, sexu aniztasunaren edo lidergo eraldatzaileen inguruko lana.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak